Asko dira lortutako helburuak baina, batez ere, hilabete osoan zabalik egongo den erakusketa honekin aurrera egin dugu gizarte integrazioan, ongizatea sortu da eta autoestimua handitu da, egindako lana jendaurrean erakusteak ematen duen indarrarekin.
37 obra, ezta bat gutxiago ere!Eta maila artistiko handikoak! Arrasateko Kalte Zerebraleko Eguneko Zentroko erabiltzaileak erakusketa egiten ari dira herriko Kajoi tabernan, “Jolasa Kolorea Buztina” izenburupean, hartutako kalte zerebralari ikusgaitasuna emateko.Erakusketa Kalte Zerebralaren Egunaren karietara inauguratu zen, eta azaroaren 25era arte egongo da zabalik.
Inaugurazio ekitaldiak aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Hilaren 25eko arratsaldean Aita Menni Ospitaleko senideak, lagunak, profesionalak, Ahizpa Ospitalarien kongregazioko ahizpak eta Arrasate eta inguruko kide ugari igaro ziren Kajoitik, argazkietan ikus daitekeenez. Mundu guztia lan handia ikusi izanaren eta urrats handia egin izanaren sentsazioarekin irten zen lokaletik.
Erakusketak Azoka Zentroko 18 erabiltzailek azken hiru hilabeteetan egindako buztinezko 37 pieza jasotzen ditu.Beren gaitasunak ezagutarazteaz gain, eta komunitatea HKZren inguruan kontzientziatzeaz gain, erakusketa prestatzean ukimenezko pertzepzioa bultzatu da, buztinaren ezaugarriekin esperimentatuz:plastikotasuna, tenperatura, testura; sormena eta malgutasun kognitiboa bultzatu ditugu, hainbat figura garatuz; interakzio soziala eta trebetasun sozialak bultzatuz, elkarrekin ideiak trukatuz, eta psikomotrizitate fina landuz.Baina, batez ere, gizarte integrazioan egin da aurrera, ongizatea sortu da eta autoestimua handitu da, erabiltzaile bakoitzak egindako lana jendaurrean erakusteak dakarren indarrarekin.
Piezek adierazpide desberdinak dituzte; horietako bat garuna da, beste batzuetan itsasoa agertzen da, maitasuna, denbora, herri leku esanguratsuak, hala nola Portaloia, eta JMA eta Polmetasa bezalako enpresak. “material birziklatuak erabili ditugu, hondarra, muskuiluak, giltzak, torlojuan, txintxetak, harribitxiak, harriak…Bakoitzak bere hondar alea jarri du, oinarria pintatzea patroiak ordenagailuz egitea edo amaierako akabera ematea bezain inportantea delako.Hasieran, pieza bakar bat egin behar genuen, denok berdina, Aranen pieza baten kopia bat, baina bururatu zitzaigun beste obra batzuk egitea, eta horiekin erakusketa bat”, zehaztu du Elena Garcia begiraleak.
Arantzazu Aranzabal, koordinatzailea
Buztinaren tailerrari ekiteko ideia profesionalen taldearen bilera batean sortu zen. “Pentsatu genuen Arantzazuk, bere ibilbide profesionalaren ondorioz, buztinaren tailer bat koordinatu zezakeela bere kideentzat”, kontatu digu Kalte Zerebraleko Zerbitzuko koordinatzaile Olatz Uriartek.
Arantzazu Aranzabal gure zentroko erabiltzaileetako bat da.Bergararra izatez, Iruñeko Are Eskolan graduatu zen Zeramikan, eta Manisesko zeramika eskolan espezializatu zen (Valentzia), hau da, Espainiako erreferentziazko bi eskoletako batean.Itzuli zenean, beste kide batzuekin, artisautza tailer bat muntatu zuen Leintz-Gatzagan, eta zeramika ikastaroak eman zizkien San Martin de Agirre ikastetxeko ikasleei eta gure Aita Menni Ospitaleko Psikiatria Arloko pazienteei.Horregatik, eta Ospitalean sartuta denbora asko eman zuelako, ahizpek eta profesionalek maitasun handiz gogoratzen dute.50 urterekin, iktus batek errotik aldatu zuen Arantzazuren bizitza.Baina gorabeherek ez diote galarazi bere pasio handiarekin jarraitzea:buztina modelatzen jarraitzea.Gaur-gaurkoz, gure buztinezko artearen irakaslea emakume bizi eta optimista da, arazoak gorabehera, bere bizitza berregiten asmatu duena.