Nahasmendu kognitibo-konduktualen maneiua, etikan eta duintasunean oinarrituta - 8 otsaila, 2024
‘Pertsonarengan oinarritutako arreta eredua‘ kontuan hartuta, gure neuropsikologoak artikulu honetan edozein ingurune klinikotan jokabide-aldaketa bat egin aurretik kontuan izan behar diren kontzeptuak berrikusten ditu, bereziki, “noiz” eta “nola” aldatu behar den portaera, jokabide bat dagoenean zeinak erasandako pertsonaren bizi kalitateari berari zein ingurukoei eragiten dien.
Egilea:
Ainhoa Espinosa Luzarraga
Aita Menni Ahizpa Ospitalarioetako neuropsikologoa Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) Bekoetxe Kalte Zerebraleko Eguneko Zentroan.
Garuneko lesio baten etiologia askotarikoa da, eta, beraz, kalte zerebralaren ondorengo adierazpen klinikoak ere askotarikoak dira; arazorik ohikoenak defizit motorrak, kognitiboak (hizkuntza, memoria, funtzio exekutiboak…), konduktualak (autoerregulazioa, nortasun aldaketak…) eta/edo kaltetutako pertsonaren eta ingurukoen funtzionaltasunean eta bizi kalitatean mugak jartzen dituzten aldaketen kontzientziari buruzkoak.
Esan bezala, daitekeena da arlo kognitiboko ondorioei nortasunaren nahasmenduak edo aldaketak gehitzea. Ahaztu gabe defizitaz jabetzeari buruz izandako aldaketak, edo agertu diren muga pertsonal berriak eta horiek kaltetutakoaren bizitza globalean eta ingurune sozialean dituzten ondorioak autoezagutzan integratzeko zailtasunak.
Hartutako kalte zerebral baten ondoren, jokabidearen aldaketak nabarmentzen dira: nortasunaren nahasmendu organikotik, zeinak prebalentzia handia duen kalte zerebrala duten pazienteengan, lesioaren aurretik egon zitezkeen karaktereak larriagotzeraino.
Portaeraren nahasmendu esanguratsua
Zehazki, Buruko Nahasmenduen Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburuaren arabera, nortasunaren nahasmendu organikoa honela ulertzen da: “Portaera premorbidoen ohiko formen nahasmendu esanguratsua. Nahasmendu horiek modu berezian eragiten diote emozioen, beharren eta bulkaden adierazpenari”, lesioaren aurreko ezaugarriak larriagotzen direla ikusten denean ez bezala —kasu horretan, inguruak aurreko ezaugarri berberekin ezagutzen du pertsona, baina horiek areagotuta—, eta horrek eragina izan ohi du bizikidetzari edo aurretiko lotura afektiboetara egokitzeari dagokionez.
Kalte konduktual organikoa edo lesio neurologikoak eragindakoa alde batera utzita, ez dugu inoiz ahaztu behar garuneko lesio bat sufritu ondoren pertsona askok erakusten duten alderdi emozional erreaktiboa, izan ere, pertsona horiek gertatutakoaren ondoriozko defiziten eta inplikazio emozionalaren kontzientzia izan dezakete.
Jokabidearen aldaketei dagokienez aniztasun handia dagoela dakigularik, bistakoa dirudi talde klinikoek kasu bakoitzean arreta erabat indibidualizatua eskaintzeko betebeharra dutela.
Batzuetan, pertsona horiek eta senideek egoitza baliabideak edo bizikidetza unitateak erabili behar dituzte, epe luzekoak edo behin-behineko egonaldi laburrekoak, eta testuinguru horretan berraztertzen ari gara jokabidean esku hartzeko modua, egoitza horietan lan egiten duten talde soziosanitarioekin batera.
Esku hartze eraginkorra eta, aldi berean, errespetuzkoa eta etikoa
Jokabidearen gaineko esku hartzea eraginkorra eta aldi berean errespetuzkoa eta etikoa izan dadin, aurretiaz hainbat galdera planteatu behar ditugu. Lehenik eta behin, jokabide batean esku hartzea planteatzen badugu, jokabide zehatz eta objektibagarri baten inguruan egingo dugu (edontzia lurrera bota du eta oihu egin du), eta ez jokabide horri buruz egiten dugun interpretazio pertsonalean oinarrituta (haserre dago eta oldarkorra da).
