Patologia psikiatrikoa larriagotzea trafiko istripu baten ondoren - 17 azaroa, 2023
Egilea:
José Ignacio Quemada, psikiatra eta Kalte Zerebraleko Menni Sareko zuzendaria.
[distance1]
Trafiko istripuetan (TI) jasandako gorputz kalteen konpentsazioa 1995etik barematu da. Baremoa argitaratuta,, gure lege sistemak loteria juridikoa eta auziak murriztea lortu zuen, eta, horretarako, aldeak animatu zituen puntuen kalkuluaren inguruan akordioak lortzeko, konpentsazio ekonomiko gisa. 1995ean baremoa lehenengoz argitaratu ondoren, bi berrikuspen garrantzitsu egin dira, 2003an eta 2015ean, eta horrek aurrerapausoak ekarri ditu bai argitasunean bai koherentzian. Gaur egun aplikazio baremoa 35/2015 Legearena da.
Berriki, 2023ko urrian, hizlari gisa parte hartu nuen Gorputz Kaltea Baloratzeko XV. Jardunaldietan Mapfre Fundazioak antolatuta. Baremoaren epigrafeetako bat garatzera gonbidatu ninduten, zehazki, trafiko istripu baten ondoren patologia psikiatrikoa larriagotzeari buruzkoa. Artikulu honetan txosten horren edukiak laburbiltzen dira.
Nahasmendu psikiatrikoak 35/2015 Legearen baremoan
Nahasmendu psikiatrikoak 1. kapituluan daude jasota, nerbio sistemari buruzkoan. A atalean, nahasmendu neurologikoei buruzkoan, nortasunaren nahasmendu organikoak eta narriadura kognitiboa jasotzen dira. B atalean, alegia, Psikiatria eta psikologia klinikoa izenekoan, hiru atal bereizten dira: nahasmendu neurotikoak, aldartearen nahasmendu iraunkorrak eta patologia psikiatrikoa larriagotzea. Beraz, trafiko istripu baten berezko lesio edo bizipenen zuzeneko ondorio izan daitezkeen nahasmendu psikiatrikoen multzo txiki bat dagoela onartzen da, eta, bestalde, uste da lehendik zeuden gaixotasun psikiatrikoak larriagotu egin daitezkeela trafiko istripu batean zehar eta handik gutxira gertatutakoaren ondorioz.
- taulan, garuneko traumatismoek eragindako nahasmendu psikikoak jasotzen dira, kalte organiko zerebrala eragiten dutenak.
2. taulan, oso bizipen mehatxagarrien ondoriotzat jotzen diren nahasmenduak biltzen dira. Trauma osteko estresa nabarmentzen da, entitate nosologiko nagusi gisa. Bigarren kategoria nahasmendu depresiboa da, eta, azkenik, aurretiko patologia psikiatrikoa larriagotzea, izan dementzia bat edo beste gaixotasun mental batzuk izan.
Azken kategoria horrek (“beste nahasmendu mental batzuk larriagotzea edo ezegonkortzea”) aukera asko zabaltzen ditu, trafiko istripu batekin lotutako gertaeren ondorioz edozein nahasmendu psikiatriko larriagotzeko aukerara garamatzalako. 3. taulan, diagnostiko kategoria nagusien laburpena ikus dezakegu, ICD 10aren arabera. Halako kasuetan, peritu balorazioak gaixotasun psikiatrikoen larritasunaren adierazleak erabiltzea eskatzen du, gaixotasunaren historia naturalaren eta gertaera traumatiko baten osteko bilakaeraren arteko diferentziak zehazten laguntzeko. Era berean, peritu lan guztietan bezala, beharrezkoa da informazioa biltzeko metodologia bat, testuinguru klinikoetan egiten denarekiko desberdintasun batzuekin. Bi gai horiei eskainiko diegu artikuluaren gainerakoa.
Larritasun adierazleak psikiatrian
Nahasmendu psikiatrikoak zeinuen eta sintomen multzoen bidez adierazten dira, batez ere azken horien bidez, eta denboran zehar hedatzen dira, gaixotasunaren ibilbidea osatuz. Bilakaera izan daiteke maiztasun aldakorrez errepikatzen diren gertaerak, antsietate edo depresio gertakariak, esaterako, bilakabide kronikoagoak, hala nola nahasmendu obsesibo konpultsiboa, gertakarien konbinazioak eta narriadura, eskizofrenia larri batena kasu, edo narriadura progresiboko bilakabideak, dementzietan nabarmentzen den bezala. Nahasmendu psikiatrikoetarako tratamenduak psikoterapeutikoak, farmakologikoak edo bestelakoak izan daitezke, ospitaleratze erregimenean edo esparru anbulatorioan aplikatuak. Gaixotasunaren bilakabide horiek askotariko eragin funtzionala izan dezakete, eta horrek desgaitasuna edo lan gaitasunaren galera aitortzea ekar dezake, edo laguntza neurriak behar izatea eguneko zentroetan edo erakunderen batean sartuta.
