SARRITAN, PAZIENTEEN ETA SENIDEEN BIZI KALITATEAREN BALDINTZATZAILE NAGUSIAK IZATEN DIRA
“Psicopatología de los ictus”: horixe izan zen Jose Ignacio Quemadak Bartzelonan, maiatzaren 27 eta 28an, Psikogeriatria arloko XXI. Eguneratze Jardunaldietan egin zuen erakusketaren izenburua.Izan ere, normalean arlo motor, sentsorial, sentikor eta hizkuntzazkoan geratzen diren ondorioak azpimarratzen badira ere, “istripu zerebrobaskular baten ondoren esfera psikikoan gertatzen diren aldeketakia-ia unibertsalak dira eta, sarritan, pazienteen eta senideen bizi kalitatearen baldintzatzaile nagusiak bihurtzen dira”,adierazi du Menni Sareko Kalte Zerebraleko arduradunak.
Quemada doktoreak adierazi zuenez, adina arrisku faktore garrantzitsua da iktusen etiologian; ondorioz, bizi itxaropenak egin duen aurrerabideak areagotu egin du patologia honen prebalentzia.Psikologia eta psikiatria arloetako profesionalak ahaleginak egiten ari dira iktusa zerk eragiten duen ulertzeko eta interbentzio estrategiak garatzeko.
Jardunaldi hauen barruan, Aita Menni Ospitaleko zuzendari medikoa saiatu zen iktusak jotako pazienteen funtzionamendu psikikoan izan daitezkeen aldaketen mapa global bat egiten. Depresioa da, seguruenik, konplikazio psikiatrikorik ezagun eta ikertuena.Iktus osteko depresioaren kontzeptuaren inguruan, horren ezagunak ez diren beste sindrome batzuk daude:emozionalismoa (labialitatea edo inkontinentzia emozionala), apatia, iktus osteko nekea, erreakzio katastrofikoak; horiek guztiek osatzen dute diagnostiko diferentziala. Nahasmendu afektiboen artean, beste bi mota hauek ere arretagune izan dira: iktusaren osteko antsietatea eta suminkortasuna; izan ere, egoera afektibo horrek etsaikeria, haserrea eta hitzezko agresibitate jarrerak sorraraz ditzake.
Gure psikiatrak Kataluniako hiriburuko San Rafael Ospitalean azpimarratu zuenez, “gutxien aztertu den alorra zera da: nortasun aldaketa iraunkorren ondoriozko jokaera aldaketa sekundarioena”. Ponentzian, psikiatrak funtzio psikiko batzuk aztertu zituen, alegia, pertsonok emoziozko eta jokaerazko erreakzio eredu batzuk izatea ahalbidetzen duten funtzioak, zeinak ikuspegi psikologikotik ezagungarri egiten gaituzten; horiei deitzen diegu, hain zuzen ere, nortasuna. “Funtzio psikiko horiek ez daude aski zehazturik, baina klinikan froga daitekeenez, prozesu kognitibo klasikoak (oroimena, arreta, funtzionamendu exekutiboa), jokabideak hasteko gaitasuna, kontrol inhibitzailea, autokontzientzia eta gaur egun kognizio sozial deitzen zaion horren unibertsoa, denak beharrezkoak dira jokaera sozial egoki bat negoziatzeko”, gehitu zuen.
Bitxikeria gisa, eskumako iktusek berezkoak dituzten identifikazioaren eta gorputz irudiaren nahasmenduak aipatu zituen Quemada doktoreak.“Hemisferio ez-gainartzaileko lesioen psikopatologiak ezaugarri hau du: sekuelen gaineko kontzientzia txikiagoa eta inpultsibotasun handiagoa”.Azkenik, iktusean gertatzen diren alterazio psikopatologikoetan nola esku hartu eta zelan tratatu azaldu zuen; lehenik, farmakologiaren rola aztertu zuen, eta gero errehabilitazio neuropsikologikoaren zutabeak, lagungarri izan ditzakegun psikoterapia askotarikoak eta familia alorreko esku hartzea.
Ahizpa Ospitalarioek antolatutako topaketa honetan egindako ekarpenak laburbilduz, esan dezagun sistema zerebrobaskularreko lesioek zenbait sintoma fisiko eta arazo mentalen konbinazioa sorrarazten dutela, eta iktusaren osteko psikopatologiak edo jokabide nahasmenduak hiru aldagai multzo hauek baldintzatzen dituztela: aurretiazko nortasuna eta adimena, ukitutako prozesu mentalek eta ingurunearen erantzunak. Hala, informazioa motelago prozesatzeak bakartze soziala dakar; hurbileko oroimenaren defizitakingurukoekiko gatazka eragiten du, ingurukoei ohartarazi ez izana leporatzen baitzaie; gaitasunaren gainetik dabiltzan zereginek (lan oroimena, planifikazioa) frustrazioa eta suminkortasuna eragiten dituzte.
ONDORIOAK:
- Iktusek nahasmendu psikikoen multzo zabal bat eragiten duteo
- Nahasmendu afektiboak, jokabide alterazioak eta defizit kognitiboa nabarmentzen dirao
- Halako nahasmenduak konbinaturik agertu ohi dirao
- Pazienteen eta familien lanketa psikoterapeutikoak funtsezko elementuak dira arreta integralaren barruan