Ondorioak

Hartutako garuneko kaltea duten pertsonen ondorio ohikoenak modu askotara bil daitezke.  IMSERSOk argitaratutako eta Jose Ignacio Quemada doktoreak koordinatutako “Garuneko kaltea artatzeko eredua” dokumentu teknikoak, hemen labur erakutsiko dugun sailkatzeko modua iradoki zuen. Garuneko lesioek eragin ditzaketen arazo guztiak jaso ez arren, horien ehuneko handia jaso egiten du.

Jarraian, gehien eragindako eremuak azalduko ditugu:

 

• Alerta maila

Normalean TKE edo iktus larria izan ondoren koma edo kontzientzia mailaren aldaketaren bat gertatzen dira; nahasmena esaterako.  Kasu larrietan, koma edo gutxieneko erreaktibotasun egoerak egun edo aste batzuetakoak izan daitezke. Kasu gutxitan pertsona ez da “esnatzen” eta ametsaren eta iratzarri faseak bereizten diren egoera batera igarotzen da. Hala ere, ez dugu elkarri eragiteko gaitasunik ikusten harengan.  Egoera horri egoera begetatibo esaten zaio. Egoera horrek gutxienez sei hilabete irauten badu, egoera horretatik itzultzeko aukerak oso eskasak dira. Kasu horietan, egoerari egoera begetatibo iraunkor esaten zaio.

• Mugimenduak kontrolatzea

Burmuin-hemisferioen aurreko aldeetan eta alde parietaletan gertatutako lesioek ahultasuna eragin ohi dute lesionatutako burmuin-hemisferioaren kontrakoa den gorputzaren aldean. Horrela. ohikoak dira hemiplegiak (gorputz erdiaren paralisia) eta hemiparesiak (indarra eta trebetasuna galtzea gorputzaren alde batean).   Kasu oso larrietan buruko mugimenduak kontrolatzeko, euskarririk gabe eserita egoteko, laguntzarik gabe zutik jartzeko edo ibiltzeko gaitasuna galtzen ditu gaixoak.

Zenbait kasutan mugimenduak kontrolatzeko asaldurak irensketan ere eragina du, hau da, elikagai solidoak edo likidoak irensteko mugimendu automatikoetan.  Irensteko zailtasun horri disfagia esaten zaio. Esfinterren kontrolean ere arazoak gerta daitezke. Zenbait larritasun maila daude: txiza egiteko premia sinpletik egunez eta gauez txizari ezin eusteraino.

Consecuencias del daño cerebral• Informazioa hartzea

Kasu honetan, informazioa ezagutzeko hainbat kanal eta sistemen funtzionamenduan gertatzen diren arazoez ari gara.  Sentimen kanalak (ikusmena, entzumena, oreka, usaimena, dastamena, propiozepzioa) eta zentzumen-kanalak (ukimena) barne hartzen dira. Ikusteko gaitasunean ere eragin dezake garun-azal parietal nahiz okzipitalean, transmisio optikoaren bideen mailaren batean edo begien mugikortasuna kontrolatzen duten nerbio-zuntzetan gertatutako lesio batek. Azal parietal nahiz okzipitalean gertatutako lesioek arazoak eragin ditzakete ikuseremuan (hemi edo kuadrantanopsia).

Lesioa aurreko lobuluen alderik bentralenean izandako TKEen kasuan, ohikoa da usaimena galtzea. Horri, hiposmia edo anosmia esaten zaio. Lesioa alde tenporalean duten TKEek entzumenean dute eragina funtsean, bereziki entzumenaz arduratzen diren egituretan dauden hezurrak hausten direnean.  Orekaren zentzumena barne-belarriarekin zerikusia duten egituren mende dago hein handi batean; beraz, lesio horiek funtzio garrantzitsu horretan ere eragina izan dezakete. Ukimena esker, ukitzen gaituztela nabaritzen dugu, mina senti dezakegu eta beroa eta hotza bereizten ditugu. Informazioa gehiago landuz gero, objektuen forma, haien ehundura eta gogortasuna antzeman dezakegu. Hain ezaguna izan ez arren oso garrantzitsua da propiozepzioa ere, gure gorputz barrutik jasotzen dugun informazioa biltzen duelako, eta horretan oinarrituz, mugimendua bisualki kontrolatu gabe mugi gaitezke, esaterako.

