Sekuela psikikoak 35/2015 Legearen baremoan - 21 uztaila, 2022
Nola ezartzen da trafiko istripu baten ondorioz sekuela psikikoak dituen pertsona bati dagokion kalte ordain ekonomikoaren zenbatekoa, kalte-galera gisa? Quemada doktoreak, peritu mediko gisa duen esperientziatik, prozedura eta sailkapen sistemak azaltzen ditu artikulu tekniko honetan.
Idazlea:
José Ignacio Quemada, psikiatra eta Kalte Zerebraleko Menni Sareko arduraduna
Trafiko istripuetan jasandako gorputz kalteen konpentsazioa 1995etik barematu da. Baremoa argitaratuta, gure lege sistemak loteria juridikoa murriztea eta auziak arintzea lortu zuen, eta, horretarako, aldeak animatu zituen akordioak lortzera zenbateko ekonomiko bihurtzen diren puntuen estimazio baten inguruan.
Artikulu txiki honetan, azken berrikuspenaren edukia helarazten saiatuko naiz, sekuela psikikoei dagokien zatian. Espainiako lege esparruan tresna bakarra denez, erreferentzia gisa erabiltzen da, halaber, gorputzeko kalte bat ordaintzeko konpentsazio ekonomikoa kalkulatu behar den beste egoera batzuetan. 1995ean lehenengoz argitaratu ondoren, baremoak bi berrikuspen garrantzitsu izan ditu, 2003an (34/2003 Legea) eta 2015ean (35/2015 Legea), aurrerapenak ekarri dituztenak soiltasunean eta koherentzian.
Lehen bertsioan, sekuela psikikoei buruzko zatiak 19 sintoma, sindrome eta gaixotasunen zerrenda zuen, lotura gutxi zuena sistema nosologiko psikiatrikoekin, eta deskribapenik gabea. Lehen berrikuspenetik aurrera, bi diagnostiko klinikok hartu zuten garrantzi gehien: nortasunaren nahasmendu organikoa eta narriadura kognitiboa. Gainera, bi diagnostikoetarako puntuazio posibleak aukera ugari hartzen zituen, sindromearen eragin funtzionalarekin zerikusia zuen larritasunaren sailkapenaren arabera. 1. taulan, 2015eko baremoan, jatorri organikoko sekuela psikikoen diagnostikoak ikus ditzakegu; bi diagnostiko kliniko horien formulazioa bateratua da.
Terminologiaren ezegonkortasuna
1. taularen izenburuak jada ohartarazten digu ezagutza arlo horrek duen ezegonkortasun terminologikoari buruz, eta hori Baremoaren bertsio desberdinetan zein nosologia psikiatrikoetan islatzen da.
Azken horiei dagokienez, psikiatrok bi sailkapen sistema nagusi ditugu: Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenaren hamargarren edizioa (ICD 10), OMEk babestua, eta DSM-5, tradizio amerikarrekoa. Ezegonkortasun eta ondoriozko nahaste terminologiko hori “kognitibo” eta “nortasunaren nahasmendu organiko” terminoen inguruan gertatzen da. Lehenengoak, “kognitiboak”, sinonimo ugari ditu (kognoszitiboa, neurokognitiboa, goi mailako funtzioak), eta sailkapenen ondoz ondoko edizioetan aldatuz joan denez, nahasmena sortzen dute. “Kognitiboaz” edo baliokideez hitz egiten dugunean, arreta prozesuei, memoriari, praxiei, gnosiei, gaitasun bisuoespazialei eta funtzionamendu exekutiboari buruz ari gara.
DSM-5ek (3. taula) bere modua du diagnostiko horiek izendatzeko, honako epigrafe hauek erabiliz: “nahasmendu neurokognitibo nagusia edo arina, eta “beste gaixotasun mediko baten ondoriozko nortasun aldaketa”. Gaixotasun psikiatrikoak sailkatzeko bi sistema horiek bananduta mantentzen dituzte narriadura kognitiboari buruzko diagnostikoak eta nortasunaren aldaketa iraunkorrei eragiten dietenak. Izan ere, azpimarratzekoa da, nahaspila terminologiko horretan, “nortasuna” kontzeptuak iraun egiten duela, bai ICD 10ean, bai DSM-5ean.
