Ainhoa Espinosa neuropsikologoak eta Jorge Olmo fisioterapeutak prestakuntza ikastaro bat eman dute esklerosi anizkoitzari eta garuneko paralisiari lotutako defiziten maneiua hobetzeko bizkaiko APNABI-autismo elkartearen zentroan, Gernikan.
Azken asteetan, kalte zerebrala eta beste nahasmendu neurologikoak dituzten pertsonak artatzen duten esperientziaren ondorioz, Ainhoa Espinosa neuropsikologoak eta Jorge Olmo fisioterapeutak, biak ere Aita Menni Ospitaleko Kalte Zerebraleko Zerbitzuko profesionalak, ikastaro bat eman dute esklerosi anizkoitzari eta garuneko paralisiari lotutako defiziten maneiuari buruz, Lurgorri Eguneko Arreta Zentroan (EAZ), bi patologia horiek dituzten pertsonak joaten baitira horretara. APNABIk kudeatzen duen zentroko taldearekin egindako prestakuntza lankidetzaren helburu nagusia esklerosi anizkoitzaren eta garuneko paralisiaren ezagutzan sakontzea izan da, baita izan ditzakeen adierazpen klinikoetan ere, zentroko erabiltzaileei ematen zaien arreta hobetzeko.
APNABIko taldearekin egindako lehen saioan, gure profesionalek nerbio sistema zentralaren fisiologiaren eta funtzionamenduaren oinarrizko kontzeptuak errepasatu zituzten, eta patologia horien etiologiaz, adierazpen klinikoez eta sintomatologiaz hitz egin zuten. Gainera, Jorge Olmok fisioterapiaren arlotik lortu nahi diren onurak azaldu zituen, baita sedestazio on baten garrantzia ere, eta diziplina horretan helburuak nola ezartzen diren eta errutina pertsonalak nola planifikatzen diren, pertsona bakoitzaren behar fisikoak eta funtzionalak kontuan hartuta.
Alderdi garrantzitsuen balorazioa
Bigarren saioan, Ainhoa Espinosak neuropsikologiaren ikuspegia eman zuen, eta pertsona bat ezagutzeko, haren indibidualtasunean balioa eman ahal izateko eta helburuak haren behar zehatzetara egokitzeko ezinbestekoak diren alderdiak azpimarratu zituen. “Balioa emateko, beharrezkoa da ezagutzea”, premisa horrekin, kasu bakoitzaren eta patologien balorazioa hasi zen. “Balorazio on bat behar dugu pertsonaren nahiei erantzun ahal izateko, kontserbatutako gaitasun ugariei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko”, azpimarratu du neuropsikologoak.
Gure adituak azaldu zuen pertsonaren ezagutza bilatzeko modu bat alderdi hauek baloratzea dela: kognizioa, jokabidea, kontzientzia, funtzionaltasuna, ingurunea eta arretaren itxaropenak.
“Ohikoa da neuropsikologoaren figura erlazionatzea domeinu kognitiboen balorazio bat egitearekin, helburu horrekin egiten diren proba estandarizatuen bidez; hala ere, hori ez litzateke nahikoa izango nahasmendu neurologiko bat duen pertsona ezagutzeko. Beharrezkoa da pertsonaren jokabidea -emozioaren eskutik datorrena- eta nortasuna aztertzea, bizitzako esperientzien berezko aldaketak eta lesioak eragin ditzakeen aldaketak bereiziz”, adierazi zuen Ainhoa Espinosak.
Gure neuropsikologoaren iritziz, ezinbestekoa da gaitasun intelektualen eta konduktualen balorazioa egitea, “baina ez badakigu pertsona gaitasun horietaz konturatzen den, nekez lagundu ahal izango diogu. Hainbat kontzientzia maila daude, eta pertsona horrek duen maila ezagutu behar dugu, edo, bestela esanda, bere gaixotasun prozesuaren ondoriozko defizitek bere funtzionaltasunean eta autonomian eragiten dituzten mugez ohartzen den jakin behar dugu. Adibidez: jakin dezaket lesio baten ondorioz amnesia anterogrado bat dudala, eta horrela berbalizatzen dut nire hurbilekoekin, baina astelehenero agertzen naiz nire lanpostu zaharrean lan egitera. Hau da, nire arazoa ezagutzen dut, baina ez hortik datozen mugak”, gaineratu zuen.
