JON KARLA BILBAO, bilboko aita menni neuroerrehabilitazio zentroko gaixoa, erromes abiatuko da atece arabari “laguntza emateko” asmoarekin. modu horretan, ekarpen ekonomikoa eskatzen du, “bakoitzak nahi duena edo iruditzen zaiona”, kaltetutako familien eta pertsonen elkarlteari laguntzeko, berari gehien behar zuenean hainbeste lagundu zion eta.
Jon Karla Bilbao aztarna uzten duten pertsona horietako bat da. Aztarna Bizkaiko hiriburuko Aita Menni Neuroerrehabilitazio Zentroarekin kolaboratzeagatik, bertan arreta neuropsikologikoa jasotzen baitu, anoxia dela-eta dituen memoria-arazoei aurre egiteko. Halaber, aztarna Nanclares herriarekin duen konpromisoarengatik: Jon Karla han bizi da, eta boluntariotzako eta elkartasuneko jarduera ezberdinetan parte hartzen du: adineko pertsonekin, odol-emateak bultzatzen, e.a. Izan ere, Hartutako Kalte Zerebrala (HKZ) izan zuenetik, bizitza beste era batera ikusten du. “Ni zertaz kexatuko naiz. Ingurura begiratu eta beti ikusten dut norbait ni baino zorte okerragoarekin. Garrantzitsuena ikusten ikasi dut, arazoren bat dela-eta sufritzen duten pertsonen aldean jartzen. Ezin naiz geratu etxean, ezer egin gabe”, kontatzen du.
HKZ ikusezina
Ez darama haren zailtasunak zeintzuk diren adierazten duen karteltxorik. Haren HKZ ‘ikusezin’ horietakoa da, lehen begiratuan antzematen ez den horietakoa, sekuela fisikorik utzi ez duelako. “Baina 50 urte baino gutxiago dituzunean, dagoeneko lanik ezin duzula egin esaten badizute, habea gainera erortzen zaizu. Erraza da depresioa hartzea. Asko eskertu behar diot Noemí Álvarezi, Aita Menniko neuropsikologoari, denak berriro zentzua izan dezan lagundu dit-eta. Hori bai, guztiei gogoratu behar diet gauzak errepikatzeko, ahaztu egiten baitzaizkit”, azaldu du umore onarekin.
ATECE Araba Jon Karlari, gehien behar zuenean, babes handia eman ziotenen arteko beste erakunde bat da. Beraz, orain, 54 urteko ‘mutil’ honek -beheko bideoan bere burua definitzen duen moduan- garuneko erasanaren alde beste urrats bat ematea erabaki du. Tira, urrats bat ez, milaka, milioika urrats, Santiago Bidea egin nahi baitu Erroman hasi eta apostoluaren hobiraino. Oraingoan, haren oinatzek hartutako kalte zerebralaren Arabako elkarterako funtsak biltzeko balio izatea nahi du. Une honetan, elkarteak arazoak ditu aurrera ateratzeko, eta berak funtsak bilduz lagundu nahi du beste pertsona batzuei beren bizitza berreraikitzen laguntzen jarraitu ahal izateko.
“Jendea apur bat kontzientziatu nahi dut, jakin dezatela zer den hartutako kalte zerebralarekin bizitzea, sekuela guztiak ez direla fisikoak, ikusezinak diren beste batzuk ere badaudela, memoriari eta komunikazioari eragiten diotenak, eta beste batzuk, berriz, emozionalak. Behin bizitza salbatuta, ahaztu egiten zaigula kalitatea, gizarteratzea eta familientzako laguntza bermatzea”, azpimarratu du.
Hiru hilabetetik gora HKZri bidea irekitzen
ATECEk bera bezalako beste pertsonei laguntzen jarrai dezan, Jon Karla martxoaren 7an hasiko da Erroma-Santiago ibilbidea oinez egiten; hau da, 2.723 kilometro 107 etapatan. Oraingoan, Jorge Sergio Romerok lagunduko dio, Santiagora egindako beste erromesaldi batean ezagutu zuen erromes argentinarrak. Ibilbide honekin 9 aldiz iritsiko da erromes moduan Galiziako hiriburura (3 urtez jarraian, frantses bidea egin zuen; 2 aldiz, Portugalgoa; eta beste batzuetan, Kostakoa edo azken etapetakoa, normalean bakarrik). “Erromatik martxoaren 7an abiatuko gara, 6an San Pedro Plazan, Aita Santuak bedeinkazio berezia egingo baitu erromesentzat. Nirea ez dakit Santiagorekiko fedea den, baina, jakina, maitasun berezia da. Obradoirora iristen naizenean, azaltzen zaila den emozioa sentitzen dut”, adierazi du.
HKZren kausarekin konprometituta, Jon Karlak bere gain hartuko ditu ekimenaren gastu guztiak; hau da, ‘HKZri bidea irekitzen’ deitu duten kanpaina. Gutxienez hiru hilabete eta erdi beharko dituztela uste du, “zeren atseden hartu ere egin beharko dugu. Eta Italiako eta Frantziako aterpetxeak ez dira Espainiakoak bezain merkeak”. Lortzen duen dirua ATECE Arabarentzat izango da oso-osorik. Jon Karla Bilbao elkarteko bazkidea, boluntarioa eta zuzendaritza-batzordeko kidea da.
ATECE Arabari ekonomikoki nahi duten zenbatekoarekin lagunduaz parte hartu nahi duten pertsonek esteka honetan iradokitzen diren urratsen bat jarraitu behar dute.
Oraina hobearen alde
Jon Karlak ez du ondo gogoratzen Eleanor Roosevelt-en esaldia, Agurtzane Cortazar emazteak idatzi zuena koman egon zeneko egunak jaso zituen eguneroko antzeko batean, baina mantrarekin geratu zen: “Atzoko eguna historia da, biharko eguna misterioa da, eta gaurko eguna oparia da”. Hori dela-eta, lagundu egin nahi du. ATECE Arabak 200 familiari eskaintzen die arreta programa ezberdinen bitartez, eta, eskarien artean, HKZ artatzeko euskal estrategia bat garatzea eskatzen du, oinarri bezala osasun eta gizarte laguntzen arteko koordinazioa duena. Ziur dago “salbatutako bizitza batek bizitzea merezi duela” eta konpromisoarekin bizituta, beste pertsona batzuek hobeto bizitzea ere lor daitekeela. “Bakoitzak bere barruan bila dezala eta hobeto sentiarazten duen zerbaiti heldu diezaiola! Modu horretan, arrazoiak edozein izanda ere, huts egiteko zorian dagoen edonor animatu nahi du.
Arreta handia eskainiko diegu haren ibilbide eta lorpenei. Bide ona izan, Jon Karla!