Beraz, jokabidean esku hartze egoki bat planteatu ahal izateko oinarria da aldatu nahi eta behar dugun jokabide jakin bat identifikatzea, eta horren aurrekariak (lehenago gertatu dena) eta ondorioak (ondoren gertatu dena) baloratu behar ditugu.
Jokabide espezifikoa identifikatu ondoren, lehenago zer gertatzen den eta horren bidez zer lortzen den, modu bateratuan eta denbora mugatu batez aplikatuko dugun metodologia mota adostuko dugu taldean.
Planteamendu horretan, helburutzat jokabide hori aldatzea izan behar dugun ala ez hausnartu behar da, eta, aldatzea erabakiz gero, beti pertsonaren mesedetan egin behar da, eta ez gure edo ingurunearen mesedetan. Hau da, pertsona horren esentziaren eta eskubideen aldeko errespetutik abiatzen garen baloratu behar dugu.
Arriskutsua da edo bateraezina da eskaintzen diogun bizikidetzarekin?
Geure buruari galdetu beharko genioke haren jarduteko modua arriskutsua den berarentzat edo besteentzat, edo benetan bateraezina den eskaintzen diogun bizikidetzarekin.
Egoitza testuinguru horietan lan egiten dugun talde profesionaletako kideok badakigu geu ere ingurunea garela, eta, beraz, eragina izango dugula inguruabarretara egokitzeko edo ez, zer eskaintzen dugun eta nola eskaintzen dugun kontuan hartuta.
Adibide gisa, bizikidetza unitatean bizi den pertsona batek gimnasioan sartzen den bakoitzean eskura dituen objektuak botatzen ditu, eta, ondorioz, irteteko gonbita egiten diogu, eta, beraz, ez du fisioterapiako saiorik egiten.
Gimnasiora joateko eskatzen jarraitzen dugu, bere tratamendu planaren zati gisa, gaur egun dituen gaitasunak mantendu ditzan nahi dugulako, baina egoerak berdin jarraitzen du.
Adibide horretan, badirudi jokabide oldarkor hori jarduera hori saihesteko bitarteko gisa agertzen dela, eta, beraz, gai hauek planteatu beharko genituzke, bere jokabidea jokabidearen nahasmendua duen pertsona batena bezala etiketatu aurretik (izan ere, ziurrenik, epe luzera etiketa horrekin utziko genuke, bere jarduteko modua deskribatu beharrean):
- Bere egoera kognitibora egokituta azaldu dizkiogu lan honek funtzionaltasunerako edo bizi kalitaterako dituen onurak? Ezagutzen ditugu haren bizi kalitatean eragiten duten alderdiak, edo guretzat jarduera hori egitea bakarrik da garrantzitsua?
- Haren ikuspuntua entzun eta kontuan hartu dugu? Ariketa fisikoaren garapenean inplikatu dugu?
- Testuinguru egokia eskaintzen dugu? Haren kasurako erosoagoa edo egokiagoa den beste testuinguru bat eskaini diezaiokegu, landu beharreko trebetasun motor berberak sustatu ahal izateko?
- Errespetatu al dugu testuinguru horretan saio horietara joateko edo ez joateko duen borondatea?
- Aurrea hartu dugu, jokabide hori adierazten jarraitu ez dezan?
Aurrekariak (pertsonarekin gimnasiora joaten gara), jokabidea (objektuak botatzen ditu) eta ondorioak (ez du saioa egiten) identifikatu ondoren, beste gune bat eskaini diogu (lorategia), beste ordutegi batean, pertsonaren eta taldearen artean araututa eta negoziatuta, antolamendu orokorraren aukerak kontuan hartuta, eta ez du jokabide hori berriro erabili. Gaitasun motorra hobetzen laguntzen du, gaur egun duen autonomia mantentzeko garrantzitsua dela uste baitu.
Zaintzan aritzen garenok badakigu eskaintzen dugun inguruneak besteengan eragina duela eta portaeran aldaketak eragiten dituela. Erantzukizun handia da, ongizate pertsonala hobetzeko egungo portaerak berrikustea justifikatzen duena.