DISFAGIAREN MUNDUKO EGUNA ZELA ETA (ABENDUAREN 12A), OIHANA RAMOS LOGOPEDAK IRENSKETAREN ALDAKETEI BURUZKO PRESTAKUNTZA SAIO BAT ESKAINI ZIEN BILBOKO AITA MENNI NEURORREHABILITAZIO ZENTROKO (CENER) PROFESIONALEI.
Mintzamenaren, Hizkuntzaren eta Entzumenaren Ameriketako Elkarteak (American Speech-Language-Hearing Association, ASHA, ingelesezko sigletan) irensketaren desordena gisa definitzen du disfagia, ezaugarria izanik ahoan prestatzeko edo boloa ahotik urdailera eramateko arazoak izatea. Nahasmendu hori maiz gertatzen da kalte zerebrala izan duten pertsonetan.
Abenduaren 12an Disfagiaren Munduko Eguna dela eta, Oihana Ramosek, Bilboko Aita Menni Neurorrehabilitazio Zentroko logopedak, hartutako kalte zerebralaren ondoren horri buruzko prestakuntza saio bat eskaini zien errehabilitazio zentroko profesionalei. Irensketa borondatez hasten den prozesu erreflexu bat da, ahoaren eta urdailaren artean garatzen dena. Bertan, arnasketaren eta irensketaren arteko koordinazioa dago, eta bere helburuak dira ahoratzea eta arnasbidetik ez xurgatzeko prebentzioa. Disfagia egiturazko kausa baten ondorio izan daiteke (Zenkerren dibertikulua, ahoko, cavumeko edo laringeko minbiziak, tamaina handiko bozioa, eztarriko infekzioak, besteak beste) edo kausa neurogeno baten ondorio. “Azken etiologia horien artean, hartutako kalte zerebrala, parkinsona, alboko esklerosi amiotrofikoa, garuneko tumoreak, garuneko paralisia eta esklerosi anizkoitza daude, besteak beste, eta gaur egun, horiei covida gehitu beharko genieke”, azaldu zuen gure logopedak.
Oihana Ramosek azpimarratu zuen oso garrantzitsua dela eragin mailaren balorazio egokia egitea. CENERen diagnostiko klinikoa bolumen-biskositatearen miaketa klinikoaren metodoaren bidez egiten da (MECV-V), ondoren dieta testura seguruetara egokitu ahal izateko, bideo honetan azaltzen den bezala.
Testura desberdinak
Gerta daiteke disfagia duten pertsonei elikatzeko eta hidratatzeko gaitasuna aldatzea. Irensketa aldatzen duten faktoreen artean elikagai bolumena, biskositatea edo tenperatura aurki ditzakegu. Pertsonaren adinak, posturak -konpentsazio maniobrak egitea komeni da-, gosea kentzen duten edo xerostomia -ahoko lehortasuna- eragiten duten farmako batzuk hartzeak, eta prozedura kirurgiko batzuek ere badute eragina, horien artean, trakeotomiak.
Prestakuntza saiora joan zirenek hainbat elikagai eta testura irensteko zailtasunaren inguruko desberdintasunak esperimentatu ahal izan zituzten, nektar eta puding moduko lodigarria zuen ura, txokolatea, patea, gominolak, galletak, fruitu lehorrak eta abar probatuz.
Disfagia arina denean, jateko orduan iradokizunak egin daitezke disfuntzio orofaringeoan, hau da, dietaren kontsistentzian aldaketa txikiak egin daitezke. Disfagia moderatua bada, kontsistentzia baten edo gehiagoren xurgapenaren ebidentzia dago. Pertsonak kontsistentzia batzuk har ditzake, baina xurgatze arriskua minimizatzeko teknika espezifikoak erabiliz, eta otorduetan gainbegiratzea eskatzen du. Esku hartze terapeutiko zuzenaren barruan nutrizio gomendioak eta irensketaren tratamendua edo berreziketa sartzen dira.
Horrez gain, disfagia larriko kasuek %10eko xurgapen baino gehiago dute kontsistentzia guztiekin, eta horrekin arnasbideko arazo larriak gertatzeko arriskua dago. Beraz, ez da komeni ahotik jatea. Ordezko bideak dira zunda nasogastrikoa (SNG) edo gastrostomia endoskopiko perkutaneoa (PEG, ingelesaren akronimoan).
Aldea dago barneratze laringeoaren (listua, elikagaia edo likidoa glotisean pausatzen dira, zeharkatu gabe, eztul erreflexuarekin edo gabe) eta xurgapen laringeoaren artean: (elikagaiak berez zeharkatzen du glotisa arnasbiderantz), baina barneratzea xurgapen bihur daiteke. Oso garrantzitsua da ahoko higiene ona mantentzea, jan ondoren ahoan geratzen diren janari hondarrak arnas aparatura igaro ez daitezen.
Disfagia duten pertsonek ez dute zertan turmix dieta bat jan, nahiz eta neketsua izan, errezetak egokitu egin daitezke norberaren beharretara. Horrenbestez, likidoak lodituz (zaporerik ematen ez duten lodigarriak erabiltzea komeni da), janaria testurizatuz, platerak erakargarriagoak izango dira eta irensteko zailtasunak dituzten pertsonek gastronomiaz gozatzen jarraituko dute, eta horrek nutrizio egoera hobetzen lagunduko du.
Informazio gehiago nahi izanez gero, esteka honetan deskarga daitekeen Disfagia kudeatzeko gida kontsultatu edo irudiaren gainean klikatu.