Otsailean Erreminiszentzia eta Futbol Tailerren edizio berri bat abiatu da. Realeko beteranoen atalak antolatuta, tailerrek kalte zerebrala duten pertsonen memoria estimulatu nahi dute, futbolari lotutako oroitzapenen bidez. LaLiga eta LaLiga Fundazioaren babesa duen jarduera ikasturte amaierara arte garatuko da eta talde txuri-urdineko jokalari ohiek parte hartuko dute.
Otsailean, Ospitalarioak Fundazioa Euskadik Zuatzuko enpresa parkean (Donostia) duen Eguneko Zentroan, Realeko beteranoen atalak Gipuzkoako hainbat zentrotan egiten dituen Erreminiszentzia eta Futbol Tailerren edizio berri bat hasi da. Jardueraren xedea pertsonen memoria lantzea da, futbolari lotutako oroitzapenen bidez. Lehen eguneko hitzordura Bixio Gorriz eta Mitxel Loinaz futbolari ohiak bertaratu ziren. Biek egun polita partekatu zuten kalte zerebrala duten eta gure zentrora egunero joaten diren pertsonekin. Jarduera ikasturte amaierara arte egingo da eta LaLiga eta LaLiga Fundazioaren laguntza du.
2018az geroztik, Zuatzuko gure zentroan kalte zerebrala duten pertsonekin Futbolean oinarritutako erreminiszentzia proiektua hasi zenetik, tailerra Realeko jokalari ohien elkarteetako futbolarien zuzeneko parte hartzearekin egiten da, bi orduko 12 saiotan, ostiral goizetan. Parte hartzen duten pertsonek emozioz itxaroten dituzte oroitzapen eta pasadizoz betetako topaketa ahaztezin hauek.
Ospitalarioak Fundazioa Euskaditik eskerrak eman nahi dizkiegu ekimen hau posible egiten duten futbolari beteranoei eta Realari, beren denboragatik, maitasunagatik, energia kutsakorragatik eta une hunkigarri hauek biziarazteagatik.
- Argazkia: Real Sociedad Fundazioa