Urriaren amaieran, Alfontso X.a Jakituna Unibertsitateak (UAX) Neurorrehabilitazioko Diziplinarteko I. Jardunaldia egin zuen, 500 lagun baino gehiagoren partaidetzarekin, horien artean egonik ikasleak eta osasungintzako eta arloko enpresa teknologikoetako profesionalak.
Zalantzarik gabe, errehabilitazio neurologikoak hobetu egiten du hartutako kalte zerebrala, muineko lesioa, esklerosi anizkoitza, ELA edo parkinsona duten pertsonen bizi kalitatea. Espainiako Neurologia Elkartearen arabera (SEN), Espainian 7,5 milioi pertsonak baino gehiagok dute gaixotasun neurologikoren bat.
Jardunaldian errehabilitazio neurologikoko estatuko eta nazioarteko ordezkari gorenek parte hartu zuten, eta hainbat gai landu zituzten beren ponentzietan, hala nola ur inguruneko terapia transdiziplinarra, errehabilitazio unitateetan teknologia berriak integratzea, medikuntza hiperbarikoaren zeregina errehabilitazio neurologikoan, robotikaren eta biomekanikaren rola… eta hori guztia pazienteari eta haren ongizate eta bizi kalitateari arreta jarriz.
Testuinguru horretan, Ahizpa Ospitalarioen Kalte Zerebraleko Menni Sareko zuzendari Jose Ignacio Quemada doktoreak kalte zerebralaren nahasmendu psikiatrikoez, neurorrehabilitazioaren ahalmen terapeutikoaz eta psikologiaren eta beste diziplina batzuen arteko elkarlanaren beharraz hitz egin zuen. Bideoan ikus daiteke 4h 14 minututik aurrera.
Depresioa, apatia, parkinsonaren adierazkortasunik eza, suminkortasun erreaktibo iheskorra, etsaitasuna eta agresibitate iraunkorra, labilitate emozionala eta emozionalismoa dira kalte zerebral baten ondorengo nahasmendu afektibo ohikoenetako batzuk. Iktusaren ondoko depresioak atal berezia hartu zuen Quemada doktorearen azalpenean; prebalentziari buruzko datuak askotarikoak dira eta, esaterako, Robinson eta Spalletta egileen azterketaren arabera (2010), %21,7k depresio larria aipatzen dute, eta %19,5ek depresio arina; aitzitik, depresioa oro har lantzen duten azterketek kalkulatzen dutenez, 3 pertsonatik 1ek aurkezten dute depresio sintoma esanguratsuak (Hackett & Anderson. Stroke 2005).
Doktoreak zehatzago azaldu nahi izan zuen iktusaren ondorengo antsietate orokorreko nahasmendua (GAD, ingeleseko sigletan, Generalized Anxiety Disorder), izan ere, eguneroko praktikan, ibileraren errehabilitazioan interferitzen du, zaintzailearen aldetik gehiegizko babesa agerrarazten du, eta autonomia galarazten du.
“Jada ez da pertsona bera”, hori da senideen ahotan hainbeste aldiz entzun dugun esaldia kalte zerebrala nozitu duen norbait deskribatzen dutenean, eta, esaldi errepikakor horri helduta, gure psikiatrak jokabidearen nahasmenduak aipatu zituen, hala nola apatia (axolagabetasuna, ekimen falta), desinhibizioa, suminkortasuna, agresibitatea edo jokabide sozial desegokia.
Iktusaren bilakaera longitudinalaz hitz egitean, hizlariak Naiara Mimentzaren doktore tesia aipatu zuen (2018), iktusaren ondorengo hiru hilabetera dauden NPIko (inbentario neuropsikiatrikoa) sintomen prebalentzia aztertzen duena. Halaber, hartutako kalte zerebralaren desinhibizio konduktualari buruz Ignacio Sanchez Cubillo doktoreak egindako ikerketa aipatu zuen, baita eta Beatriz Castaño doktoreak egindako tesiarena ere, traumatismo kranioentzefalikoaren (TKE) NPIa azaldu zuenean.
“Ezegonkortasun emozionala edo hauskortasun afektiboa ohikoa da. Narriadura kognitiboa, alterazio emozionala eta nahasmendu bolitiboa elkarrekin agertzea ohikoa da”, adierazi zuen doktoreak. Jokabidearen nahasmendua oso ohikoa da, eta horren eragileak kalte zerebraletik eratorritako nahasmendu psikikoak daude, hala nola apraxia, agnosia, afasia (lesioa ezker hemisferioan gertzen denean); arduragabekeria, gabezia bisuoespaziala (eskuin hemisferioan); amnesia eta konfabulazioa (kalte tenporal medialak, kalte mamilotalamikoak); disfuntzio exekutiboa, narriadura kognitiboa, dementzia, nahasmendu emozionalak, eldarnioak eta identifikazioaren nahasmenduak.
Ondorioak
Quemada doktorearen ponentziatik atera daitezkeen ondorioen artean hauek nabarmentzen dira:
- Kalte zerebralaren sintoma psikiatrikorik prebalenteenak dira suminkortasuna, depresioa, apatia eta desinhibizioa.
- Sintoma psikotikoak arraroak dira eta eskuin hemisferioko lesioetan kontzentratzen dira.
- Jokabidearen aldaketek interferentzia handia ekartzen dute elkarbizitzan, eta ez dugu esku hartzeko eredu egonkorrik.
Jardunaldiak hitzaldi eta mahai inguru interesgarriak izan zituen, eta errehabilitazio prozesuan diziplinarteko lanketaren garrantzia azpimarratu zuten, ikuspegi berritzaileenetik. Ekitaldian partaide izan ziren, baita ere, Juan Pablo Romero eta Marcos Rios, Beata Maria Ana gure Ospitaleko Kalte Zerebraleko neurologoa eta koordinatzailea, hurrenez hurren, eta Ana Mendigutia doktorea, Unitate bereko fisioterapeuta eta UAXeko Neurofisioterapia Masterreko zuzendaria.