Ahizpa Ospitalarien Bilboko neuroerrehabilitazio zentroan laguntza-produktuen inguruan ETOLEK emango duen ikastaroa egingo da urriaren 28an eta 29an
Beste behin, Aita Menni Ospitaleko Garuneko Erasanaren Zerbitzuak ezagutzak eguneratzen lagunduko du, oraingoan laguntza-produktu ezberdinen inguruan. Euskal Herriko Terapeuta Okupazionalen Elkargoak (ETOLE) antolatuta, urriaren 28an eta 29an, Bilboko Neuroerrehabilitazio Zentroaren instalazioetan (Egaña kalea, 10), ondorengo ikastaroa emango da: ‘Laguntza-produktuak: aplikatzeko aukerak, eraikuntza sortzailea, teknologia berriak eta emaitzen neurketa’.
Thais Pousada García terapeuta okupazionalak emango du tailer teoriko-praktikoa; Osasunaren Zientzietan doktoregoa eta osasun-arloko ikerketan eta laguntzan masterra du berak. Tailerra garatzeko, metodologia aktiboa, dinamikoa eta parte-hartzailea jarraituko da, edukiak errazago ulertu eta barneratzeko eta kontzeptu eta teknika desberdinak maneiatzeko helburuarekin.
Programa 13 eskola-ordutan banatzen da, eta, lehen zatian, zenbait kontzeptu orokor, eta laguntza-produktuen sailkapena eta oinarrizko ezaugarriak errepasatuko dira. Ondoren, ebaluazio-prozesua landuko da: emaitzen neurketa laguntza-produktuetara aplikatuta. Jarraitzeko, azken berrikuntza eta aukera teknologikoak aztertuko dira; hala nola, ortesi dinamikoak, exoeskeletoak eta sistema domotikoak. Hurrengo moduluan, berriz, teknologia berrien aukerak eta TO-n egiten den aplikazioa jorratuko dira: laguntza-produktuak ordenagailuetan eta mugikorretan, errealitate birtualean eta APPs-etan, besteak beste, esku-hartze terapeutikoko baliabide gisa. Azkenik, urriaren 29an, igandean, irakaslea kostu baxuko laguntza-produktuen inguruan arituko da, erabiltzaileek eskuratzeko.
Ikastaroan parte hartu ahal izango dute Terapia Okupazionalean diplomatuak edo graduatuak diren pertsona interesatuek. Ikastaroa egiteko plaza-kopurua gehienez 22koa izango da. Ikastaroaren kostua 65 €-koa izango da ETOLEko kideentzat eta terapia okupazionaleko estatuko gainerako erakunde hitzartutakoentzat eta ikasleentzat. Kategoria horietakoak ez diren gainerako terapeuta okupazionalek, aldiz, 90 € ordaindu beharko dituzte.
Laguntza-produktu pertsonalizatuak
Parte-hartze aktiboagoa sustatzeko nahiz ideia eta irtenbide baliagarriak eta aplika daitezkeenak emateko, antolakuntzak parte-hartzaileei eskatu nahi die laguntza-produktu “kustomizatuak” behar dituzten praktika asistentzialeko kasuak proposa ditzatela. Halaber, oso ondo hartuak izango dira anekdotak, sortutako produktuak, oharrak edo egindako esku-hartzeak, partekatu ahal izateko.
Parte hartu nahi duten pertsonek ETOLErekin harremanetan jartzeko bide hauek erabil ditzakete: 644 52 44 92 telefonoa edota etoleikastaroak@terapeutas-ocupacionales.es posta elektronikoa.
Curso Productos de apoyo ETOLE by Red Menni de Daño Cerebral on Scribd