Kalte zerebralak bezala, autismoak eta garuneko paralisiak, erasandako pertsonarengan ez ezik, haren ingurune sozial osoan ere eragiten dute. Familia, bereziki, aldaketa askotara egokitu behar da. Beraz, elkarlana eta koterapia funtsezkoak dira helburuak lortzeko eta helburu horiek ingurunean hedatzeko. Familiaren zeregina garrantzitsua da talde terapeutikoarentzat, premia bereziak dituen pertsonarentzat garrantzitsua den heinean, eta haren ezaugarriek eragina dute, pertsonaren portaeran arrastoa uzten duten heinean. Ainhoa Espinosak adibide erraz bat jarri zuen: gure erronka, profesionalak garen aldetik, izan daiteke erabiltzaileak modu autonomoan jatea, baina protagonista horrek, eta berarekin bizi den familiak, nahiago dute jatorduetan laguntza izatea, nutrizioa ea hidratazioa ona izango dela bermatzeko, eta ekintza horrek eskatzen duen ahaleginak eragin dezakeen frustrazioa saihesteko.
Familiaren eta eragindako pertsonaren itxaropenak
Zer espero dute gugandik? Nola bizi dute menpetasun egoera? Noraino iristen da laguntza beharra? Ainhoa Espinosak eta Jorge Olmok argi utzi zuten, gainera, zaintzan aritzen garen taldeok ez ditugula ahaztu behar familiak eta eragindako pertsonak berak eskaintzen dugun arretaren inguruan dituzten itxaropenak. Osasuna galtzearekin batera bizi behar duen giza testuinguru bakoitzaren zaintza ereduak gidatu egin behar du laguntza ematen duen diziplina anitzeko taldea. Kontua da lesioa izan duen pertsona mugiarazten duten balioei garrantzia ematea, ez profesionalaren interesei eta motibazioei.
“sagai horiek guztiak ezinbestekoak dira arreta indibidualera hurbildu ahal izateko, pertsona bakoitzaren motorra diren eta/edo ingurunera egokitzeko garrantzitsuak diren helburuak lehenetsiz, pertsona horren laguntzarekin. Dugun trebetasuna edo osasun arloko profesional garen aldetik motibatzen gaituzten erronka horiek eskaini aurretik, bizi kalitatea ematen saiatzen garen pertsona nor den, zerk mugitzen duen, zerk dardararazten duen, zer nahi duen eta zer espero duen baloratu behar dugu”, esan zuen Espinosak.
Hirugarren eta azken saioa Aita Menniko bi profesionalek eman zuten elkarrekin, eta arazo sentsitibo-motorrak, konduktualak eta/edo emozionalak kudeatzeko jarraibideak landu zituzten. Saioan esklerosi anizkoitza edo garuneko paralisia duten hainbat kasu kliniko azaldu ziren, haien beharrak aztertu ziren (arlo fisiko, funtzional eta mentaletik), helburu espezifikoak ezarri ziren eta Lurgorri EAZko erabiltzaileentzako errutina pertsonalen planifikazio bat proposatu zen.
Gure fisioterapeutak hainbat alderdi garrantzitsu azpimarratu zituen posizionamendu, sedestazio eta bipedestazioaren inguruan; jarraibide indibidualizatuak aplikatzearen garrantzia nabarmendu zuen, eta estimulazio fisikoko hainbat ekintza proposatu zituen, zentroko langileekin egin ahal izateko.
Zenbait gomendio espezifiko ere partekatu ziren nahasmendu desberdinetarako: defizit kognitiboa (arreta falta, sekuentziazioa, kognizio soziala), jokabidearen nahasmenduak (suminkortasuna, jokabide sozial desegokia), eta nahasmendu emozionalak (beldurra eta segurtasun falta, apatia, aldarte txarra, labilitate emozionala). Era berean, nahasmendu kognitiboak eta/edo konduktualak (desorientatua/amnesikoa/disexekutiboa/oldarkorra, etab.) dituen pertsona baten aurrean nola jokatu jakiteko jarraibideen txosten bat eman zuten, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako estimulazio kognitiboko ariketen adibideekin.
Azkenik, APNABIko lantaldeak aurki ditzakeen zailtasunak landu ziren, eta egoera zail horiek modu arrakastatsu eta indibidualizatuan kudeatzeko kideen arteko koordinazio onaren garrantzia azpimarratu zen. Prestakuntza saioaren ondoren, zentroaren funtzionamenduan ongizatea sortzeko kasu bakoitzerako gomendatutako jarraibideak zehaztu zituzten elkarrekin. Lankidetzan oinarritutako esperientzia pozgarria, beti hazten garelako, indibidualki, pertsonei laguntzen diegunean, eta kolektiboki, laguntza eskatzen dutenen ondoan egoten garenean.