- grafikoan, nahasmendu psikiatrikoaren larritasuna ezaugarritzeko erabil ditzakegun adierazleak adierazten dira.
Sintomak
Sintoma psikiatrikoen intentsitatea edo maiztasuna adierazle garrantzitsua da, baina objektibatzen zaila, pazientearen kontakizunaren eta oroitzapenaren araberakoa baita. Egia da senideek eta beste informatzaile batzuek daukagun informazioa osa dezaketela jokabidea eta inpaktu funtzionala deskribatuz. Nahasmendu psikiatrikoen izaera gorabeheratsua dela eta, aldi luzeak behatu behar ditugu, ahal dela urte osoak, trafiko istripuaren aurreko urtearen eta ondorengo urtearen arteko alderaketak nolabaiteko balioa izan dezan. Sintomen objektibazioari dagokionez, errendimendu kognitiboaren alorrean dauzkagu proba gehienak eta hedapen handiena. Ez da harritzekoa dementzia hasiberria duen norbaitek “Mini mental state examination” bat, “Moca” bat edo “Camcog” bat izatea, kontuan harturik proba horiek errepikatu egin daitezkeela, eta emaitzak alderatu.
Pazientearen balorazioa zailtzen duen sintoma bat anosognosia da, osoa edo partziala izan daitekeena. Ageriko patologia baten gutxiespenean edo erabateko errekonozimendurik ezean datza. Anosognosia hemiparesian zentratzen denean, erraza da hura ezagutzea, baina gaitasun kognitiboari edo nortasun nahiz jokabide aldaketa bati eragiten dionean, zaila egiten da hura hautematea. Kasu horietan, enplegua galtzea, narriadura familiarra, narriadura soziala eta halako ondorioak hilabete batzuk geroago gertatzen dira. Horregatik, psikiatrak pazientearen kontzientzia mailari eta “insight”-ari adi egon behar du, ebaluazio txostenetan hori adierazteko. Egoera hori ohikoa da garezurreko trauma batzuetan, eskuineko hemisferioko lesioetan eta hipomania duten pazienteetan.
Tratamenduak
Gaixotasunaren larritasunaren beste adierazleetako bat jasotako tratamendu motak dira. Arrazoi psikiatrikoengatiko ospitaleratzeak egoera akutuetarako eta pazientearentzat edo beste pertsona batzuentzat arriskutsuak izan daitezkeen egoeretarako gordetzen dira. Ospitaleratze luzeek sintoma larrien iraunkortasuna eta autonomia galera nabarmena uzten dute agerian. Era berean, ahalegin autolitikoek eta larrialdi zerbitzuetako arreta gertakariek ere larritasuna adierazten dute.
Trafiko istripuaren aurrekoa eta ondorengoa alderatzeko aukera eman diezaguketen beste adierazle batzuk dira eguneko ospitaleetako egonaldiak, erabilitako psikofarmakoen dosiak eta barietatea, eta unitate espezializatuetan jasotako arreta (psikosi errefraktarioak, elikadura nahasmenduak, nahasmendu afektiboak eta narriadura kognitiboa).
Desgaitasuna aitortzea
Gaixotasun mentalen ondoriozko desgaitasuna hainbat eremutan aitor daiteke. Pertsona jardunean bazegoen, gaixotasunak lanerako ezintasuna eragin dezake, eta hori gaixotasunaren larritasunaren zeharkako adierazlea da. Gizarte laguntzako sistemek desgaitasunaren aitorpena eta mendetasunaren balorazioa egiten dituzte, gaixotasunaren inpaktu soziala kuantifikatzeko eta laguntzak eta baliabideak eskuratzeko modua antolatzeko modu gisa. Gaitasun zibila ere aldatu egin daiteke pertsonaren autogobernua oztopatzen duen gaixotasun baten ondorioz, eta pertsona babesteko neurri horietara iritsi gabe, larritasun txikiagoko gaixotasunek su armak erabiltzeko gaitasuna galtzea edo gidabaimena galtzea justifika dezakete.
Gizarte laguntzako baliabideak
Zaintzaileen beharra, astean zehar egoten diren orduen kopurua, eguneko zentroetara joatea edo egoitza batera joan beharra ere gaixotasunaren larritasunaren zeharkako adierazleak dira. Ez dira arrazoi bakarrak; izan ere, familia laguntza izateko aukerak aldatzea ere faktore erabakigarria da egoitzan sartzeko edo zaintzaile formalak izateko. Faktore horiek kontuan hartu beharko dira peritu txostenean aldagaiok erabiltzerakoan.
