Horrez gain, BCC zentroaren eta Donostiako Aita Menni zentroaren arteko lankidetzaren ondorioz jatetxeetarako irisgarritasun gida bat diseinatu dute
Menni Sareko terapeutek egunero lan egiten dute garuneko kaltea duten pertsonekin eta haren familiekin beren bizi-kalitatea hobetzeko.Ahal duten neurrian, iktusa edo TKE izan aurretik zuten eguneroko jarduera eta beren rolak eta zaletasunak berreskuratzen saiatzen dira.
Eguneroko jarduera horien artean, Desgaitasun Neurologikoa duten pertsonentzako Donostiako Aita Menni Eguneko Zentroan sukaldaritza izan da beti eskaera gehien jaso dituena.Hori dela eta, ohiko jardueren barruan, sukaldaritzako tailer bat antolatzen dute astero, eta erabiltzaileek errezeta errazak egiten dituzte.
Sukaldaritzarekiko interes hori kontuan hartuz, Eider Fernández okupazio-terapeuta Basque Culinary Center (BCC) zentrora joan zen erabiltzaileek hango instalazioak ikus zitzaten. Horrez gain, arazo motorrak edota kognitiboak dituzten pertsonen egoeraren berri izateko aukera ere eman zion zentroari.
Lehen bisita horren ondorioz bi proiektu sortu ziren: bata, jadanik dauden sukaldaritzako tailerrei balio erantsia ematekoa; bestea, oraindik garatu gabe dagoen eremu baten murgiltzekoa: jatetxeen irisgarritasunarena eta mahaira joateko, jateko eta janaria prestatzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat egokitutako tresnen erabilerarena.
Bi proiektu horiek martxo osoan garatu ziren. Proiektu bakoitzean parte hartu zuten bost ikasleek apirilaren 1ean aurkeztu zituzten beren lanak Basque Culinary Center zentroko auditoriumean, eta han izan ziren Zuatzuko Aita Menni zentroko erabiltzaileak eta profesionalak ere.
Sukaldaritzako tailerrei egindako ekarpenak
Hasieratik lankidetza-giro bikaina sortu zuen BCC zentroaren eta Aita Menniren artean. Zenbait ikasle eta irakasle etengabe egon dira harremanetan gure profesionalekin zenbait alderdi lantzeko. Sukaldaritza-tailerrean aritu den taldearen helburuetako bat, esaterako, sukaldeko higienean sakontzea izan zen. Kontua ez da arauak jasotzen dituen dekalogo bat bakarrik egitea; haren arrazoiak zehaztea ere bai. Halaber, osasunari eta nutrizio-beharrei arreta handiagoa jarri behar zaie (eduki nutritzailea azalduta duten errezetak, gomendatutako dieta, elikagai-taldeak eta abar).
Gazteak eta atseginak, plater gozoak eta orekatuak, sormena, pazienteei nazioarteko sukaldaritza erakusteko eskolak, teknikak eta osagai harrigarriak… Gehiago eska daiteke? Bada bai. Lan honen barruan, sukaldaritzako ikasleek errezeten egutegi bat prestatu zuten hurrengo hiletako asteroko tailerretarako eta zenbait truku jasotzen dituen dokumentu bat, lan batzuetan laguntzeko. Gainera, errezeta berezi batzuk ere prestatu zituzten disfagia eta heste-arazoak (idorreria eta gastroenteritisa) dituzten pertsonentzat. Taldeak egindako jarduera honen amaieran pintxo eta alkoholik gabeko koktel lehiaketa bat egin zuten, binaka.
Garuneko Kalteko Eguneko Zentroko erabiltzaile askori etxean sukaldean aritzea gustatzen zaie, ahal duten neurrian, beraz, eskola eta errezeta hauekin janari gehiago prestatzeko aukera izango dute. Dagoeneko ez dago aitzakiarik. Gehienek diote hemendik aurrera janari gehiago prestatuko dituztela. Zalantzarik gabe ikasi dituzten zenbait errezeta erraz eta azkar egingo dituzte, eta beraien etxeetan senideekin dastatzeko aukera izango dute. Bestalde, Aita Menniko begiraleek BCC zentroko hirugarren mailako ikasle horien aholkuak kontuan hartuko dituzte.
Kusaidia:ostalaritza sektorerako gida eta protokoloa
Zuatzu Zentroko sukaldaritza tailerra berriro diseinatzea oso lan erabilgarri eta entretenigarria izateaz gain interesgarria ere izan bada, ostalaritza sektorean jatetxe irisgarrien gida bat eta desgaitasunak dituzten pertsonen arretarako protokolo bat egitea ez da gutxiago izango.
“Kusaidia” izenarekin, swahiliz “laguntzen saiatzea” esan nahi duena, BCC zentroko bigarren taldeak gastronomia-sektorea proban jartzen duen proiektu bat aurkeztu zuen. Hain zuzen, desgaitasunak dituzten pertsonei emandako tratua aztertzen du. Garuneko Kalteko Menni Sarearen erabiltzaileak, garunean hartutako lesio baten ondorioz zenbait zailtasun (motorrak, zentzumenezkoak, pentsamendu eta jokabideenak edota komunikatzekoak) dituzten pertsonak dira. Hori dela eta, nabarmen mugatuta dute beren funtzionaltasuna eta autonomia.
Aita Menniko diziplina anitzeko taldeak autonomia berreskuratzen laguntzen die pazienteei, errehabilitazioaren bidez, estrategiak erakutsiz eta laguntzeko produktuak erabiltzen erakusten. Hala nola, mahai-tresnak loditzekoak, mahaiko tapiz irristagaitzak, elikagaiak ebakitzeko eta zuritzeko taula berezia, edalontzi eta plater egokituak eta abar izan ohi dira. Profesional horien eta garuneko kaltea duten pertsonen eskutik, BCC zentroko ikasleek, zer zailtasun dituzten, zer estrategia erabiltzen dituzten, merkatuan zer material egokitu dauden eta bestelakoak jakiteko aukera izan dute. Lan honek truke aberasgarria ere ekarri du.
Informazio horretan oinarrituz, Donostiako zenbait jatetxetara joan dira, irisgarritasunari begira dituzten lorpenak eta gabeziak baloratu dituzte eta laguntzako produktuen kit txiki bat eman diete. Kit horren barruan dago esaterako, plateretarako ertz bat, esku bat bakarrik erabil dezaketen pertsonentzat oso erabilgarria dena. Zenbait lokal bisitatu dituzte, hala nola Easo plazan dagoen Kaxilda liburutegi-kafetegia, gurpil-aulkietan joaten diren pertsonentzako sarbideak, komunak, tabernarien arreta eta bestelakoak nolakoak diren ikusteko. Orain, Kusaidia proiektuari jarraitutasuna eta geografiako beste leku batzuetara hedatzea izango da helburua.
Esperientzia atsegingarria
BCC zentroko ikasleei nahiz Aita Menni zentroko parte-hartzaileei oso laburrak egin zaizkie proiektuak. Salbuespenik gabe, luzeagoak izatea gustatuko litzaieke guztiei. Batzuek asko gozatu dute sukaldeko lanekin, eta Marianek, erabiltzaileetako batek, laburtu zuen moduan, “bizitzari bizi handiagoa” eman diote. Beste batzuentzat, hala nola Aitorrentzat, ikasleetako bat denarentzat, “edozer dela gertatzen dena aurrera jarraitu behar dela” ikasi du. Beraz, “askoz ere gehiago ikasi dute arlo pertsonalean profesionalean baino”.