AITA MENNIKO IRAKURKETA ERRAZEKO KLUB SORTU BERRIKO KIDEEK LIBURUEI BURUZKO ZALETASUNA BERRESKURATU DUTE
Iktus baten edo traumatismo kraneoentzefaliko baten ostean posible da irakurtzeari berrekitea irakurketa errazeko formaturi esker.Halaxe geratu da frogatuta Bizkaiko Foru Liburutegian Euskadiko Irakurketa Errazak dinamizatu dituen sei saioetan.
Aita Mennin tankera honetako lehen esperientzia gauzatu ondoren, pozik agertu da Angela Fernandez de Corres logopeda, zeinaren iritzian, irakurketa errazaren dinamikak onura asko eta asko baitakarzkie garuneko kaltea jasan duten pertsonei. Nabarmentzekoa da alderdi soziala eta parte hartzailea, izan ere, liburutegira joan eta bertako giroa arnasteko aukera izan dutenek jarduera bat partekatu ahal izan dute pertsona ezezagunekin; jendaurrean irakurri eta iritzia eman ahal izan dute; bestearen lekuan jarri; ondoko pertsonari pazientziaz lagundu… “Irakurketaren mekanika bera sendotu egiten da, besteentzat ulergarri izateko ahalegina egin behar da eta”, azpimarratu du logopedak.“A ze ezusteko atsegina izan dudan, pertsona askok logopediako saioetan bertan baino hobeto irakurtzen dutela ikusita!”, adierazi du harriturik eta pozez beterik ikusita zer-nolako ahalegina egin duten denek beren ahotsa eta ebakera zaintzeko eta, azken finean, hitzak sortu eta kideen belarrira ahalik eta argien helarazteko.
Bestalde, “funtsezkoa” da testua ulertzen laguntzeko egiten den lana, gure logopedak esan duenez.Bideoan ikus daitekeenez, dinamizatzaileek, ikus-entzunezko baliabideak ez ezik azalpen argiak ere erabiltzen dituzte une gakoetan.Gainera, objektu batzuk ere lagungarriak izaten dira, hala nola beheko argazkian ikusten den dado `galderontzia´ eta liburuak kontatzen duena hobeto ulertzeko baliagarri den edozer.Dinamikaren funtsa, berez, testu zati txikiak ozen eta txandaka irakurtzean datza, hausnarketarako atsedenaldiak eta berrikuspenak eginez, mundu guztiak bere ekarpena egiten duela eta istorioari jarraitzen diola egiaztatze aldera.
`Neurrira´ egindako irakurketa
Parte hartzaile batzuek aitortzen dutenez, hasieran beldurrez eta lotsatuta ibili ziren, beren zailtasunak zirela-eta zalantzaz beterik, baina hirugarren saioan beldur denak uxatu ziren.Garuneko lesioaren ondorioen eraginez, zailagoa egiten da gauzak ulertzea, adieraztea eta arreta jartzea… Hala ere, irakurketaren bidez denek gozatu dute beren arteko lotura komuna.Berba berriak ikasi dituzte elkarrekin, hausnarketak partekatu, errespetuz aditu diote elkarri, bakoitzaren mugak aintzat hartuz eta ulertuz. Balantzea egitean, denek esan dute esperientzia gozagarria izan dela. Konklusio positibo ugari atera dituzte eta saio gehiagoren falta igarri dute beste liburu bat irakurtzeko.
Aita Menniko Irakurketa Errazeko Kluba gure pazienteen irakurmena sustatzeko sortu zen, irakurzaletasunari beste aukera bat ematea eta gizarteratzea sustatzea xede.Ez gara talde itxi batez ari, taldea irekita baitago Euskadiko Hartutako Kalte Zerebralaren Elkarteen Federazioko kideei eta garuneko kalte hartua daukan edozein pertsona interesduni.Premisetako bat liburutegi publiko batean irakurtzea da:leku aproposa da, liburuak bertantxe daude eta jarduera ikusgai egiteko eta beste pertsona batzuei helarazteko modua eskaintzen du. Aita Mennin dihardugunok eskerrak eman gura dizkiogu Bizkaiko Foru Liburutegiari halako jarduerei bidea egiteagatik.
Giro egokia
Yolanda Quintana merkataritzako peritua zen iktusa izan zuenean. 54 urte dauka eta betidanik maite izan du irakurtzea.Facebooken bidez jakin zuen Aita Mennik irakurketa klub bat sortzeko egitasmo bat zerabilela, eta orduantxe erabaki zuen deitzea.Oso pozik eta esker oneko agertu da parte hartzeko aukera izan duela eta; baita irakurketa nola joan den ikusita ere. “Antolakuntzakoei, 10eko bat”, esan du. Yolandarentzat, irakurketa erraza “bere neurrira egindako irakurketa” moldea da, zeren orain ezin baitu lesioaren aurretik bezalaxe irakurri.Balioa ematen die bai atseden hartzeko bai hausnarketak partekatzeko etenaldiei.Euskadiko Irakurketa Errazaren sustatzailea den Blanca Matak egindako lan ona aipatu du, jakin izan duelako esperientzia eta iritzi pertsonalak naturaltasunez partekatzeko giro egokia sortzen.
Errepikatzeko prest
Yolandak bezala, Arantza Urangak ere irakurketa errazaren berri jendartean zabaltzea gura du, beste pertsona batzuek ere berak beste gozatu ahal izateko.Biek ala biek irakurzaletasuna partekatzen dute, espazio horretan ezagutu dute elkar, telefono zenbakia eman diote batak besteari eta baliteke bien artean adiskidetasun handi bat sortu izana. Edozelan ere, oso litekeena da biak berriz ere elkartzea esku artean liburu bat darabiltela.Izan ere, errepikatu egingo dugu, jakina!Aita Menniko Irakurketa Errazeko Klubak bere ibilbidea hasi besterik ez du egin.Datorren ikasturtean beste liburutegi batean egongo gara berriz, istorio berri batean murgilduta.
Atzean geratu zen segurtasun eza.`La música del viento´ irakurketa errazeko formatuan: horixe izan zen aukeratutako liburua gure erabiltzaileak berriz ere irakurketan murgiltzeko.Hemendik aurrera, Yolanda, Arantza, Jose Manuel, Pilar, Txema, Luisma eta Jesusek beti izango dute aldamenean IqbalMasih mutikoa eta haren adorea, Jordi Sierra i Fabraren kontakizunaren oinarri izandakoa.