88 erakundek laguntza teknikoak jasotzeko 6. Kanpaina bultzatu dute bizkaian. Bere babesa berrituz, Ospitalarioak Fundazioa Euskadik, gurpil aulkiak, taka-takak, ohe artikulatuak eta antzeko produktuak emateko eta berrerabiltzeko konpromisoa berretsi du, behar bereziak dituzten pertsonen autonomia eta bizi kalitatea hobetze aldera. Donazioa egiteko, 94 440 91 16 zenbakira deitu edo bat@bultzatu.org helbidera idatzi behar da, eta hor jakinarazten dute zein den modurik egokiena entregatzeko edo jasotzeko.
Atzo, azaroak 19, Laguntza Teknikoak Jasotzeko 6. Kanpaina hasi zen Bizkaian, Laguntza Teknikoen Bankuak (LTB) antolatutako ekimen solidarioa, Bultzatu Fundazioak koordinatuta, eta 88 erakunderen laguntzarekin.
Erakunde laguntzaileen artean, beste edizio batez, Ospitalarioak Fundazioa Euskadi dago berriro. Laguntza produktuak zenbait dispositibotan bilduz, hala nola Bilboko Egaña kaleko 10. zenbakian dugun Neurorrehabilitazio Zentroan edo Durangoko Joxe Miel Barandiaran Egoitzan, Ospitalarioak Fundazioa Euskadik (lehen, Aita Menni Ahizpa Ospitalarioak) laguntza artikuluak emateko eta berrerabiltzeko konpromisoa berresten du, zailtasunak dituzten pertsonen eta haien familien bizi kalitatea hobetzeko.
Aurkezpen ekitaldian Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak parte hartu zuen. Sailburuak nabarmendu zuen elkartasun ekintza txiki horiek mendekotasun egoerak eramangarriago bihurtzen dituztela. Horrez gain, hauek ere hartu zuten hitza: Bultzatu Fundazioko presidente Ines Venero, Bultzatu Fundazioko patronatuko kide, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko lehendakari eta Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko Fisioterapia Arloko arduradun Iban Arrien, eta laguntza teknikoak hornitzeko sare horretan sartutako azken erakundeetako ordezkariak: Miguel Angel Gomez, Trapagarango alkatea, eta Jesus Maria Romon, Gorlizko Ospitaleko gerentea. Ekitaldira ia 90 erakundeetako ordezkariak bildu ziren. Pastoraltza, Boluntariotza eta Elkartasun arduradun Egoitz Zabalak ordezkatu zuen Ospitalarioak Fundazioa Euskadi.
Premia gero eta handiagoa
“Laguntza artikuluen hornidura sarea bultzatzen dugu. Egin donazioa eta zabaldu bere irismena” lelopean, kanpainak herritarrei dei egiten die berrerabil daitezkeen eta egoera onean dauden produktuak emateko (hala nola gurpil aulkiak, ohe artikulatuak, etxeko garabiak edo taka-takak), mailegu solidarioen bidez. Dohaintzarako dei kolektibo horren xedea da “laguntza teknikoak garaiz eta pertsona guztientzat bermatzea”.
Laguntza teknikoak garaiz eskuratzea garrantzitsua da autonomia pertsonala mantentzeko, zaintza errazteko eta etxean ongizatea hobetzeko. Euskadin, 55 urte edo gehiagoko pertsonen %15ek baino gehiagok behar dute laguntza eguneroko jarduerak egiteko, eta kopuru hori %43,3ra igotzen da laurogeitik gorakoen artean, Eusko Jaurlaritzaren 55 urte eta gehiagoko pertsonen bizi baldintzei buruzko azterketaren arabera. Gainera, adinekoen %75ek etxean zahartu nahi dute, nahiz eta eguneroko bizitzan laguntza behar izan. Bestalde, Euskal Familien eta Etxeetako Inkestak gaineratzen duenez (Eusko Jaurlaritza, 2024), EAEko etxeen %36tan 65 urtetik gorako pertsonak dira buru, eta pertsona bakarreko etxeetan proportzio hori %52,8ra igotzen da, hau da, lehen aldiz etxeko eredu hori da ohikoena.
Kanpainak nola funtzionatzen duen eta dohaintza nola egin
LTBk gurpil aulkiak, ohe artikulatuak, etxeko garabiak, taka-takak eta antzeko produktuen ehunka mailegu solidario bideratzen ditu urtero, erabilitako artikuluak berreskuratu eta berrerabiltzeko, behar dutenen eskura jarriz.
Donazioa egiteko, 94 440 91 16 zenbakian edo bat@bultzatu.org helbidean jarri behar da harremanetan, eta hor jakinarazten dute zein den modurik egokiena entregatzeko edo jasotzeko. Puntu bat gertu badago, non entregatu adierazten da; bestela, edo produktua handia bada, kanpaina amaitzean etxez etxeko bilketa antolatuko da. Jaso ondoren, produktuak garbitu, berrikusi eta berregokitu egiten dira, mailegu solidario gisa berriro zirkulazioan jarri aurretik.
Hedatzen ari den hornidura sarea
LTBk Bizkaiko udalekin eta erakunde asistentzialekin lankidetzan dihardu, bi lerroren bidez:
- Udal LTB, Bizkaiko 26 udali zerbitzua ematen diena: Abadiño, Amorebieta-Etxano, Arantzazu, Areatza, Arrigorriaga, Arteaga, Bakio, Barrika, Bedia, Dima, Igorre, Laudio, Lemoa, Lemoiz, Maruri-Jatabe, Mundaka, Muskiz, Orozko, Plentzia, Sopuerta, Trapagaran, Turtzioz, Ubide, Ugao, Urduña, Zeanuri.
- LTB Asistentziala, pertsona bereziki ahulak artatzen dituzten 11 erakunderekin lan egiten duena. Lerro horretan, nabarmendu behar da Ezkerraldea Enkarterri-Gurutzeta ESI, Santa Marina Ospitalea eta Gorlizko Ospitalea bezalako erreferentziazko zentroak sartu direla, ospitaleko senda agiriaren ondoren laguntza artikuluak eskuratzen laguntzen dutenak.
Udalerri eta erakunde horietan bilketa guneak daude, eta zona bakoitzean entrega eta bilketarako egun espezifikoak antolatuko dira.
Hasi zenetik, LTBk 993 mailegu solidario egin ditu guztira, eta 2024an bakarrik 201 familiari egindako 381 mailegu erregistratu ditu.








