Terapia fisikoa uretan, noiz eta zergatik - 24 ekaina, 2022
Ur inguruneak –beste onura batzuen artean – lagundu egiten du pazienteak modu aktiboan mugimenduak egiteko erraztasun handiagoa izaten, eta, aldi berean, lesio garrantzitsu bat ekar dezakeen eroriko bat izateko arriskua saihesten du.
Idazlea:
Julen Ripa Latre, fisioterapeuta
Aita Menni Neurrehabilitazio Zentroa (Bilbo)
Sarrera
Kalte zerebrala duten pazienteek mugikortasun arazoak izaten dituzte, izan arinak, moderatuak edo larriak. Monoparesia, hemiparesia eta tetraparesia duten pazienteak aurki ditzakegu; ataxia duten pazienteak, muineko lesioak dituztenak… fisioterapiaren eremuan, paziente bakoitzerako tratamendu plan indibidualizatu bat diseinatzen da, bere diagnostikoa eta ondorio fisikoak kontuan hartuta, eta, betiere, zentroko tratamenduarekin osatuta.
Uretako terapia fisikoa (UTF) edo uretako fisioterapia, ingurune urtarrean ebidentzian oinarritutako terapia fisikoaren praktika gisa defini daiteke, betiere fisioterapiako profesional batek gidatuta. UTFaren interbentzioak helburu hauetarako daude diseinatuta:
- funtzioa mantentzea edo hobetzea
- oreka, koordinazioa eta arintasuna lantzea
- gaitasun aerobikoa handitzea
- erresistentziako egokitzapena entrenatzea
- ibilera, lokomozioa oro har eta gorputzaren mekanika errehabilitatzea
- posturaren egonkortasuna eta kontrola hobetzea
UTFaren jarraibideak
Ur inguruneak hainbat onura eskaintzen ditu uretatik kanpoko tratamenduarekin alderatuta; horietako batzuk, elementu likidoaren dentsitateagatik. Urak aukera ematen digu igerilekutik kanpo ez dagoen erresistentzia eta indar batekin mugimenduak egiteko, eta horrek esan nahi du errehabilitazioan diharduen pertsonak erraztasun handiagoa duela modu aktiboan mugimenduak egiteko; gainera, ez dugu ahaztu behar ingurune urtarrean pazienteek ez dutela lesio larri bat eragin dezakeen erorikorik izango.
Terapia hori kalte zerebrala duten era guztietako pazienteei aplika dakieke, bai pertsona helduei, bai pediatriakoei. Igerilekua tenperatura egokian egotea komeni da, 28º eta 32º bitartean, horrek ongizate sentsazioa ematen baitu, pazientea tonu muskularra lasaitzera eta normalizatzera bultzatzen duena.
Hipertonia edo hipotonia duten pazienteak jardueraz baliatu ahal izango dira, baita distoniak dituztenak, mugimendu patroi normalak dituztenak edo gutxieneko jarduera motorra dutenak ere. Tratamendua indibidualizatua da paziente bakoitzarentzat, dituen ondorioak eta egoera kontuan hartuta.
Lan metodologia
Ur ingurunean hainbat tratamendu metodo daude. Ezagunenetako bat Halliwick kontzeptua edo Halliwick uretako terapia espezifikoa da (WST-Halliwick). Metodo hori mota desberdinetako desgaitasun fisiko edo intelektualak dituzten pertsonei igeri egiten erakusteko garatuta dago, baita pertsona helduei zein haurrei oinarrizko igeriketa erakusteko ere. Bere helburua da pertsonari uretara egokitzeko oinarri fisikoak eta mentalak ematea.
Beste tratamendu bide batzuk aurkitu ditugu, esaterako, Bad Ragaz, ariketa pasiboetan eta aktiboetan oinarritzen dena, hidrokinesiterapia oinarri hartuta. Bad Ragaz metodoan, fisioterapeutak puntu finko bat ematen du, eta, hortik, pazienteak lan egiten du, mugimendua gauzatzeko parametro guztiak kontrolatzen eta zuzentzen dituen bitartean. Errazte neuromuskular propiozeptiboaren (FNP) printzipioetan oinarrituta dago.
Onurak
Kalte zerebrala sufritu duten pazienteek, besteak beste, sintoma motor eta sentsitiboak izaten dituzte, gorputz adarrei zein enborrari eragiten dietenak; beren gorputz eskema kaltetuta dago, eta mugitzeko mugak izaten dituzte. Uretako terapiak lagundu egiten du arazo horiei guztiei ingurune seguru, kontrolatu eta ludiko batean heltzen, eta paziente bakoitzarekin zehaztutako helburuak zentroko tratamenduarekin batera lantzen da.
Pazienteek izaten duten ohiko arazoetako bat goiko eta/edo beheko gorputz adarretan espastizitatea agertzea izaten da. Uretako terapiak muskuluen tonua normalizatzen eta espastizitatea murrizten laguntzen du, eta pazienteen mugikortasuna eta kontrol motorra hobetzen ditu. Oreka handitu egiten da uretan lan eginez, eta arrisku txikiagoko konplexutasun eta zailtasun handiagoko ariketak egiteko aukera ematen du eta ingurune urtarretik kanpo lortzen zaila den autonomia lortzen da; beraz, ataxia arina zein larria duten pazienteek ere tratamendu horren onurak jasoko dituzte.
Kontraindikazioak
Zenbait kontraindikazio daude, behin betikoak izan gabe ere, kontuan hartu behar direnak, eta berdin paziente bakoitzaren egoera animikoa eta fisikoa ere, uretara sartu aurretik. Kasu hauek jotzen dira kontraindikatutzat terapia hau egiteko:
- Epilepsia
• Bihotzeko alterazioak
• Asma
• Diabetesa
• Zunda eramaileak
• Inkontinentziak dituzten pazienteak
• Infekzioak dituzten pazienteak
• Zauri irekiak
• Arnas gutxiegitasun larria
• Uraren beldurra
Kontraindikazio horiek ez dira behin betikoak, eta modu indibidualean aztertu behar dira paziente bakoitzarekin.
BIBLIOGRAFIA
-
- Chih-Jou Lai, Wen-Yu Liu, Tsui-Fen Yang, Chia-Ling Chen, Ching-Yi Wu, Rai-Chi Chan. Epub 2014 Jun 5. Pediatric aquatic therapy on motor function and enjoyment in children diagnosed with cerebral palsy of various motor severities.
- Elisa Muñoz-Blanco, Javier Merino-Andrés, Beatriz Aguilar-Soto, Yolanda Castillo García, Marta Puente-Villalba, Jorge Pérez-Corrales, Javier Güeita-Rodríguez. 2020 May 23. Influence of Aquatic Therapy in Children and Youth with Cerebral Palsy: A Qualitative Case Study in a Special Education School.
- Sagrario Pérez-de la Cruz. 2020 Jul 1. Comparison of Aquatic Therapy vs. Dry Land Therapy to Improve Mobility of Chronic Stroke Patients.
- Florian Tripp, Karsten Krakow. 2014 May. Effects of an aquatic therapy approach (Halliwick-Therapy) on functional mobility in subacute stroke patients: a randomized controlled trial.
- Alice Mary Iliescu, Amanda McIntyre, Joshua Wiener, Jerome Iruthayarajah, Andrea Lee, Sarah Caughlin, Robert Teasell. 2020 Jan. Evaluating the effectiveness of aquatic therapy on mobility, balance, and level of functional independence in stroke rehabilitation: a systematic review and meta-analysis.
- Daniel Palos, Vivian Minnaard. 2018. Beneficios de la terapia acuática y nivel de evolución en pacientes con ataxia.