Markel Irizar, Haimar Zubeldia eta Joseba Zubeldia txirrindulariek baikortasunez eta bizitasunez beteriko mezua utzi zuten
Pantailan, haserre dagoen txirrindulari baten argazkia agertzen zen. “Hor haserre nago.Izan ere, nork ez du inoiz egun txarrik izan?Denok ditugu egun txarrak”.Jarrera hurbilarekin eta horren moduko esaldiekin Joseba Zubeldiak eta haren anaia den Haimar Zubeldiak Donostiako Aita Menni Garuneko Kalteko Eguneko Zentroaren erabiltzaileak eta langileak bereganatu zituzten Markel Irizar txirrindulari handiarekin batera.
Atzean beren kirol-jardueren argazki ederrak zituztela, elkarrizketa lasaia izan zuten.Hiru kirolariak bertaratutakoek egindako galderei erantzuten joan ziren.Horietako batzuk profesionalak izan ziren; esaterako, nola prestatzen diren mendian aritzeko.Garaiera handian dauden berariazko zentroetara joaten zirela, eta kanpadendetan lo egin edo denbora asko ematen zutela erantzun zuten, izan ere, kanpadendetan oxigeno gutxiago dago, eta nahi duten garaieran dagoen oxigeno kantitatea simula dezakete.
Estimulu berriak
Baina kontu pertsonalagoak ere egon ziren, hala nola Haimarrek eta Markelek zergatik utzi zuten Euskaltel-Euskadi taldea (orain Trek Factory Racing estatubatuar taldean daude biak) eta zer iritzi zuten Juanma Garate gipuzkoar txirrindulariaren uzteari buruz. Lehen galderari, taldea aldatzeak estimu berriak ekartzen zizkiela erantzuten zuten biek; gazteagotzen zituela, nolabait. Irungo kideari dagokionez, lan-baldintzak zirela-eta taldearekin arazoak izan zituela azaldu zuten.
Argazki batetik bestera, galderaz galdera, bidaiak, lasterketak, besarkadak, irribarreak, entrenamenduak…eta iruzkin barregarriak atera ziren, hala nola Estitxuk egindakoak. Bere SAC (komunikatzeko ordezko sistema) bidez hauxe esan zien: “Bizimodu ona daramazue eta gainera ederrak zarete”. Denek barre egin zuten, eta handik gutxira Markel Irizar lokatzaz beterik zegoen argazki bat agertu zen telebistan. “Ikusten duzuenez, beti ez dugu “bizimodu ona” izaten, e?”.
Adoreari eta hobetzeko grinari buruz ere hitz egin zuten; heldu diren mailara heltzeko, esfortzu handia egin behar da (hiru txirrindulariek proba handietan parte hartu dute. Haimarrek eta Markelek elitean jarraitzen dute, eta postu onak lortu dituzte bira handien sailkapenean, hala nola Espainiako Itzulian edo Frantziako Tourrean. Haimarrek bizitzan izandako etapei buruz hitz egin zuen; aldaketei buruz. Joseba bere anaia, sei urte igaro ondoren txirrindularitza profesionala utzi zuena, ingeniari moduan bera eta Markel bi gurpilen gainean diren bezain ona dela esan zuen.
Errepidetik ibiltzeko
Bizikletekin eta trizikloekin Zuatzu Parkera paseatzera atera aurretik, gure bisitariek zenbait gomendio utzi zituzten errepidetik ibiltzeko. Horien artean, kaskorik eta oharkabetu gabe ez ibiltzea: zentzumen guztiez baliatzea ibilbidean, entzumenaz batik bat, eta sen onaz ez ahaztea. Horrela, taldean eta paraleloan ibil badaiteke ere, eta bizikletak lehentasuna izan arren, ibilgailu motordunei aurreratzen lagundu behar zaiela azpimarratu zuen Josebak.
Oso azkar igaro ziren minutuak bizitasunez beteriko hiru mutil hauekin, eta gure Garuneko Kalteko Eguneko Zentrotik Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteko (ASPANOGI) haurrak bisitatzera joan ziren. Elkarteari Mobibike Eguna antolatzen ere laguntzen dute.
Hau da beren ekarpen berezia: “minbizia, garuneko kaltea edo beste edozein arazo duten pertsonei gogoraraztea goza eta irribarre egin dezakegula”. Hitz hauekin elkar agurtu zuten, eta horren aurretik, mota horretako jarduerekin “beste edozein modutara baino gehiago” ikasten dutela esan zuten.
Hain zuzen Markel Fernandezi esker heldu ziren hiru kirolari hauek Zuatzuko Garuneko Kalteko Eguneko Zentrora beren mezua uzteko. Markel gure begiraleetako baten semea da eta ASPANOGI elkarteko haurretako bat, gaur egun nerabea dena dagoeneko. Eskerrik asko!!