Historia apur bat
Garuneko kaltearen problematika 80ko hamarkadaren amaieran eta 90koaren hasieran hasi zen garrantzia hartzen. Garai hartan, trafiko istripuen ezbehar-kopuruak izugarri egin zuen gora; kezkatzeko moduan. Esaterako, 1992. urtean 5.000 pertsona baino gehiago hil ziren Espainiako errepideetan. Beraz, egunero ia 14 pertsona hil egin ziren. Ez dugu ezagutzen zauritu larrien datua baina erraz ondoriozta dezakegu pertsona ugarik izan zutela traumatismo kraneoentzefaliko (TKE) larria. Ezbehar-kopurua handia izateaz gain, garai hartan gaixo kritikoa eta politraumatizatua artatzeko teknika guztiek aparteko garapena izan zuten.
Garraio medikalizatua hobetu zen: azkarrago laguntzen zuten eta peritatze teknikoa hobetu zuten lehen faseetan. Halaber, medikuntza intentsiboko zerbitzuak eta garezur barruko presioa monitorizatzeko eta ebakuntza neurokirurgikoak egiteko teknikak orokortuz joan ziren.
Ezbehar-kopurua handitu zen heinean fase akutuan egindako arreta medikoa ere hobetu zen, eta horren ondorioz, lesio larriak zituzten pertsonen biziraupen-tasa handitu egin zen. Pertsona horietako asko gazteak ziren eta bizi-itxaropen zabaldua zuten.
Gizartean aldaketa soziologiko handiak gertatzen hasi ziren. Horrek, zaintzaile informal kopurua murriztea eta pertsona horien errehabilitazio eta arreta beharra handitzea ekarri zuen.
Garuneko kaltearen errehabilitazioan espezializatutako lehen zerbitzuak 90ko hamarkadan hasi ziren. Horrez gain, elkartze-mugimendu garrantzitsua sortu zen. Horren ondorioz, Garuneko Kalteen Espainiako Federazioa (FEDACE) sortu zen.
Trafiko istripuak murriztuz joan ziren eta TKEk eragindako hartutako garuneko kalte kopuruak ere behera egin zuen, hein berean. Gaur egun, garuneko lesio gehienak iktusak eragiten ditu, eta lesio kopurua handitu da, biztanleak gero eta zaharragoak direlako, hain zuzen.