Nerea Meabek, Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen Neurorrehabilitazioko fisioterapeuta espezialistak, garuneko paralisia eta antzeko patologiak dituzten haurren errehabilitazioan atlas 2030 exoeskeletoarekin egiten ari garen ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen, ‘Errehabilitazioko berrikuntza teknologikoei buruzko jardunaldiak: robotika osasunaren zerbitzura’ izeneko jardunaldietan, Murtzian.
Joan den apirilaren 19an, Murtziako San Antonio Unibertsitate Katolikoak (UCAM) ‘Errehabilitazioko berrikuntza teknologikoei buruzko jardunaldiak: robotika osasunaren zerbitzura’ izenburuko jardunaldiak egin zituen. Fisioterapia, Podologia eta Terapia Okupazionaleko fakultateak antolatuta, ekitaldiak arlo sanitario eta kliniko, zientifiko eta irakaskuntzako profesionalak bildu zituen. Topaketaren helburu nagusia haurren errehabilitazioari aplikatutako teknologietan egindako azken aurrerapenak ezagutzea zen, zehazki, Marsi Bionics enpresak garatutako ATLAS 2030 exoeskeletoari buruzko ikerketaren emaitzak
Aurrerapen esanguratsua errehabilitazioan
Testuinguru horretan, Nerea Meabek, Aita Menni Ahizpa Ospitalarioetako neurorrehabilitazioko fisioterapeuta espezialistak, “ATLAS 2030 haurren exoeskeletoak garun paralisia edo antzeko patologiak dituzten harren martxaren funtzionalitatean eta bizi kalitatean duen inpaktua” azterlana aurkeztu zuen, zeina pediatriako fisioterapeuta eta Haurren Errehabilitazioko Unitatearen koordinatzaile Irma Garciarekin batera egin duen. Europan, gerta daiteke mila jaiotzatik 1,8tan ibiltzeko ezintasuna izatea. ATLAS 2030 gailu berritzailea da, garuneko paralisia eta antzeko egoera neuromuskularrak dituzten haurrentzako diseinatua, eta ibileraren funtzionaltasuna eta bizi kalitatea hobetzeko aurrerapen esanguratsua dela erakutsi du. Daukan txasis erregulagarriari esker, norabide guztietako ibilera funtzionala ahalbidetzeaz gain, mugimendu zehatzagoak egiteko aukera ere eskaintzen du, eta terapeutaren ahalegina murrizten du.
Nerea Meabek nabarmendu zuenez, ariketa fisikoak garunaren substantzia zuriaren eta grisaren hazkundea estimulatzen du, eta funtzio kognitiboak hobetzen dira; bipedestazioa oso garrantzitsua da bizkarrezurreko eta artikulazioetako deformazioak prebenitzeko, arnas konplikazioak prebenitzeko, eta garapen sozial eta emozionalerako. ATLAS 2030ek behar horiei erantzuten die eta, aldi berean, haurrak ingurunearekin duen interakzioa eta besteekiko harremanak sustatzen ditu.
Azterlana ASPACE Gipuzkoa Elkartearekin lankidetzan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin garatu da, eta erabilitako metodologiak garun paralisia eta ibiltzeko zailtasunak dituzten 2 eta 14 urte arteko haurrak inplikatu zituen. 6 astez, astean 4 saio egin ziren ATLAS 2030 exoeskeletoarekin, ibiltzeko ahalmena, funtzio motor lodia eta bizi kalitatea ebaluatzeko diseinatutako protokolo espezifiko batekin.
Ikerketaren emaitzak
Emaitzek adierazten dute pauso kopurua nabarmen handitu zela, sei minutuan distantzia gehiago egin zela eta esku hartzearen ondoren funtzio motorraren ebaluazioan lortutako puntuazio handitu zela. Gainera, bizi kalitateari buruzko galdetegiek hobekuntza fisiologikoak erakutsi zituzten, eta parte hartze sozialean eta ongizate emozionalean ere hobetu zela. Parte hartzaileen eta senideen testigantzek hobekuntzak adierazi zituzten hainbat alderditan, hala nola loaren kalitatean, eguneroko bizitzako jarduerak gauzatzean eta interakzio sozialean.
Azterlanaren arabera, “ATLAS 2030 exoeskeletoak garuneko paralisia eta antzeko patologiak dituzten haurren bizi kalitatea hobetzen du”. Ondorioek erakusten dute gailu hori tresna seguru eta eraginkorra dela garuneko paralisia eta antzeko patologiak (desgaitasun neuromuskularrak) dituzten haurren ibilera eta bizi kalitatea hobetzeko. Ikerketak izan ditzakeen muga batzuk gorabehera (kontrol talde baten falta eta programa trinkoaren osteko nekea, adibidez), lortutako emaitzak itxaropentsuak dira, eta agerian uzten dute Marsi Bionicsen exoeskeletoak haurren errehabilitaziorako ahalmen handia duela. Gure hizlariak adierazi zuenez, ebidentzia zientifiko horrek bultzatzen du zenbait sindrome eta gaixotasun arraro dituzten haurren tratamenduan exoeskeleto pediatrikoa erabiltzea (adibidez, Ctnnb1 sindromea).
Jardunaldian aritu ziren Lola Gor doktorea, enpresa garatzailearen aldetik; María Antonia Murcia Gonzalez doktorea, Fisioterapiako Graduko idazkaria; Elena Gonzalez, atrofia muskular espinala (AME) duen haur baten ama, eta Marina Ferre doktorea, moderatzailea, eta amaieran, ATLAS 2030 exoeskeletoaren erakustaldi bat egin zen bertatik bertara garuneko paralisia duen haur batekin, aplikazio praktikoa erakusteko.