Mimentza doktorearen azalpenaren ardatza izan ziren estresaren eta antsietatearen ondorioak, bi terminoen arteko aldea eta antsietatea kontrolatzearen garrantzia, gaixotasun zerebrobaskularraren prebentzioan zeharkako arrisku faktore gisa.
Naiara Mimentza doktorea, Arrasateko Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen Kalte Zerebralaren Zerbitzuko neuropsikologoa, Hartutako Kalte Zerebralaren Prebentzioari buruzko II. Jardunaldiko hizlari nagusietako bat izan zen. “Iktusaren inguruan hitz egiten dugu’ izenburupean, jardunaldia ATECE Arabak antolatu zuen Kalte Zerebralaren Egunaren astearen barruan.
‘Estresa, antsietatea eta iktusa’ hitzaldiaren bidez, gure neuropsikologoak estresari eta antsietateari buruz dituen ezagutzak partekatu zituen, baita garuneko osasunarekin duen harremana ere, hilaren 25eko arratsaldean, Gasteizko Europa Jauregian .
Estresa iktusaren faktore eragilea izan daitekeen galdetuta, estresaren eta antsietatearen arteko lotura azpimarratu zuen, baita bi terminoen arteko aldea ere. “Estresari erantzun kognitiboak, konduktualak eta fisiologikoak ematen zaizkio. Antsietatea estresari erantzuteko kronifikazio kaltegarri bat da, pertsonari homeostasia lortzea eragozten diona, hau da, organismoaren oreka, bizirik irauteko eta modu egokian funtzionatzeko beharrezkoa dena”, esan zuen.
“Zehazki, antsietatea da, ez estresa, iktusarekin zerikusia izan dezakeen faktorea, ez arrisku zuzeneko faktore gisa, hipertentsioa, tabakoa edo kolesterola izan daitezkeen bezala), baizik eta faktore horiek okerragotzen dituelako”, argitu zuen. Izan ere, antsietatea duten pertsonen artean, iktusaren prebalentzia %25 handiagoa da biztanleria osasuntsuarekin alderatuta.
Mimentza doktorearen mintzaldiak arrisku faktore aldagarri horiei heltzeko beharra azpimarratu zuen, hala nola tentsio arteriala edo tabakoaren kontsumoa. Halaber, bizi ohitura osasungarriak hartzearen garrantzia ere nabarmendu zuen, iktusaren prebentzioaren zati gisa. Horrez gain, azpimarratu zuen iktusaren arriskua murrizteko prebentzioari buruz kontzientziatu eta ikertzen jarraitu behar dela.