Zailtasunak haurrak adinerako espero zuen maila lortu ahala agertzen dira. Gure lantaldeek azpimarratzen dute beharrezkoa dela arazo horiei goiz eta ikusmolde global batetik heltzea, diziplinaz gaindiko arreta programak aplikatuz, hainbat diziplinatako doktore eta terapeutek parte hartuz.
Arreta Goiztiarreko Profesionalen Elkarteen Espainiako Federazioaren (GAT) datuen arabera, 0 eta 6 urte bitarteko haurren %10ek gutxienez arreta goiztiarreko esku hartzeren bat behar izan dezakete, desgaitasuna duten haurren %3tik haratago. Arreta goiztiarra ezinbestekoa da haur askoren garapen fisiko eta kognitiboko arazoak lantzeko (memoria, jokabidea, hizkuntza…), baita jokabidearen eta degluzioaren arloko nahasmenduak tratatzeko, besteak beste.
Menni Sareko Haurren Errehabilitazio Zerbitzuek errehabilitazio integrala eskaintzen diete kalte zerebral baten edo neurogarapenaren nahasmenduen ondorioz zailtasunak dituzten haurrei. Hori da Paularen kasua, CTNNB1 genearen 3 p 221 kromosomaren alterazioak neurogarapenean eragindako nahasmendu larri batekin jaio baitzen. Paulak, hainbeste haurrek bezala, Arreta Goiztiarra behar du. Hau Paulak Bilboko Aita Menni Neurorrehabilitazio Zentroan Irma Garcia fisioterapeuta pediatrikoarekin egindako fisioterapia saioetako baten adibide txiki bat da. Irma Garciari galdetu diogu:
– Zertan datza haurren fisioterapia Arreta Goiztiarrean?
Haurren fisioterapiak 0 eta 6 urte bitarteko haurren balorazioa, tratamendua eta jarraipena hartzen ditu, baldin eta patologiaren bat badute edo garapenaren nahasmenduren bat izateko arrisku biologiko edo soziala badute. Garapen psikomotor egokia sustatzeaz eta laguntzeaz arduratzen da, adinari dagozkion item motorrak bete daitezen, eta, hala, gerta daitezkeen muskulu eta hezurretako nahasmenduak prebenitu edo tratatzeko, eta autonomia pertsonala sustatzeko. Gainera, fisioterapiaren arloan familiei laguntzen diegu, adingabearen ingurune naturalean jarduera egokia garatu ahal izan dadin.
Horretarako, beharrezkoa da haurraren garapenean esku hartuko duten profesionalekin koordinazio ona eta arina izatea, baita familiaren eta fisioterapeutaren arteko lotura ona izatea ere.
Irma Garciak eta Oihana Ramos logopedak –behean ikusten dugu, Paularekin lanean– diotenez, oso garrantzitsua da haurrengan arazoak modu goiztiarrean antzematea eta artatzea. “Hori oso garrantzitsua da garapen psikomotorrean egon daitezkeen nahasmendu posibleetan (iraunkorrak edo behin-behinekoak) laguntzeko, gainbegiratzeko eta tratatzeko. Arrazoiak hainbat izan daitezke: sindromeak, haurren paralisi zerebrala, hartutako kalte zerebrala, gaixotasun neurodegeneratiboak eta goiztiartasuna, besteak beste.
– Zertan datza haurren logopedia Arreta Goiztiarrean?
Arreta Goiztiarreko logopedia, fisioterapian bezala, 0-6 urteko haurrei, familiari eta inguruneari zuzendutako interbentzioen multzo bat da; hor, logopedia diziplina bat da, komunikazioaren, hizkuntzaren, ahotsaren, hizketaren, degluzioaren eta entzumenaren nahasmenduak eta irakurtzeko eta idazteko zailtasunak prebenitu, ebaluatu, diagnostikatu eta tratatzeko.
Familia, irakasle, pediatra, otorrinolaringologiako (ORL) eta digestio arloko espezialistekin batera lan egitea eta baita haurrarekin dagoen edozein profesionalekin aritzea ere oso garrantzitsua da tratamendua behar bezala garatzeko.
– Fisioterapia eta logopedia dira Arreta Goiztiarrean esku hartzen duten diziplinen bi adibide. Oraindik kontzientzia falta da arreta “garaiz” ematearen garrantziaz?
Gero eta kontzientzia handiagoa dago haurren bilakaeran parte hartzen duten profesionalek (pediatrak, erizainak, maisuak…) alarma zantzuen detekzio goiztiarra egitearen garrantziari buruz.
Eta, are gehiago, gero eta ohikoagoa da Arreta Goiztiarrera bideratutako haurrak aurkitzea, garapenean nahasmenduren bat izateko arriskuagatik, adibidez, ume goiztiarren kasuan.
– Zer alarma zantzuk jar ditzakete gurasoak erne?
Gurasoek alarma zantzuak antzeman ditzakete, baina Lehen Mailako Arretako pediatrak izaten dira, lehenik eta behin, adinari dagozkion itemak betetzen ez direnean edo, biztanleria osasuntsuarekin alderatuta, kalitate desegokian betetzen direnean. Alarma zantzuak hemen aurkitzen ditugu:
– Atzerapen nabarmena dago haurraren adinerako garapen globalaren edo arlo espezifiko baten garapenean.
– Dagoeneko desagertuta behar zuten patroiak daude oraindik.
– Haurrak ezohiko zeinuak ditu.
Alarma zeinuak ez dira beti tratatu behar, izan ere, batzuetan, bilakaera positiboa izaten dute edo konpentsatu egiten dira. Osasun arloko profesionalak erabakiko du beti esku hartze terapeutikoa beharrezkoa den ala ez.
– Arazoak detektatu ondoren, zein da jarraitu beharreko bidea?
Euskal Autonomia Erkidegoan kasu horiek guztiak baloratzeko eta bideratzeko sistema bat dago, eta modu eraginkorrean funtzionatzen du. Haurrak arreta goiztiarreko balorazio talde batek baloratzen ditu (AGBT). Hainbat diziplinatako profesionalek osatzen dute hori, eta, beharrezkoa izanez gero, esku hartzeko plan pertsonalizatua egiten du. Gero, arreta goiztiarreko esku hartze taldera bideratzen dira (AGEHT).
– Zer rol jokatzen du familiak tratamenduan?
Familiak funtsezko rola du prozesu osoan, egitura nagusia da, eta, beraz, oso garrantzitsua da bere kideak ahalduntzea. Izan ere, beraiek izango dira egunerokoan adingabearekin batera egongo direnak. Funtsezkoa da adingabearen ingurune naturalean lan egitea, integrazioa eta normalizazioa errazteko.
– Zein oztopo dituzte arreta hori etengabea izan dadin?
Gaur egun, laguntza ekonomikoa 6 urterekin amaitzen da, eta, une horretan, kasu gehienetan, funtsezkoa izaten da tratamenduarekin jarraitzea.