Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko haur errehabilitazioko unitateak ATLAS 2030 exoeskeleto pediatrikoa sortu duen enpresa teknologikoaren kasu klinikoen lehiaketan parte hartu zuen. Kasua kasu klinikoen liburu ofizialean sartu izana lantalde osoak eskainitako ahalegin eta dedikazioaren aitortza garrantzitsua da.
Atsegin handiz partekatzen dugu Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko (lehen, Aita Menni Ahizpa Ospitalarioak) Irma Garciak eta Nerea Meabek, Haurren Errehabilitazio Unitateko koordinatzaileak eta fisioterapeuta pediatrikoak, hurrenez hurren, Marsi Bionicsen ATLAS 2030 exoeskeleto pediatrikoaren erabileran zentratutako Kasu Klinikoen Lehiaketan parte hartu zutela.
Lehen saria lortu ez bazuten ere, gure fisioterapeuta pediatrikoen lana kasu klinikoen liburu ofizialean sartu dute. Liburua ISBNrekinargitaratu da, eta hainbat zentrok ATLAS 2030 exoeskeletoaren erabileran izandako esperientziak eta praktika onak biltzen ditu.
Kasuari buruz
Aurkeztutako kasu klinikoak 6 urteko neskatila batekin ATLAS 2030 exoeskeleto pediatrikoarekin egindako esku hartzea jasotzen zuen: entzefalopatia hipoxiko-iskemikotik eratorritako garun paralisia zuen diagnostikatuta, tetraparesia distonikoaren aldaerarekin. Koadro klinikoak jarreraren kontrolari, mugikortasunari, orekari eta autonomiari eragiten die eguneroko jardueretan, eta horregatik sartu zen ATLAS 2030 exoeskeletoa tratamenduan.
Mugimenduaren garapenaren ikuspegitik, esku hartze mota horrek aukera sorta berri bat ireki zuen neskatoaren gaitasunak ahalik eta gehien indartu eta bere funtzio motorrak eta independentzia optimizatzeko.
Programa amaitutakoan, aurrerapausoak ikusi ziren hartutako elikagai kantitateari dagokionez, eta buxadura gertaerak murriztu ziren, jateko garaian posturaren kontrol hobeari lotuta. Horrez gain, gure paziente txikiak gorputzaren goiko aldea janzteko lankidetza handiagoa erakutsi zuen, kontrol zefaliko hobearen erakusgarri.
Erresistentzia fisikoari dagokionez, eskolako eremuan jarduteko tolerantzia areagotu zen, epe luzeagoetan gehiegi nekatu gabe lan egitea lortu zen, eta eskola eta jolas jardueretan parte hartzea ere areagotu zen, jolas eta ariketa ludiko desberdin gehiagotan parte hartuz.
Esku hartzeak eragin nabarmena izan zuen pazientearen eta familiaren bizi kalitatean ere. Agerian geratu zen eguneroko jardueretan gehiago parte hartzen zuela, ingurunearekiko interakzio handiagoa zuela eta jolaserako eta komunikaziorako ekimen handiagoa. Gainera, jakinarazi zen hobeto lo egiten zuela, hesteetako erritmo hobea eta jariakinak kanporatzeko gaitasun handiagoa zuela, eta sialorrea murriztu zela, eta, ondorioz, ongizate orokorra hobetu zela.
Ikuspegi kognitibotik, mugikortasuna eta martxa funtzionala hobetzeak ingurunea esploratzen lagundu zuen, eta horrek eragin positiboa izan dezake bere garapen intelektualean.
Errehabilitazio robotikoari buruzko ezagutza eta zabalkundea
“Bereziki eskertu nahi dizuegu zuen esperientzia klinikoa partekatzeko konpromisoa eta gogoa. Dokumentatzen dugun kasu bakoitzak, balio zientifikoa emateaz gain, beste profesional batzuk inspiratu ditu eta ikasteko aukera berriak ere irekitzen ditu”. Esker oneko gutunean, Marsi Bionicsek azpimarratzen duenez, argitalpenaren bidez, gure fisioterapeuten ahalegina eta dedikazioa aitortu ez ezik, errehabilitazioan eta osasunari aplikatutako teknologian aurrera egiten lagundu nahi du.
Hemendik, Irma Garcia eta Nerea Meabe zoriondu nahi ditugu, gure erakundea ordezkatzeagatik, eta Marsi Bionicsi ere eskerrak ematen dizkiogu, errehabilitazio pediatrikoko berrikuntzari emandako bultzadagatik eta gure profesionalek egunero egiten duten lana liburu horretan islatuta uzteagatik.