ESPERIENTZIA OSO ABERASGARRIA IZATEN ARI DA, BAI IKASLEENTZAT BAI ZENTROKO ERABILTZAILEENTZAT
Duela para bat hilabetetik Donostiako Eskibel ikastetxeko Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleak Zuatzuko Parkean dagoen Aita Menni Eguneko Zentrora joaten dira ostiralero jantokiko berezko lanetan laguntzeko. Jarduera, txandakatzen joaten diren hiru ikasleko taldeetan egiten da, eta Aita Menni Ospitalearen eta ikastetxearen arteko boluntario-programa baten barruan kokatzen da, Garuneko Kalteko Zerbitzuko koordinatzailea den Olatz Uriartek azaldu duen moduan.
Horrela, ostiralero, hiru ikasleek platerak banatu eta mahaiak biltzen dituzte 45 minututan gutxi gorabehera. Garrantzitsuena zentrora joaten diren garuneko kaltea duen pertsonengana hurbiltzen direla da. Aldi honetan, beti Espe Vicente begiralearen laguntzaz, ikasleak instalazioetatik ibiltzen dira eta HGKren ondorioak zein diren ikasten dute. Aldez aurretik Zuatzuko terapeutak, hala nola Eider Aizpuru logopeda eta Garazi Labairu neuropsikologoa haien geletara joan ziren, garuneko lesioaren ohiko arrazoiak eta ondorioak azaltzeko. Bereziki nabarmendu zituzten irenstearekin zerikusia duten arazoak.
Harremana gehiago estuagotzeko, Aita Menni Ospitaleko zuzendari kudeatzaileak bera, Mikel Tellaeche, ikastetxera joan zen joan den asteazkenean Ahizpa Ospitalariek egiten duten lana azaltzeko. Tellaechek ospitale baten funtzionamendua azaldu zien, inguru eta kultura desberdinak gureekin alderatuz, nazioarteko lankidetzan Liberian duen esperientziaz baliatuz. Bide batez, “We are like you“ proiektu solidarioaren berri eman zien.
Zenbait astetan trukean arituta, Zuatzu Zentroko erabiltzaileak eta Eskibel ikastetxeko ikasleak oso pozik geratu dira lankidetza honen emaitzarekin. Jantokian jarduera amaituta, ikasleek inkesta bat betetzen dute, besteak beste instalazioak, arreta pertsonala, erabiltzaileekin izandako tratua edo ikasi dutena kalifikatuz. Puntuazioak kasu askotan 10 puntu ingurukoak dira. Hauek dira utzitako iruzkinetako batzuk: “Asko ikasi dut desgaitasunari eta garuneko kalteari buruz“, “Itzultzea gustatuko litzaidake“, “Orain badakit psikologia ikasi nahi dudala“. Horrelakoek mota honetako ekimenekin jarraitzera animatzen gaituzte. Erabiltzaileak ere oso pozik geratu dira haien adeitasunarekin, irribarreekin eta beti agertutako gogo onarekin. Horregatik guztiagatik hemendik eskerrak eman nahi dizkiogu Eskibel ikastetxeari, jarduera honetan emandako laguntzarengatik eta izandako inplikazioarengatik.