Larritasun mailak
Baremoak bi zatitan bateratu zituen bi diagnostikoak; 2003ko berrikuspenean bananduta mantendu zituen, baina larritasunaren sailkapen berdinarekin, eta 2015eko azken bertsioan, berriz, kategoria bakar bihurtu ditu, eta larritasun mailen deskribapenean sakondu du.
Ahalegindu gaitezen larritasunaren sailkapena aztertzen (4. taula). Narriadura kognitiboaren, loaren, kontrol emozionalaren, jokabidearen eta sintoma horiek guztiek eguneroko bizitzako lan jarduera, harreman eta autonomia gaitasunean duten eragin mota desberdinen konbinazioa da. Sintomen eta horien ondorio sozialen deskribapen horrek duen meritua da sintoma mota asko (kognitiboak, emozionalak, jokabidekoak) eta horiek eguneroko bizitzan duten eragina aztertzen duela (guztiak ere egoki hartuta). Deskribatzeko grinak nolabaiteko desordena edo nahasketa eragin du aurkezpenean, eta, nire ustez, hori da oraindik Baremo honetan hobetu daitekeen alderdia. Ondorio sozialen eta autonomiaren sintomak bereizi beharko dira. Lehenengoak, diagnostikoa erabat justifikatzeko, eta bigarrenak, sortutako larritasuna edo handicap soziala kalkulatzen laguntzeko.
Azkenik, kalte zerebralarekin hain harreman zuzena ez duten sindrome edo gaixotasun psikikoak daude. Diagnostiko horietan, trauma osteko estresaren sindromea da nagusi, zeinean istripuaren esperientziaren inpaktuak, berehalakoak edo berandutzekoak, garrantzi kausal handia baitu. Kasu horietan, esan beharreko ia gauzarik garrantzitsuena da peritu psikiatrak, neurologoak edo neuropsikologoak oso ziur egon behar duela diagnostiko horietakoren bat dagoela eta nortasunaren aldaketa organikorik edo narriadura kognitiborik ez dagoela. Hala egin ezean, mesede eskasa egin dakioke kaltearen konpentsazio justua kalkulatzeari, diagnostiko horiek, oro har, puntuazio baxuagoak jasotzen baitituzte, arinagotzat jotzen direlako, edo etiologikoki istripuaren aurreko faktoreei lotuta daudela jotzen delako. 5. taulan jasotzen dira diagnostiko horiek.
1. eta 5. taulen konparaziotik ikus dezakegu trauma osteko estresak eragindako nahasmenduetan larriena (1-15) ez dela konpentsatzen narriadura kognitibo arin batek (13-20) izango lukeen puntuazioan bezala.
Amaitzeko, gainbehera dagoen klasiko baten aipamena: sindrome postkommozionala, sintoma kognitiboen, somatikoen eta emozionalen konbinazioa. Diagnostiko hori ICD 10ean bakarrik mantentzen da, baina DSM-5etik eta baremotik desagertu da. Nahasmendu kognitibo arinak edo nahasmendu neurotikoek irentsi dute.
Espezialisten iritzia alde batera utzita, nirea da diagnostiko horri eustea merezi duela, errealitate kliniko bereizi bat islatzen baitu, eta, ikuspegi pragmatiko batetik, komeni da sekuelak barematzeko testuinguruetan diagnostikoa egitea saihestea, baremora itzultzeko zailtasun handiak ekarriko baititu. Perituok mesede egingo genieke pazienteei eta sistemari, baloratzen badugu ICD 10eko edo DSM-5eko beste zein kategoria diagnostikotan sar daitekeen, baremora erraz itzultzeko moduan.