Ezagutzak trukatzeko foro honetan, iktusen tratamenduaren fase akutuan zein azpiakutuan diharduten profesionalak bilduko dira. Ekitaldia ekainaren 2an izango da Aita Menni Ospitaleko irakaskuntza gelan.
Aita Menni Ospitaleko Ahizpen Kalte Zerebraleko Zerbitzuak ezagutza trukatzeko jardunaldi berean bilduko ditu iktusaren tratamenduaren fase akutuan eta azpiakutuan diharduten osasun arloko profesionalak. “Aurrerapenak iktusen arreta sanitarioan” izenburupean, topaketa ekainaren 2ko goizean izango da Aita Menni Ospitaleko irakaskuntza gelan.
Jardunaldia medikuntzako profesionalei eta arretarekin lotutako beste diziplina batzuetako profesionalei zuzenduta dago, hala fase akutuan nola errehabilitazio fasean dihardutenei. Izen ematea librea da, baina interesdunek mezu bat bidali beharko diote Josune Azkoagari leku bat gordetzeko: Jazcoaga.aitamenni@hospitalarias.es, izen-abizenak, titulazioa, lantokia eta telefono zenbakia adierazita. Posta bueltatuta baieztatuko dira lekuak. Kudeaketa 943 71 19 16 telefonora deituz ere egin ahal izango da. Luzapena: 1960.
“Iktusaren fase akutuan duela hamarkada bat pentsaezinak ziren aurrerapenak gertatzen ari dira. Iktusa, tratamendurik gabeko patologia bat izatetik, neurorradiologoak, neurologoak, intentsibistak eta neurokirurgialariak gaixotasunaren historia naturala aldatzen ari diren alor bat izatera igaro da. Ebakuntza horiek -fibrinolisiak, tronbektomiak, kraniektomiak eta kraneoplastiak iktus gaiztoetarako- biziraupena hobetzen eta sekuelak murrizten ari dira”, dio Aita Menni Ospitaleko Kalte Zerebraleko Zerbitzuko zuzendari Jose Ignacio Quemadak.
Ospitaleko Ahizpen Kalte Zerebraleko Menni Sarearen arduraduna den Quemada doktoreak nabarmendu du neuroerrehabilitazioa ere garapen bizkorra izaten ari dela. “Diziplina anitzeko zerbitzu espezializatuak sortzearekin batera, errehabilitazio prozesu guztietarako lagungarria den teknologia iritsi da”, azpimarratu du. Hori dela eta, jardunaldiaren bigarren mahaian soluzio robotikoen aukera, elektroestimulazio teknikak eta disfagia ebaluatzeko eta tratatzeko moduak jorratuko dira, disfagia baita iktusaren ondoren maiz geratzen den sekuela bat.
Quemada doktorearen iritziz, “etorkizun hurbilean esku hartzeko ibilbideak eta protokoloak garatu beharko ditugu, bai fase akuturako bai errehabilitazio faserako. Honelako foroek lankidetza eta koordinazio prozesuak errazten dituzte”.
Ekitaldian, iktusaren tratamenduaren fase akutuan eta azpiakutuan diharduten hainbat ospitaletako profesional ospetsuak bilduko dira. Erakunde antolatzaileak ezagutzak trukatzeko foro gisa sortu du, fase oso goiztiarrean lan egiten dutenek errehabilitazio baliabideak eta teknikak ezagutu ditzaten, eta alderantziz, errehabilitazioan dihardutenak ohitu daitezen paziente asko errehabilitazio prozesuetara iristeko edo errehabilitaziorik gabe sendatzeko aukera ematen duten tratamenduetara. Kafearen etenaldian eta luntxaren ondoren, ahal den neurrian, izena eman duten pertsonek bisitaldi bat egin ahal izango dute Aita Menniren Kalte Zerebraleko Zerbitzuko errehabilitazio gailu robotikoak dauden instalazioetara.
Programa -PDFa hemen deskarga daiteke eta argazkian klikatuz- 9:15etik aurrera izango da, ondoren zehazten den moduan:
AURKEZPENA
Mikel Tellaeche jauna. Aita Menni Ospitaleko zuzendari gerentea
Manuel Martin doktorea. Aita Menni Ospitaleko zuzendari medikoa
1. MAHAIA:
TRATAMENDU BERRIEN ETA LAGUNTZA EMATEKO MODUEN ERAGINA FASE AKUTUAN
Koordinatzailea: Leire Ortiz doktorea. Mediku errehabilitatzailea Gurutzetako Ospitalean
- Iktus Unitateen oraina eta geroa
Maite Martinez Zabaleta doktorea. Donostia Ospitaleko Iktus Unitateko koordinatzailea, Donostia Ospitaleko zuzendariordea
- Fibrinolisiak iktusaren tratamenduari egiten dizkion ekarpenak
Maria del Mar Freijo doktorea. Gurutzetako Ospitaleko Iktus Unitateko eta Biocruces-Bizkaia OIIko Talde Neurobaskularreko koordinatzailea
- Neurokirurgiak iktusa artatzean betetzen duen zeregina
Alejandro Carrasco doktorea. Neurokirurgiako atalburua Gurutzetako Ospitalean
- Tronbektomiaren horizonte terapeutikoak.
Jose Angel Larrea doktorea. Neurorradiologoa Donostia Ospitalean
2. MAHAIA:
NEUROERREHABILITAZIOAREN ZERBITZURA DAGOEN TEKNOLOGIA
Koordinatzailea: Begoñe Belarrinaga doktorea. Debagoieneko ESIko eta 051 Arabako ESI neurologoa eta Neuroekin Klinikako zuzendari medikoa
- Teknologia orekaren eta martxaren errehabilitazioaren zerbitzura
lris Jakob doktorea. Tyromotioneko koordinatzaile zientifikoa
- Disfagiaren ebaluazioa eta errehabilitazioa
Elena Carvajal doktorea. Kalte Zerebraleko Unitateko mediku errehabilitatzailea. Disfagiako lantaldea. Gorlizko Ospitalea
- Estimulazio zerebralaren oraina eta geroa iktusak errehabilitatzeko prozesuetan
Juan Pablo Romero doktorea. Neurologoa Beata Maria Ana Ospitalean eta ikertzailea Francisco de Vitoria Unibertsitatean
- Goiko adarraren errehabilitazioa
Juan Marin doktorea. Aita Menni Ospitaleko mediku errehabilitatzailea