Futbolean oinarritutako erreminiszentzia tailerren helburua da adinekoen, narriadura kognitiboarekin edo gabe, garuneko kaltea duten edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen haurtzaroari, gaztaroari eta helduaroari lotutako oroitzapenak suspertzea eta berreskuratzea, futbolaren bidez, Futbolari Beteranoen Elkarteen Espainiako Federazioak (FEAFV) antolatuta, LaLiga Fundazioaren babesarekin.
Bizkaiko eta Gipuzkoako Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen zentroetan kalte zerebrala duten pertsonak eta adinekoak parte hartzen ari dira berriz ere gure erakundeak 2015etik bere arreta programetan sartu dituen futbolean oinarritutako Erreminiszentzia Tailerretan.
Zehazki, aurtengo urriaren hasieratik dagoeneko tailerrak egiten ari dira Donostiako Aita Menni Kalte Zerebraleko Eguneko Zentroan eta Arrasateko Musakola Zentroan, eta gaur hasiko da Bilboko Txurdinagabarri Egoitzari dagokiona.
LaLiga Fundazioak eta Espainiako Futbolari Beteranoen Elkarteen Federazioak (FEAFV) lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten joan den irailean, futbolean oinarritutako Erreminiszentzia Tailerren proiektua bultzatzeko.
LaLigaren lankidetzari esker, bere Fundazioaren bitartez, denboraldi honetan 40 tailer egingo dira guztira Espainia osoko egoitza eta zentroetan, adinekoen, narriadura kognitiboarekin edo gabe, garuneko kaltea duten edo osasun mentaleko arazoak dituztenen haurtzaroari, gaztaroari eta helduaroari lotutako oroitzapenak suspertzeko eta berreskuratzeko, futbolaren bidez.
Tailerren hari gidaria futbolaren historia da, eta euskal futbolaren mitoekin topaketak egiten dira, hainbat talderen entrenamenduetara joaten dira, eta bisitak egiten dira estadioetara eta museoetara, klubetako futbolari beteranoen elkarteetako kideen eskutik.
Erreminiszentzia tailerretan parte hartu duten euskal futbolaren izen handien artean honako hauek aipa daitezke, Athletic Klubaren aldetik: Fidel Uriarte, Jose A. Iribar, Angel Sertutxa, Carmelo Cedrun, Daniel Ruiz Bazan, Javier Clemente, Andoni Goikoetxea, Javier “Jabo” Irureta, Rafa Alkorta, Patxi Ferreira, Oskar Tabuenca, Javi Gonzalez, Andoni Ayarza, Aitziber Juaristi “Tzibi”, eta FEAFVeko lehendakaria bera, Juan Maria Zorriqueta.
Realaren aldetik, berriz, jokalari beteranoak hauek izan dira: Santi Idigoras, Javi de Pedro, Jeses Mari Satrustegi, Roberto Lopez Ufarte, Jesus Mari Zamora, Luis Miguel Arconada, Salva Iriarte, Jokin Uria, Alberto ‘Bixio’ Gorriz, Agustin Gajate, Mitxel Loinaz, Agustin Aranzabal eta Realaren gaur egungo lehendakaria bera, Jokin Aperribay.
Tailerren dinamikan, epe laburreko eta luzeko memoria lantzen eragin positiboa duten jarduerak eta jolasak egiten dira, bideoekin eta argazkiekin. ‘Bizitza liburu’ interaktibo bat ere osatzen dute, parte hartzaileek beren bizitzaren historia propioaren kontakizun eta irudiekin osatu behar dutena.