Datorren urriaren 25ean, Hartutako Kalte Zerebralaren Eguna dela eta, ATECE Gipuzkoak eta Ospitalarioak Fundazioa Euskadik kontzertua eskainiko dute Donostiako San Bizente Elizan, kalte zerebrala duten pertsonen eta haien familien errealitatea ikusarazteko. Sarrera librea da lekuak bete arte. Oraingoan, gizonezko ahots baxuen ERAGIYOK Abesbatza izango da emanaldiaren protagonista.
Datorren larunbatean, urriaren 25ean, 18:00etan, Kalte Zerebrala duten Pertsona eta Familien ATECE Gipuzkoa elkarteak eta Ospitalarioak Fundazioa Euskadik (lehen, Aita Menni Ahizpa Ospitalarioak) kontzertu antolatu dute, urtero urriaren 26an egiten den Hartutako Kalte Zerebralaren Eguna dela eta. Edizio honetan, gizonezko ahots baxuen ERAGIYOK abesbatza izango da emanaldiaren protagonista. Formazioak obra tradizional eta folklorikoen interpretazioa eta musika sakratu, zarzuela eta operako errepertorio zabal bat uztartzen ditu. Taldeak askotariko programa aurkeztuko du, besteak beste, J. Brahms, F. Mendelssohn-Bartholdy, R. Guridi, P. Aldave edo F. Escuderoren lanekin.
Berriz ere, kontzertu korala San Bizente Elizan izango da (San Joan kalea 15, Donostia) eta sarrera doakoa izango da lekua bete arte. Zalantzarik gabe, kalitate musikal handiko emanaldia izango da, non kalte zerebralaren errealitatea ikusaraziko den.
Euskal arima duen abesbatza
ERAGIYOK Abesbatza 2018an sortu zen, euskal musika tradizioa zaintzeko eta zabaltzeko, bai alderdi herrikoian, bai koral akademikoenean. Jon Larrauri Delikak zuzenduta, ERAGIYOK gizonezko ahots baxuek osatzen dute.
2018an sortu zenetik, abesbatzak hirurogeita hamar kontzertu baino gehiago eskaini ditu, eta ehun obra baino gehiago interpretatu ditu. Bere kalitateak eta konpromisoak lehen bi sari balio izan diote hainbat lehiaketatan, hala nola Errenteriako Gabon Kanten Probintzia Lehiaketan (2018) eta Bartzelonako Kant Koraleko Nazioarteko Jaialdian (2021).
Nazioarteko presentzia eta lankidetzak
ERAGIYOKek Frantzia, Italia eta Espainiako zenbait jaialditara eraman du euskal musika, eta zenbait hitzordutan parte hartu du, horien artean Cant’A Choeur Jaialdian (Dax), Rencontres Internationales de Voix d’ Hommes topaketan (Châtel-Guyon) edo Habanera eta Polifoniako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan (Torrevieja). Irungo Luis Mariano Elkarte Lirikoarekin ere kolaboratzen du, eta Nabucco, Rigoletto, La fille du régiment, Il Trovatore edo Macbeth opera ekoizpenetan parte hartu du.
Elkarrekin antolatutako ekitaldi honekin, ATECE Gipuzkoak eta Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko Neurorrehabilitazio eta Kalte Zerebraleko Zerbitzuak hartutako kalte zerebrala duten pertsonen eta senideen errealitatea ikusarazi nahi dute, eta musikaren bidez gizartearen elkartasuna eta laguntza sustatu.