• Komunikazioa

Lesioak hemisferio nagusian (pertsona gehienetan ezkerrekoa da) gertatzen badira, askotan, ahozko edo idatzizko hizkuntzaren bidez egindako komunikazioan eragiten dute.  Pertsonak zailtasunak izan ditzake ahozko hizkuntza ulertzeko (sentimen afasia) edo gerta daiteke irakurtzeko gai ez izatea (alexia) edo inguratzen dutenek uler dezaketen hizkuntza erabiltzeko zailtasunak izatea (afasia motorra).

Hizkuntzaren asaldura hauek normalean ez dira isolatuta agertzen; lotuta egiten dute, hau da, kasu batzuetan ulertzeko arazoak nagusi dira, eta beste batzuetan, adieraztekoak.

Halaber, ohikoak dira ahoskatzeko arazoak. Horri, disartria deritzogu. Arazo hori irensteko arazoarekin lotzen dute normalean, egitura berak baitaude kaltetuta. Beste batzuetan, ahotsean bertan eragiten dute (disfonia).

• Kognizioa

Kognizioak inguratzen gaituen errealitatea aztertzeko, ikasteko, gogoetak egiteko eta zentzuzko erabakiak hartzeko aukera ematen ditugun funtzio psikikoei egiten die erreferentzia.  Teknikoki, arretaz, kontzentrazioaz, orientazioaz, oroimenaz, gaitasun bisuoespazialez eta funtzio exekutiboez ari gara.  Zeregin errazetarako erabiltzen ditugu, hala nola mezu bat jasotzeko eta geroago igortzeko, edo zeregin konplexuetarako, hala nola bidaia bat prestatzeko.  Zenbait arazo kognitibo iragankorrak eta itzulgarriak dira. Horren adibidea dugu komatik esnatu ondoren gertatzen den nahasketa edo traumatismo osteko amnesia.  Beste batzuk iraunkorrak izan daitezke, eta, beraz, pertsonaren autonomia baldintzatu dezakete.  Halaber, oso ohikoa da garuneko kaltea duten pertsonek kalte horren ondorioei buruz oso gutxi jakitea.  Horren eraginez, tentsioak sor daitezke senideen artean, garuneko kaltea duen pertsona zenbait ekimenetatik babesten saiatzen direlako, pertsona horrek kaltearen ondorioz dituen mugak direla eta arduragabetzat jotzen dituztelako.

• Emozioak eta nortasuna

Garuneko kaltea izan duten pertsonak tratatu dituzten profesional guztiek pertsona horiek nortasunean aldaketak izan dituztela, gizartean beste pertsonekin harremanetan jartzeko gaitasuna galdu dutela eta emozio-nahasmenduak dituztela egiaztatu dute.  Garuneko zenbait alde, begien gaineko aldeak, esaterako, jokabide sozial egokia izatearekin zeharo lotuta daude.

• Eguneroko bizitzako jarduerak

Eguneroko bizitzako jarduerei buruz hitz egiten dugunean, ez gara garuneko zati jakin baten mendeko funtzioei buruz aritzen.  Pertsonek egunero gehien egiten ditugun jarduerei esaten zaie.  Bi konplexutasun maila bereizten dira: eguneko bizitzako oinarrizko jarduerak eta jarduera instrumentalak. Oinarrizkoen barruan, garbitzea, janztea, esfinterrak kontrolatzea eta lekualdatzea daude.  Instrumentalei dagokienez, besteak beste, hauek aipa ditzakegu: pertsona komunitatean moldatzea, garraio publikoa erabiltzea, bankuak, erosketak edo administrazio-kudeaketak egitea eta lan egitea.