Nerea Meabe Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko fisioterapeutak ATLAS 2030 exoeskeletoak haurrengan duen inpaktua aurkeztu zuen. Bere hitzaldian gailu berritzaile honek gaixotasun arraroak dituzten adingabeen bizi kalitatean dakartzan onura fisiko, psikologiko eta emozionalak nabarmendu zituen.
Joan den igandean, martxoak 23, Gaixotasun Arraroei buruzko Euskadiko XXVI. Jardunaldi Zientifikoak egin ziren. Topaketa ASEBIER-Gaixotasun Arraroen Euskadiko EBH Elkarteak antolatu zuen, Bilboko Azkuna Zentroan, eta hainbat profesionalek eta pertsona ezagunek parte hartu zuten. Programaren barruan, Ospitalarioak Fundazioko Neurorrehabilitazio eta Kalte Zerebraleko Zerbitzuko fisioterapeuta Nerea Meabek hartu zuen hitza, ATLAS 2030 exoeskeletoak nahasmendu motorrak dituzten haurrengan duen eraginari buruz hitz egiteko.
ATLAS 2030 alterazio motorrak dituzten adingabeen mugikortasuna eta autonomia hobetzeko diseinatutako lehen overground exoeskeleto pediatrikoa izan da. Bere erabilerak espastizitatea murrizten eta indar muskularra, kontrol zefaliko eta enborrekoa eta martxaren egonkortasuna hobetzen laguntzen du, besteak beste.
Gaixotasun arraro gehienak kronikoak eta degneratiboak dira. Horietako asko 2 urte bete aurretik agertzen dira. Pairatzen dituzten pertsonek, kasu askotan, desgaitasuna izan ohi dute.
ATLAS 2030en onurak
2022an, Ospitalarioak Fundazioa Euskadi programa pilotu bat garatzen hasi zen exoeskeleto pediatriko honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta, zehazki, garun paralisia duten haurrekin. Gailuak zortzi motor ditu, lerrokadura zehatza, martxarako modu ezberdinak eta denbora errealeko monitorizazioa, eta horrek haur bakoitzari egokitutako esku hartzea ahalbidetzen du. Horrenbestez, Marsi Bionicsek sortutako modelo honek onura fisiko hauek erakutsi ditu:
- Gihar multzo guztietan indarra hobetzea.
- Beheko adarren ROM tartea eta martxaren kalitatea hobetzea.
- Buruaren, enborraren eta beheko gorputz adarren egonkortasuna hobetzea.
- Espastizitatea murriztea.
- Goiko gorputz adarren manipulazioa eta mugikortasuna hobetzea.
- Aireztatzeko gaitasuna eta gaitasun kardiobaskularra hobetzea.
- Erresistentzia hobetzea.
Familien testigantzek ere onura psikologiko eta emozional asko adierazten dituzte, baita ere lo, elikadura, komunikazio eta eguneroko jardueretan parte hartzeko ereduetan aurrerapen esanguratsuak, bizi kalitate hobea eragiten dutenak. Onura psikologikoak hauek dira:
- Parte hartzea estimulatzea eta sustatzea.
- Komunikazioa erraztea.
- Garapenean laguntzea.
- Gorputz kontzientzia estimulatzea.
- Zeregin dualeko lana erraztea.
Erregistratutako onura emozionalak hauek dira:
- Hazkunde pertsonala eta norbere buruarekiko konfiantza.
- Inklusio soziala areagotzea.
- Harreman sozialak erraztea.
- Autoestimua hobetzea
- Bizi kalitate handiagoa hautematea.
Gure adituaren ponentziak exoeskeletoaren erabileraren diziplina anitzeko lanketa nabarmendu zuen, eta errehabilitazio programetan integratzeak gaixotasun arraroak dituzten adingabeen bizitza eralda dezakeela azpimarratu zuen. “Ariketa fisikoak garuneko substantzia zuriaren eta grisaren hazkundea estimulatzen du, eta funtzio kognitiboak hobetzen dira”, adierazi zuen hizlariak. Gainera, “ATLAS 2030 exoeskeletoak ingurunea esploratzen eta harekin harremanak izaten laguntzen die haurrei, horrek guztiak dakarren aurrerapenarekin”, laburbildu zuenez.
Gaixotasun Arraroei buruzko Euskadiko XXVI. Jardunaldi Zientifikoetan pertsona hauek ere parte hartu zuten: Virginia Arechavala, gaixotasun arraroetarako azido nukleikoen terapien inguruko ikertzailea; Leticia Ceberio, barne medikuntzako espezialista; Oscar Millet, sortzetiko porfiria eritropoietikorako garapen terapeutikoen ikertzailea; Eva Rodríguez eta Conchi Torres, gaixotasun arraroen detekzio eta arreta goiztiarraren garrantzia jorratuz; Clara Lepee, gerrietako distrofia muskularrean psikologikoki esku hartzeari buruzko ponentzia batekin; eta Sheila Romero da Cruz, zeinak Euskadin desgaitasuna duten emakumeengan ariketa fisikoak duen eraginari buruz egindako azterlan bat aurkeztu zuen. Inaugurazioa Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, Bilboko Udaleko eta ASEBIEReko ordezkariek egin zuten, eta ikerketarekin eta gaixotasun arraroen arretarekin erakundeek duten konpromisoa nabarmendu zen.