Aita Menni Ospitaleko kalte zerebraleko zerbitzuko profesionalek, bideo honen bidez, aholku eman nahi diete propultsio elektrikoko gurpil aulkiak erabiltzeko tenorean dauden pertsonei, prestazioak eta argibideak azalduz. Aulki motordunak aukera asko eskaintzen ditu, baina gaitasun jakin batzuk eta erabiltzeko entrenamendua behar dira; izan beharreko ezaugarriek pertsona bakoitzaren premiei eta erabiltzeko inguruneari erantzun beharko diete.
Ahizpa Ospitalarioen Kalte Zerebraleko Menni Sarean errehabilitazioa hainbat ekintzaren multzo bat dela ulertzen dugu, gure gaitasunak murriztu dituen garuneko lesio bat edo gaixotasun bat izan ondoren, autonomia eta ongizatea berreskuratzen laguntzen duena.
Mugitzeko arazoak dituzten pertsona askok gurpil aulki motordunak erabili ditzakete mugitzeko aukera berreskuratzeko, bai barruko espazioetan, bai komunitatean. Horregatik sortu dugu ondoren erakusten dugun bideoa. Gurpil aulki motordunen funtzionalitateak azaldu nahi ditugu ( propultsio elektrikokoak izan ohi dira), baita zenbait gogoeta ere, pertsonei euren ezaugarrietara eta erabiliko duten ingurunera ondoen egokitzen dena aukeratzen laguntzeko. Kalte zerebrala duten pertsonak errehabilitatzeko taldeek trebetasuna eta ezagutza eskuratu behar dugu, baita produktu lagungarrien esparruetan ere. Horri esker, aulki egokienaren gomendioa eta gurpil aulki motordunak erabiltzen entrenatzeko programak gehitu ditzakegu errehabilitazio prozesuan.
Bideo hau eta aurrez argitaratu zen artikulua artatzen ditugun pertsonentzat erabilgarria izango den ezagutza etengabe bilatzeko ahaleginaren parte dira. Irudietan, aulki motordun mota desberdinen deskribapena, prestazioak eta argibideak aztertuko ditugu.
Kontuan hartzekoak
Gurpil aulki bat aukeratzeko garaian, kontuan hartu behar ditugu erabiltzailearen gaitasunak, noraino dagoen mugatuta mugimenduaren kontrola, arreta arazoak dituen, ikusmenekoak, kognitibo-jokabidekoak… Horrez gain, aulkiaren pisua eta altuera oso garrantzitsuak dira aulkia aukeratzeko garaian; pertsona batzuen berezitasun anatomikoek baldintzatu egiten dute eserlekuen edo kontrol aukeren hautaketa.
Gurpil aulki elektrikoa zein ingurunetan ibiliko den eta zein erabilera emango zaion ere erabakigarriak dira gailua aukeratzeko orduan. Gurpil aulkia autoz garraiatu behar den ala ez baloratu behar da, zirkulatuko duen lurra irregularra den ala ez, maldak dauden ala ez… Kanpoalderako pentsatutako aulkiak handiagoak eta sendoagoak dira, eta autonomia handiagoa dute. Ezaugarri guztiak konbinatzen dituzten aulkiak ere badaude, barrualdean zein kanpoaldean erabili ahal izateko.
Gurpil aulki elektrikoak bi multzo handitan sailkatu ditzakegu: oinarrizkoak eta prestazio aurreratukoak. Oinarrizkoak potentzia baxuko motor elektriko batek bultzatzen dituen aulkiak dira. Horrelako aulkiak 100 kg-tik beherako pisua duten eta posizionamendu indibidualizatua behar ez duten pertsonentzat dira. Desplazamenduak ingurune lauetan egiteko balio dute, motorra potentzia txikikoa baita.
Joan-etorri asko egiten dituzten eta askotan aulkia tolestu eta autoaren maletategian sartu behar duten pertsonei gurpil aulki tolesgarriak gomendatzen zaizkie. Horiek, oro har, potentzia baxuko motor bat izaten dute.
Prestazio aurreratuak dituzten gurpil aulki elektrikoak, berriz, osatuagoak dira eta askoz funtzio gehiago dituzte. Alde batetik, baskulazio elektrikoa dute, posturaren kontrola, atsedena eta presio guneak nabarmen aldatzea errazten dituena. Motor indartsuago batez hornituta daude, eta horrek desnibela duten inguruneetan erabili ahal izatea bermatzen du. Gainera, gorpuzkera handiagoko pertsonek erabili ditzakete (+100 kg). Horrelako aulkiek, gutxi gorabehera, 30 kilometroko autonomia dute, modeloaren arabera.
Gama altuko gurpil aulki motordunak afekzio larria duten pertsonei zuzenduta daude. Oso aulki indartsuak dira, eta baskulazio elektrikoko sistemak nahiz jasotze sistemak dituzte. Jasotze sistemak ematen duen aukera da motorrak jarlekua jasotzea eta jaistea, pertsonak bere kabuz edo laguntza gutxiagorekin egin ahal izan ditzan transferentziak; bipedestazio funtzioa ere badauka, horrek dakartzan onurekin, horien artean ingurunearekiko interakzioa erraztea.
Esker ona
Bideoa Zuatzuko (Donostia) eta Bilboko Aita Menni Ospitaleetako instalazioetan grabatu da, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etxetek egoitzan ere, eta eskerrak eman nahi dizkiogu erakunde horri emandako laguntzagatik. Halaber, Sunrise Medical konpainiak gurpil aulkien modelo batzuk eman zizkigun, eta partaidetza hori aitortu nahi dugu, baita Irrintzi Soluciones Adaptadas etxearena ere, gurpil aulkian gidatzeko egokitutako ibilgailuen irudiak utzi zizkigulako.