Aita Menni Ospitalean eta Kalte Zerebraleko Menni Sarean errehabilitazioan diharduten profesionalen etengabeko prestakuntzan laguntzen jarraitzen dugu. ‘Afasien errehabilitazioa. Ebidentziak eta eredu berriak’, hori da gure hurrengo ikastaroaren izenburua. Kalkulatzen da iktus baten ondoren hamar lagunetik zazpik afasia sufritzen dutela, hau da, adierazteko edo ulertzeko hizkuntz gaitasuna aldatzen zaie.
Gure ikastaroak afasien errehabilitazioan sakonduko du, semiologia afasiko bakoitzaren inguruko aurrerapenak, interbentzio teknikak eta ebidentziak ezagutzeko helburu nagusiarekin. Programa Marcelo L. Berthier doktore ospetsuak emango du; gaiaren inguruko aditu ezagunenetakoa da, eta ikastaroa bi larunbatetan emango da, goizez, maiatzaren 15ean eta 22an zehazki. Oraingoan, pandemiaren ondorioz, ikastaro osoa online emango da.
Prestakuntzak 4 orduko bi lan saio izango ditu larunbatetan: lehen blokean, ezagutza teorikoak azalduko dira, eta bigarrenean kasu klinikoak aurkeztuko dira.
Lehen eguneko arretagunea ebaluatzeko eskalak eta estrategiak izango dira, tratamenduak hobeto planifikatu ahal izateko.
Bigarren egunean interbentzio teknikak landuko dira, hainbat gai aztertuz: behaketa-imitazioa, talde terapiak, farmakoterapiaren erabilera eta sistema konputerizatuz lagundutako errehabilitazioa. Afasia globalen eta transkortikal mistoen berezko semiologia larriaren tratamendurako hurbilpen bat egingo da (pertseberazioak, hizkuntzaren apraxiak).
Logopedei eta, oro har, neurorrehabilitazioaren gaineko interesa duten osasun langileei zuzenduta, web mintegi honek afasiei buruzko ikuspegi zabala eskainiko die parte hartzaileei, eta errehabilitazioari buruzko ikerketaren nobedadeak azalduko dizkie. Izena emateko, nahikoa da orrian klik eginez irekitzen den formularioa betetzea eta transferentziaren egiaztagiria eranstea. Izena emateko epea maiatzaren 14an amaituko da, eguerdiko 12etan.