Telerrehabilitazioa logopedian - 4 ekaina, 2020
Covid-19ak eragindako konfinamenduan logopediako urruneko tratamenduak jarri ditugu martxan. Aldi honetan ikusi dugu azkar ikasten dela, pazienteak eta senideak egokitzen direla eta onuragarria dela; horregatik, etorkizunean horrelako tresnak garatzen jarraituko dugu.
Autora: Clara Jiménez González
Aita Menni Bilboko Neurorrehabilitazio Zentroko logopeda
Egungo testuingurua. Logopedia konfinamenduan
“Telelana” hitza modan dago SARS-CoV-2ak eraginda bizitzen ari garen krisi honetan, birus aldi berean ospetsua eta ezezagun hori delarik Covid-19aren gaixotasunaren eragilea. Pandemiaren ondorioz, herritarrek hainbat prozedura garatu behar izan dituzte lanean jarraitzeko, horien artean egonik telelana edo urruneko lana, gehienentzat, etxetik.
Menni Sareko zerbitzu anbulatorioetan hauteman dugu familia askok tratamenduan hasi eta hartzen jarraitu beharra zutela, eta, horregatik, telelan horren barruan sartutako jarduera bat garatzen hasi gara, “telerrehabilitazioa” delakoa. Tratamendu arlorik aktiboenetako bat logopedia izaten ari da.
Lerro hauen helburua da paziente eta senideekin telerrehabilitazioa eginez bizitzen ari garen esperientzia asegarri horren berri ematea eta ezagutaraztea, bateko eta besteko herritarrei zerbitzua ematen jarraitzeko saiakeran.
Nori zuzentzen zaio logopediako telerrehabilitazioa?
Logopediako tratamendu eskaintzen ari gara:
- Hartutako kalte zerebrala duten helduak eta haurrak: iktusa, garezur-garunetako traumatismoa, garuneko tumoreak, garuneko paralisia… edo mintzairari edo mintzamenari eragiten dion garuneko beste edozein patologia sufritu duten pertsonak artatzen ditugu. Patologia horietako batzuk dira afasia, disartria, ahotseko nahasmenduak edo disfagia.
- Hartutako kalte zerebralik gabe, mintzairan edo mintzamenean arazoak dituzten helduak eta haurrak:mintzairaren atzerapenak, dislaliak (artikulazio arazoak), irakurmen-idazmeneko nahasmenduak, toteltasuna, etab.
Zertan datza? Erabiltzen ari garen bitartekoak
Errehabilitazio prozesu bat jarri dugu martxan, bitarteko ez presentzialak erabiliz, afasia, disartria edo aipatutako beste patologia batzuk dituzten pazienteekin. Aukera nagusiak hauek dira:
-
Bideokontsultak
“Lifesize” deritzon plataforma baten bidez, saio ez presentzialak egiten ari gara. Hauek dira saioen ezaugarriak:
- Pazienteek eta senideek logopeda ikusten eta entzuten dute
- “Pantaila partekatuaren” aukera erabiliz, logopedak erabili nahi duen materiala pazienteen gailuan agertzen dira
Nola sartzen da bideokontsultetan?
Zuetako batzuek, hasieran, teknologiak erabiltzeko “beldurra” jakinarazi diguzue. Aitzitik, prozesua oso erraza da, eta ordenagailu edo tableta bat (edo telefono bat, batzuetan) eta helbide elektroniko bat besterik ez da behar. Logopedak lotura bat bidaltzen du zuen postara, eta horretan sartu besterik ez duzue egin behar, eta automatikoki agertuko dira aurpegia eta ahotsa.
-
Telefono deiak
Bitarteko horren bidez aholkatzeko, jarraibideak emateko eta laguntzeko.
-
Posta elektronikoa
Materiala, lan programak eta abar bidaltzeko.
Logopediako telerrehabilitazioaren helburuak
– Paziente eta senideengana iristea, ezin badira errehabilitazio zentrora joan edo joateak kostu handia badauka diru edo denboratan. Bereziki, oraingoa bezalako koronabirus garaian, etxean konfinatuta dauden paziente eta senideengana iristea.
Osatu beharreko prozesuak errehabilitazio presentzial baten berdinak dira:
– Mintzaira eta/edo mintzamenaren ebaluazioa
– Zuzeneko errehabilitazio saioak pazientearekin
– Lana eta materialak ematea pazientearen lan indibidualerako eta koterapeutaren tutoretzapean
– Koterapeuta edo senidearen prestakuntza
Zer da koterapia?
Praktika honen ezaugarria da pazientearekin dagoen senidea edo zaintzailea sartzen dela. Hori trebatu egiten da, gure eskuin eskua izan dadin, eta logopeda profesionalak adierazten dizkion ariketak eta jarraibideak praktikan jarri ditzan.
Beharrezko gutxieneko teknologia
Bideokontsultak egiteko, lehenago esan denez, ordenagailu, tableta edo bideo eta audio aukera duen telefono bat baino ez da behar, eta posta elektronikoa eduki behar da.
Beste aukera batzuk ere hartzen dira kontuan, funtsezko helburua senideei eta pazienteei egoera konplikatu honetan laguntzea baita. Horregatik, egokitu egiten gara pertsona bakoitzaren aukeretara (gailu elektronikoak dituen ala ez, inprimagailua, etab.), eta pazientearen ezaugarrietara (adina, patologia…).
Esperientzia COVID-19an zehar
Paziente eta senide askorekin jarri dugu praktikan telerrehabilitazioa eta, tarte horretan, onura hauek ikusi ditugu.
- Zaintzailearentzat, komunikatzeko arazoak dituen batekin etxean bakarrik egoteak eta nola lagundu ez jakiteak eragiten duen ondoeza murrizten da.
- Teknologiak erabiltzeko “beldurra” arin gainditzen da, prozesua oso erraza delako.
- Logopediako tratamenduen bilakaera oso positiboa, presentzialen antzekoa baita.
Ikastea eta etorkizuneko aukerak
Bizitzen ari garen alarma egoerak lanean jarraitzeko molde berriak ekarri ditu. Telerrehabilitazioa bide berriak ireki dizkigun aurkikuntza bat izan da, izan ere, paziente gehiagorengana iritsi gaitezke, eta, zehazki, zentrora etortzea arazo bihurtu daitekeenengana. Ildo horretan ikertzen eta lan egiten jarraituko dugu, saio presentzialen terapia osagarria izan dadin.
Nola jarri behar dut harremanetan?
Bilboko Neurorrehabilitazio Zentroko Logopedia Arloarekin harremanetan jartzeko interesa duten pertsonek 944 424 927 telefonora deitu dezakete edo mezu elektroniko bat bidali cener.aitamenni@hospitalarias.es. Behin harremanetan jarri eta gero, gure profesionalek baloratuko dute zein tratamendu egokitzen zaion ondoen zure egoerari.