Garuneko lesioa eta haren kausak

Hartutako garuneko kalteari (HGK) buruz hitz egiten dugunean, pertsona baten bizitzan bat-batean gertatzen den garuneko lesioaz ari gara. Horren adibiderik argiena trafiko-istripuek eragindako traumatismo kraneoentzefaliko larriena dugu. Autonomia galera handiak eragin ditzaketen garuneko kaltearen beste arrazoi batzuk iktusak, garuneko tumoreak eta infekzioak dira.Larritasunaren eta garuneko kaltearen ondorio posibleen aukera oso zabala da, izan ere, batzuk, guztiz osatzen dira; beste batzuk, berriz, egoera begetatiboan geratzen dira. Ondorio batzuek eragin nabaria izan dezakete gaixoaren autonomian, eta senideen egoera ere alda dezakete. Garuneko Kalteen Menni Sarean pertsona horiekin lan egiten dugu, autonomia berreskuratzen eta bizitza-kalitatea hobetzen laguntzeko.

Kausarik ohikoenak

 

Traumatismo kraneoentzefalikoak

Traumatismo kraneoentzefalikoa (TKE) kontzientzia maila alda edo garunean haustura eragin dezakeen buruan emandako kolpe handia da. TKE izaten duten pertsona gehienak lan edo trafiko istripuak izan dituzten gazteak dira. Erorketek (batez ere haurren eta adinekoen artean), erasoek edo kirol-jarduerak edo arrisku-kirolak egiten hartutako kolpeek ere TKEak eragin ditzakete.

Iktusa: infartuak eta garuneko hemorragiak

Iktusak edo garuneko hodietako istripuak (GHI) garuneko fluxuan gertatzen diren arazoengatik sortzen dira. Iktusak arterietan izandako buxadurengatik (tronbosia deritzogu kasu horretan) edo arterien hausturengatik (hemorragiak) gerta daitezke. Isuria azken iktus mota horri dagokio.Red Menni Kaltetutako garuneko eremuaren hedadura, lesioaren kokapena eta gaixoaren adina dira iktusa gertatu eta zenbait egun edo astera agertzen den koadro klinikoan argien eragiten duten hiru faktoreak. Horrela, batez ere zainketak behar dituzten egoera begetatiboan dauden gaixoak izan ditzakegu, eta beste muturrean, egun edo aste gutxiren buruan osatzen diren pertsonak. Osasun Ministerioak arreta berezia jarri dio problematika horri, Osasun Sistema Nazionalaren estrategia iktus kasuetan delakoaren bidez. Ministerioa eta autonomia-erkidegoak,sozietate zientifikoak, kaltetuen elkarteak eta bestelako interes taldeak elkarrekin ari dira lanean gaixotasun horri arreta hobea eskaintzeko.

Garuneko anoxia

Garunean gertatzen den oxigeno falta da. Besteak beste, bihotz-gelditze batek, itotze batek, karbono monoxidoarengatik izandako intoxikazio batek, kontrako eztarrira joateek edo arnas sistemaren bestelako arazoek eragin dezakete oxigeno falta hori. Jaio aurreko anoxiak edo anoxia perinatalek ere garuneko lesioa eragin dezakete.

Tumoreak

Traumatismoen kasuan bezala, garuneko tumoreen biziraupen-tasa handitzen ari da. Horren ondorioz, gaixotasun larri horretatik bizirik ateratzen diren baina errehabilitazio prozesuei aurre egin behar dieten pertsonen egoerak izaten ditugu.

Entzefalitisa

Kausarik ohikoena herpes birusengatiko infekzioa da. Infekzio horrek lobulu tenporaletan eta aurrekoetan eragiten du gehienbat. Oroimen eta hizkuntza arazoak nahiz emozio eta jokabide aldaketak ohikoak dira kasurik larrienetan.