Funtzionaltasuna
Nahasmendu psikiko baten ondoriozko autonomia galera larritasunaren adierazle argia da. Badauzkagu eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak neurtzeko eskalak. Ezagunena Barthel-en indizea da. Badira eguneroko bizitzako jarduera instrumentalak neurtzeko eskalak ere; horien artean, Lawton eta Brody eskala adibide ona da. Autonomiaren kuantifikazioa eta objektibazioa argudio baliotsua izan daiteke peritu esparru batean.
Trebetasun psikiatrikoaren iturriak eta metodoa
Peritu txostena egiteko, askotariko informazio iturriak bildu behar dira. Historia medikoak eta aurretiko txostenek trafiko istripuaren aurreko egoeraren, lehendik zeuden gaixotasun psikiatrikoen eta jasotako tratamenduen berri ematen digute. Trafiko istripuaren beraren txosten medikoek istripuaren unean izandako kontzientzia galerei eta aldaketei buruzko xehetasunak ematen dituzte (Glasgowko koma eskala, esaterako, GGT susmoa dagoen guztietan sartzen da), eta ZIUko ospitaleratzeen edo ebakuntza kirurgikoen berri ematen dute; baita zauritutako pertsonaren eta zauritutako edo hildako beste pertsona batzuen erreskate prozesuan eragina duten ezohiko egoeren berri ere.
Pazienteari eta haren laguntzaileei egindako elkarrizketan arreta berezia eskainiko diegu biografia pertsonalaren deskribapenari eta aurrekari mediko-psikiatrikoei. Horrek aurretiazko zaurgarritasun eta indarguneei, bizi egonkortasunari eta izandako haustura eta krisiei buruzko informazioa emango digu.
Miaketa psikopatologikoak momentuaren argazki bat eskainiko digu; trafiko istriputik zenbat eta hurbilago, sintomen bilakaera txikiagoa. Sintoma psikiatrikoak subjektiboak dira gehienbat, eta behatzeko moduko jokabide bihurtzeko joera dute. Interesgarria da aipatutako sintomen nolakoaren eta larritasunaren eta egunerokoan duten eraginaren artean dagoen bat etortze maila ezagutzea. Informatzaileekin egindako elkarrizketa lagungarria gerta dakiguke pazientearen kontakizunaren eta haren jokabide sozialaren deskribapenaren arteko kontrastea egiteko.
Azkenik, miaketak bi motatakoak izan daitezke. Garuneko lesioaren susmoa izanez gero, neuroirudi teknikek, batez ere burmuineko erresonantzia magnetikoak, garuneko kontusio eta odoljarioen existentziari eta kokapenari buruzko informazio baliotsua emango digute. Bestalde, test psikologikoek eta, bereziki, balorazio kognitiboko testek informazio osagarri baliotsua emango digute gaitasun kognitiboari, aldarteei eta nortasun estiloei buruz.
Bukatzeko
Gaixotasun mentala duen pertsona batek trafiko istripu bat jasan duenean eta haren egoera larriagotu egin dela esaten duenean, hainbat kontu azaleratu ohi dira. Lehenengoa da ea gaur egungo egoera gaixotasunaren berezko eboluzioari dagokion, ala trafiko istripuaren ondoriozko zirkunstantziek eragindako benetako larriagotze batez ari garen. Horretarako, garrantzitsua da diagnostiko argi bat izatea eta gaixotasunak aurreko urteetan izandako bilakabidea nolakoa izan den jakitea. Diagnostikoari dagokionez, oso desberdina da beti progresiboki eboluzionatzen duen Alzheimer gaixotasunaren aurrean egotea eta nahasmendu bipolarraren aurrean egotea, zeinaren bilakabidea fosikoa eta aldakorragoa baita. Oro har, aurretiko gaixotasun psikiatrikoa zenbat eta larriagoa izan, orduan eta zailagoa da trafiko istripu baten osteko sekuelak behar bezala identifikatzea. Baloratzen ari diren kexen nolakoagatik, antsietateagatik, beldurragatik, tristuragatik eta fobiengatik, normalean sortzen den bigarren gai bat sintomak puzteko posibilitatea da.
Artikulu honetan iradokitzen da adierazle multzo bat erabiltzea lagungarria izan daitekeela alborapenak murrizteko eta errealitate klinikoaren inpresio orekatuagoa sortzeko. Hauek dira iradokitako adierazleak: desgaitasunaren balorazioa trafiko istripuaren aurretik eta ostean; sintomen larritasunaren, jasotako tratamenduen eta ospitaleratzeen konparazioa; eta autonomiaren eta laguntza sozialen bilakaera. Gaixotasunaren historia eta iradokitako adierazleak argi eta dokumentatuta azaltzea lagungarria izango da peritu lanaren kalitaterako eta larriagotzearen magnitude zehatza argitzeko.