Kanarietako artxipelagoko 80 espezialista baino gehiago elkartu zituen topaketako hizlarietako bat izan zen. Aita Menni Ospitalearen Kalte Zerebraleko Zerbitzuko mediku errehabilitatzaile eta zentroko zaintza teknologikoaren eta teknologia berrien ezarpenaren arduradun gisa, eraginkortasun handiena erakutsi duten teknikak azaldu zituen, besteak beste, terapia robotikoa.
Medikuntza Fisikoko eta Errehabilitazioko Kanarietako Elkarteak (Socarmef) joan den astean egin zuen 26. Biltzarra, San Cristobal de La Lagunan (Tenerife), iktusaren osteko errehabilitazioa ardatz nagusitzat hartuta. Aita Menni Ospitalearen Kalte Zerebraleko Zerbitzuko mediku errehabilitatzaile Juan Ignacio Marin doktorea izan zen topaketako hizlarietako bat, artxipelagoko 80 espezialista baino gehiago elkartu zirelarik.
‘Goiko gorputz adarraren neurorrehabilitazioan eguneratzea, terapia berrien argibideak’ izenburupean, Marin doktorearen ponentziak iktusaren sekuelek goiko gorputz adarrean duten eragina izan zuen ardatz, eta errehabilitazioari erantzun bat emateko faktore prediktiboak zein diren ere azaldu zuen, gomendatutako intentsitatea zein den eta eraginkortasuna erakutsi duten teknikak ere, hala nola: zereginera bideratutako ariketak, gorputz adarraren erabilera behartua, ispiluko terapia eta robotika, besteak beste.
Hitzaldiaren azken zatian – ‘Iktusaren neurorrehabilitazioan eguneratzea’ izenburuko mahai inguruan–, gure espezialistak atal espezifiko bat eskaini zion iktus baten ondorengo sorbalda minduaren lanketa terapeutikoari.