3DLAND elkartearen laguntzarekin, Aita Menni Ospitaleko Kalte Zerebraleko Zerbitzuko profesionalen taldeak 3D diseinuaren eta inprimaketaren oinarrizko ezagutzak lortu ditu, ferulak eta produktu lagungarriak sortzeko eta fabrikatzeko.
Lau saiotan zehar, eta hainbat egunetan banatuta, 24 orduko 3D inprimaketa ikastaro praktiko presentzial bat egin da Bilboko Aita Menni Neurorrehabilitazio Zentroan (Egaña kalea, 10), Aita Menni Ospitaleko Kalte Zerebraleko Zerbitzuko profesionalei zuzenduta. Tailerrera Donostiako, Arrasateko eta Bilboko dispositiboetako terapeuta okupazionalak eta fisioterapeutak joan ziren, 3D diseinuaren eta inprimaketaren oinarrizko ikuspegia eta ezagutza lortzeko, ferulak eta produktu lagungarriak sortzeko eta fabrikatzeko.
Tailerra 3DLAND elkarteak eman zuen, zeinaren helburua baita desgaitasuna duten pertsonen bizitza erraztea, diseinuaren eta teknologia berrien bidez, software eta hardware libreak eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuz. Hala, Meshmixer aplikazioa eta 3D soluzioen biltegia doan deskargatzeko online plataforma erabiliz, gure profesionalek alderdi hauek landu zituzten, besteak beste:
- 3D diseinuaren eta inprimaketaren aukerak ferulak eta produktu lagungarriak fabrikatzeari dagokionez
- sarean dauden biltegietan aurki ditzakegun baliabideak, produktu lagungarrien gainean aurrez diseinatutako patroiak lortzeko
- inprimatzeko materialak eta horien ezaugarriak ezagutzea
- hainbat programaren bidez produktu lagungarriak eta ferulak diseinatzeko oinarrizko gaitasunak
Prestakuntza saioek ikuspegi erabat praktikoa eta parte hartzailea izan zuten. Learning by doing (eginez ikasi) metodologiari esker, bertaratutako profesionalek, praktikaren eta taldearen interakzioaren bidez, teknologia berriak eskuratzeko eta erabiltzeko duten potentziala aurkitu zuten. 3D fabrikazioko teknologia irekien bidez –3D inprimagailuak, 3D diseinuko softwarea, materialak, elkarlaneko web plataformak eta plataforma irekiak…–, Aita Menniko errehabilitazio taldeak autonomia eta ezagutza irabazi ditu eskura dauden baliabide teknologikoen erabilerari dagokionez. Hemendik aurrera, 3DLANDen babesarekin, taldeak ferulak eta produktu lagungarriak diseinatu eta sortu ahal izango ditu, gure pazienteek izan ditzaketen premiei aurre egiteko.
Arazo zehatzetarako irtenbideak
Prestakuntzan, aurkezpenak, bideoak, eskuliburuak eta 3D fabrikazioko teknologiak erabili ziren 3D inprimaketako teknologiekin interakzioan aritu ahal izateko (inprimagailua, materialak, eskanerra, diseinuko softwarea…). Gainera, tailerretan 3Dn inprimatutako piezen adibideak egin ziren, eta inprimatzeko hainbat material mota erakutsi ziren, tresnekin ikertzeko.
Dinamizatzeko eta jarduerak egiteko, 3D diseinuko eta inprimaketako teknologietan esperientzia duten bi irakasle oso kualifikatu aritu ziren:
- Alberto Martinez, Arte Ederretako lizentziatua, Bilbon maker mugimenduaren bultzatzailea eta inpresio protesikorako ‘Enabling The Future’-ren bultzatzailea Espainian.
- Egoi Azkarraga ingeniari aditua, esperientzia luzea duena berrikuntzaren kudeaketan. Gizarte berrikuntzari eta teknologia berrien erabilerari lotutako enpresa ekintzailetzako hainbat proiekturen buru da, horien artean smartphonea edo 3D inprimaketa egonik.
Diseinuaren eta fabrikazioaren ikuspegitik, asko dago egiteko arazo zehatzei irtenbideak eskaintzeari dagokionez. Horixe da 3DLANen ekarpena, eta, horregatik, harremanetan jarraituko dugu irabazi asmorik gabeko elkarte horrekin.