Ospitalarioak Fundazioa Euskadik Zuatzun (Donostia) duen Kalte Zerebraleko Eguneko Zentroaren erabiltzaileek egun ahaztezina igaro zuten reale arenan, FEAFV, LALIGA eta LALIGA Fundazioarekin lankidetzan antolatzen den erreminiszentzia eta futbol tailerrari esker. Estadioko txoko enblematikoetan barrena ibili ziren, eta bizipenak partekatu zituzten realeko jokalari ohiekin. Ekintzak balio terapeutiko eta emozional handia du, iraganarekin modu positiboan konektatzeko aukera eman, nortasun pertsonala indartu eta komunikazioa sustatzen baitu.
Joan den astelehenean, 2025eko apirilaren 7an, Ospitalarioak Fundazioa Euskadik (lehen, Aita Menni Ahizpa Ospitalarioak) Zuatzun (Donostia) duen Kalte Zerebraleko Eguneko Zentroaren erabiltzaile talde batek esperientzia oso berezia bizitzeko aukera izan zuen, Erreminiszentzia eta Futbol Tailerraren bidez. Tailerra, beste urte batez, FEAFV (Futbolari Beteranoen Elkarteen Espainiako Federazioa), LALIGA eta LALIGA FUNDAZIOArekin lankidetzan garatzen ari da.
Jardunaldian bisita egin genuen Reale Arena estadiora, eta historiaz, emozioz eta futbolarekiko pasioz beteriko giroan hartu gintuzten. Ibilbidean aurrera eginda, gune enblematikoak ezagutzeko aukera izan genuen, hala nola aldagelak, prentsa aretoa, klubarekin 500 partida baino gehiago jokatu dituzten jokalariei eskainitako korridorea eta, jakina, joko zelaia bera, edozein zale txuri-urdinentzat esanahiz betetako lekua.
Bisitan zehar, gure erabiltzaileek hainbat une partekatu zituzten Realeko jokalari ohiekin, partidak eta taldearen alde duten zaletasunari lotutako pasadizoak eta bizipenak gogoratuz.
Erreminiszentzia Tailerra memoria emozionala landu nahi duen ekimen bat da, oroitzapen esanguratsuetan oinarritua, hari gidari gisa futbola erabiliz. Ekintzak balio terapeutiko eta emozional handia du, iraganarekin modu positiboan konektatzeko aukera eman, nortasun pertsonala indartu eta komunikazioa sustatzen baitu.
Biziki eskertzen diegu FEAFVri eta parte hartzen duten jokalari ohiei eskainitako hurbiltasuna, konpromisoa eta topaketa bakoitzean ematen diguten berotasuna. Gure zentroan artatzen ditugun pertsonentzat, horrelako esperientziak oso motibagarriak eta ongizate iturri dira.
Zuatzuko Kalte Zerebraleko Eguneko Zentroan horrelako jardueren alde egiten jarraitzen dugu, errehabilitazioa aberasten dutelako eta zentroa osatzen dutenen bizi kalitatea hobetzen dutelako.