Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen Fisioterapia Arloko arduradunak ‘fisioterapia neurologikoaren gaur egungo egoera espainian’ izeneko mahaian parte hartu zuen, Fisioterapeuten Espainiako Elkartearen xvii. Kongresuan, caceresen, “orain fisioterapiako espezialitateak” lelopean.
Fisioterapeuten Espainiako Elkarteak (AEF) AEF kongresuaren XVII. edizioa egin zuen azaroaren 24an eta 25ean, Caceresen. ‘Orain Fisioterapiako Espezialitateak’ lelopean, Fisioterapiako Kongresu Nazionalaren XVII. edizioaren helburua zen fisioterapiak oro har herritarren osasuna mantentzeko egiten duen ekarpen garrantzitsua balioestea, eta, horrez gain, diziplina horren barruan espezialitateak aitortzeko beharra aldarrikatzea.
Testuinguru horretan, Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen Fisioterapia Arloko arduradunak, Iban Arrien Celayak, fisioterapia neurologikoaren espezialitatearen aitorpena erreibindikatu zuen. Arrien Espainiako Fisioterapeuten Elkargoen Kontseilu Nagusiko (CGCFE) Fisioterapia Neurologikoaren Lantaldeko koordinatzaile da, erakunde nazional horretako lehendakariordea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko lehendakaria, eta mahai honetako hizlaria izan zen: “Neurologia: Fisioterapia Neurologikoaren gaur egungo egoera Espainian”. Bere hitzaldian, fisioterapia neurologikoak gaur egun Espainian duen egoera azaldu zuen, eta, gainerako hizlariekin batera, asistentzia arlo horri buruz egindako inkesta nazional baten atariko datuak aurkeztu zituen.
Metodologia zientifikoa eta ikerketa
Gure hizlariak – Bilboko Aita Menni Neurorrehabilitazio Zentroko fisioterapeuta – azpimarratu zuen oso garrantzitsua dela eguneroko praktika, fisioterapia klinikoa, metodologia zientifikoaren eskutik joatea, eta fisioterapiako jarduerak ikerketa gehiagotan parte hartu behar duela. Adituak bertaratu ziren profesional ugariei dei egin zien ikerketa eta ebidentzia zientifikoaren garapena sustatzera eta bide hori ez uztera, nahiz eta ikertzea konplexua eta oso zaila izan, eta nahiz eta lanean ez den beti horretarako aukerarik ematen.
Fisioterapeuten Espainiako Elkarteak antolatuta, 800 parte hartzaile baino gehiago bildu ziren hitzordura, eta bertan izan ziren World Phisiotherapyko presidentea, Michel Landry, eta Esther-Mary D ‘Arcy, World Phisiotherapyko Europako eskualdeko lehendakaria; erakunde horrek nazioarteko 600.000 fisioterapeuta baino gehiago ordezkatzen ditu.
Arrienek parte hartu zuen mahaiaren koordinatzailea Carlos Rodríguez izan zen, CGCFEko Fisioterapia Neurologikoaren Batzordeko idazkaria, eta hauek ere aritu ziren hizlari: Armando Rodriguez, AEF-NEUROko lehendakaria; Selma Pelaez, Espainiako Neurologia Elkarteko Neurofisioterapia ataleko koordinatzailea, eta Judith Erica, INPAko lehendakaria (International Neurological Physical Therapy Association), zeinak New Yorketik online parte hartu zuen.