Ariketa fisikoaren garrantzia Parkinsonen gaixotasuna duten pazienteen oreka hobetzeko - 15 azaroa, 2023
Egilea:
Alba Simón Pellitero, fisioterapeuta
Aita Menni Neurrehabilitazio Zentroa (Bilbo)
Parkinson gaixotasuna adinekoen artean agertu ohi den gaitz neurodegeneratibo bat da, eta ezaugarri nagusia sintoma motorrak dira, hala nola dardarak, bradikinesia, zurruntasuna eta ezegonkortasun posturala, nahasmendu sentsorial eta kognitiboez gain. Parkinsona duten pazienteen oreka hobetzeko, ariketa espezifikoak gomendatzen dira: entzumen estimuluak, plataforma mugikorreko ariketak, hidroterapia, dantza pausoak, corea indartzea… Eta, horien artean, etxean egin daitezkeen oso erraz batzuk daude. Gure fisioterapeutak deskribatzen dituenak bezalako serieak egiteak bizi kalitatea hobetzen, arrisku faktore kardiobaskularrak kontrolatzen eta indarra eta erresistentzia mantentzen laguntzen du.
Zer da Parkinsonen gaixotasuna?
Parkinsonen gaixotasuna bigarren gaixotasun neurodegeneratiborik ohikoena da, eta adin aurreratuetan du agertzeko probabilitaterik handiena. 1817an deskribatu zuen lehen aldiz James Parkinsonek, honako ezaugarri hauekin: atsedeneko dardara, bradikinesia (mugimendua murriztea, bai zabaleran, bai abiaduran), zurruntasuna eta ezegonkortasun posturala.
Sintoma motor horiez gain, motor hutsak ez diren beste disfuntzio batzuekin batera ager daiteke. Horien barruan nahasmendu sentsorialak eta defizit kognitiboa aurki daitezke.
Parkinsonen gaixotasunaren sailkapena
Gaixotasunaren irismena neurtzeko, Hoehn eta Yahren Eskala delakoa erabiltzen da, pazienteak hiru mailatan sailkatzen dituena:
- Gaixotasun arina: I. estadioari dagokio. Hemen, eragina urria da.
- Gaixotasun arin-moderatua: II. eta III. estadioei dagokie. Hemen, eragina urria edo moderatua da, eta oreka eta kontrol posturala erasanda daude dagoeneko, beste parametro batzuen artean.
- Gaixotasun larria: azken bi estadioei dagokie. Hemen, gaixotasunak desgaitasuna eta mendekotasuna eragiten ditu.
Orekaren ebaluazioa parkinsona duten pazienteetan
Oreka oso parametro garrantzitsua da paziente horien artean, gaixotasunaren estadioaren arabera eragin handiagoa edo txikiagoa izango duelako, eta horrek mugimenduaren kalitatean eta erortzeko arriskuan eragin dezake.
Horrelako pazienteetan oreka baloratzeko test bateria bat erabiltzen da, eta horietatik garrantzitsuenak azaltzen dira jarraian.
Alde batetik, Mini-BESTest dago, hau da, BESTest (Balance Evaluation System) testaren luzapen txiki bat. 14 item ditu, lau ataletan multzokatuta: erreakzio postural aurreratzaileak, erantzun posturalak, orientazio sentsoriala eta ibilerako oreka.
Asko erabiltzen den beste neurketa tresna bat Timed up and go Test da (TUG). Test horrek pertsona batek aulki batetik altxatzeko, 3 metroko distantzia ibiltzeko, buelta hartzeko, aulkira itzultzeko eta berriro esertzeko behar duen denbora neurtzen du, segundotan.
Parkinsonen gaixotasuna duten pazienteen oreka hobetzeko eraginkortasuna erakutsi duten ariketen tipologia
Hainbat azterlanek ariketak proposatzen dituzte parkinsona duten pertsonen oreka hobetzeko; estrategia horiek fase arin eta moderatuetan dira baliagarrien.
Metronomo baten laguntzarekin entzumen estimuluekin batera egiten diren oreka ariketa espezifikoak nabarmentzen dira; plataforma mugikorrean ariketak ere proposatzen dira, arnes batekin, pazienteen segurtasuna bermatzeko, eta aurretik atzerako perturbazioak eta albokoak eta diagonalak sortzen dituen plataforma batean.
Horrez gain, paziente talde horretan oso eraginkorrak dira igerilekuan egiten diren oreka ariketak (hidroterapia) eta dantza ariketak, non gerriak disoziatzeko eta beheko gorputz adarrak indartzeko hainbat ariketa sar daitezkeen. Horrelako pazienteetan, era berean, garrantzi handia eman behar zaio COREA egonkortzeari (enborrari eta pelbisari erreferentzia egiten dien terminoa da, postura egonkortzeko funtzioari dagokionez), eta hori indartzeko hainbat ariketa programatu behar dira.
Laburbilduz, ariketa fisikoa tresna eraginkorra da oreka hobetzeko, eta, horrenbestez, bizi kalitatea hobetzeko. Oreka hobetzeaz gain, arrisku faktore kardiobaskularrak kontrolatzea eta indarra eta erresistentzia mantentzea dakar. Faktore horiek guztiek Parkinsonen gaixotasunak aurrera egitea geldiarazten laguntzen dute.
Ariketen adibideak
Ondoren, etxean gure kasa egin ditzakegun ariketa erraz batzuk deskribatzen dira.
Ibilerako ariketak uztaiekin
Uztaiak jartzen ditugu lurrean, eta pertsona oina uztaietan sartzen ibiltzen da horiek ukitu gabe.
Ariketa hau alboetara ibiliz ere egin daiteke.
Ibilerako ariketak oztopoekin
Oinez ibiltzea da, oinak ondo altxatuta oztopo desberdinak gainditzen diren bitartean.
Ariketa hau, uztaiekin bezala, alboetara ibiliz ere egin daiteke.
Corea indartzeko ariketak
Ariketa asko egin daitezke gorputzaren zati garrantzitsu hau indartzeko, eta horien artean nabarmentzen dira, adibidez:
- Ipurmasailetako zubia: ohean edo estera batean etzanda, tolestu hankak eta jaso ipurdia, eutsi pixka batean goian, eta jaitsi emeki. 10 errepikapeneko serieetan egitea gomendatzen da, serietik seriera atsedena eginez.
Sabelaldean pisu bat jar daiteke, ariketaren eskakizuna handitzeko.
- Hankaren zirkundukzioa: aurreko ariketako jarrera berean, baina hankak luzatuta daudela, hanketako bat jaso eta airean zirkuluak egin.
- Hanka jasotzea sedestazioan: pertsona aulki batean eserita dagoela (beso euskarriarekin edo gabe), hanketako bat jaso, segundo batzuk eutsi eta berriro jaitsi emeki. 10 errepikapeneko serieetan egitea gomendatzen da, serietik seriera atsedena eginez.
- Kokoriko: aurreko ariketaren posizio berean, oinak eta sorbaldak parean daudela, poliki altxatzea eta esertzea eskuak erabili gabe. 10 errepikapeneko serieetan egitea gomendatzen da, serietik seriera atsedena eginez.
Ariketa horiek guztiek, ariketa kardiobaskularreko errutina batekin batera, hala nola aldian-aldian ibiltzera irtetea edo pedalei eragitea, lagundu egiten dute Parkinsonen gaixotasuna duten pertsonen oreka eta bizi kalitatea hobetzen.