Ezintasun konplexu bat duen pertsona batek erabakiak hartzeko gaitasuna duen ala ez aitortzeko, aldagai asko kontuan hartu behar dira. José Ignacio Quemadak, Garuneko Kalteko Menni Sareko psikiatra eta zuzendaria denak, garuneko kaltea duen pertsona batek bere kabuz erabakitzeko gaitasuna duen ala ez aitortzeko bioetikak duen garrantziari buruz hitz egin zuen Valladoliden egindako I. Bioetika Jardunaldian.
Pertsona batek garuneko kaltea izaten badu – iktus batengatik, TKE batengatik edo bestelako arrazoiengatik, hala nola tumoreengatik edo entzefalitisarengatik-, bere alerta-mailan, mugimenduen kontrolean, komunikazio- eta ezagutza-prozesuetan, emozioetan eta nortasunean ere kaltea izan ditzake. Quemada doktoreak garuneko lesio larria duten pazienteengan erabakitzeko gaitasuna baloratzeko prozesuan kontuan hartzen diren tresnak eta printzipioak azaldu zituen. Hain zuzen, garuneko kaltea duen paziente batek, egiten dituen ekintzak ulertzeko eta horiek egiteko gogoa agertzeko gaitasuna duen nola erabakitzen den azaldu zuen.
Ohikoa da garuneko kaltea duen norbaitek erabaki garrantzitsuak hartu behar izatea, hala nola gidatzea, lan egitea, testamentua egitea, etxe bat saltzea, banantzea, bozkatzea…Erabakitzeko gaitasuna baloratzean, aukeratzeko gaitasuna, gaiak ulertzeko, informazioa zentzuz erabiltzeko eta bestelako jarduerak egiteko gaitasuna kontuan hartu behar dira. Jose Ignacio Quemadak kontzientziari eta haren nahasmenduari buruz hitz egin zuen. Horrez gain, zenbait arazo etikori buruz mintzatu zen, eta pazienteen erabakiei dagokienez, gaitasuna erabaki jakin bakoitzarekin lotu behar zela azpimarratu zuen.
Hori horrela, balioak eta helburuak aintzat hartu behar dira, kaltea duen pertsonak komunikatzeko, informazioa ulertzeko, arrazoitzeko eta erabakitzeko zer gaitasun dituen ikusi. Zenbait teoria eta balorazio-eskalari buruz gogoeta egin ondoren, alderdi emozionalak ez daudela oso adierazita nabarmendu zuen Jose Ignacio Quemadak. Ondorio hauek atera zituen:
- Senaren eta gizarte-jokabidearen mendean dauden prozesuak ohiko balorazio kognitiboez harago daude.
- Oso erabilgarria da benetako inguruneetan balorazio funtzionala egitea.
- Erabakitzeko gaitasuna baloratzean erabakiaren konplexutasuna kontuan hartu behar da.
- Komunikazioaren arazoak espezialista batek baloratu behar ditu, ulermen-maila azter dezan, eta beharrezkoa bada, komunikazioaren ordezko sistemak erabiltzeko.
Topaketa
Valladolideko Benito Menni Ospitaleak antolatuta, iragan ostiralean, maiatzak 30, bioetikari buruz egindako lehen topaketa hau osasun arloko eta arlo soziosanitarioko profesionalentzat, familien elkarteentzat eta gaixoentzat batik bat izan zen; baita oro har, gaian interesa duten pertsona guztientzat ere. Liburuxkan ikusten den moduan, goi-mailako beste txostengile batzuek ere parte hartu zuten, eta gai garrantzitsuei buruz aritu ziren.
Arlo profesionalean giza balioen garapena sustatzen duen gogoeta-esparru bat da bioetika. Diziplina moduan, jarduera klinikoan bikaintasuna lortzen laguntzen die gure zentroetako profesionalei. Osasun-beharrak, behar psikologikoak, sozialak edota espiritualak dituzten pertsonak artatzeko, ezinbestekoa eta funtsezkoa da balio horiek baliatzea. Ahultasun-egoeran dauden pertsonei laguntzeko prest egon behar dugu, beraien autonomia lantzeko, eta beraien bizitza-proiektura hoberen egokitzen diren erabakiak hartzen laguntzeko. Seguru sentitzen lagundu behar diegu, eta gure ezagutzak eta esfortzuak haien eskura jarri behar ditugu, beren gaitasuna erabil dezaten.