Kalte zerebrala duten pazienteen orekaren entrenamendua perturbazioetan oinarrituta - 20 otsaila, 2018
Errehabilitazioaren erronka handietako bat da pazientea oinez hasten denean seguru ibiltzea eta ez erortzea. Perturbazioan oinarritutako orekaren entrenamenduak erreakzio erreflexuen kontrola hobetu nahi du
Egilea: Juan I. Marín Ojea doktorea
Medikuntza Fisiko eta Errehabilitazioko espezialista
Kalte Zerebraleko Zerbitzua Aita Menni Ahizpa Ospitalariak
Ikuspegi biomekanikotik, giza gorputzak pendulu inbertitu baten moduan funtzionatzen du, 0,1 m2 eskaseko oinarri urri baten gainean oszilatzen. Egoera horretan oreka mantentzea ia-ia mirari bat da, kontuan hartuta, gainera, pendulua artikulatuta dagoela. Oreka mantentzeko, nerbio sistema zentralak zehaztasun handiz doitu behar ditu mugimenduaren interakzioak gorputzaren artikulazio desberdinetan.
Oreka mantentzea eta ibiltzea izango da errehabilitazioaren ardatza nagusietakoa.Garrantzitsua da transferentzietarako, komunera joateko, egoki janzteko, etxean mugitzeko.Kalte zerebrala duten lagunek oreka handiagoa izateak asko errazten du etxeko zaintza.
Posturaren kontrola funtsezkoa da bizimodu independentea izateko.Urtero, 65 urtetik gorakoen heren bat erori egiten dira.Iktusa sufritu duten eta instituzionalizatua ez dauden pazienteen %70 erori egiten dira lehen urtean. Eroriko gehienak ibili bitartean gertatzen dira.
Hainbat estrategia edo erantzun ditugu oreka mantentzera zuzenduta.
o Erantzun prediktiboa:desorekaren aurreko esperientzia erabiltzen du gorputza perturbazioaren aurretik eta ondoren egonkortzeko.Posturan egin beharreko egokitzapenak desoreka agertu aurretik egiten dira.
o Erantzun proaktiboa:analisi bisuala erabiltzen du, aurrea hartzen du eta postura aurretiaz egokitzea espero den desorekaren aurretik postura egonkortzeko.
o Erantzun erreaktiboa:erantzun konpentsatzaile erreflexua erabiltzen du espero ez den desoreka baten aurrean oreka berregonkortzeko.
Erortzeko arriskuan murrizketa moderatuak hauteman dira (%15-%20 gutxi gorabehera) adineko sanoengan interbentzio programak egin ondoren, zeinetan indar eta oreka ariketak eta ariketa aerobikoen konbinazioak erabiltzen diren[1]. Aitzitik, ez da ebidentzia erabatekorik ariketa horien eragina erakusten duenik adinekoen edo adineko hauskorren erorikoei dagokienez[2], edo istripu zerebrobaskular baten ondoren[3]. Erorikoak murrizteko ariketen eragina funtsik gabea ote den, edo eraginkortasunik ez ote duen esateko arrazoia da eroriko bat prebenitzeko behar diren zereginak ez daudela zehaztuta.
Posturaren perturbazio baten ondoren oreka berreskuratzeko, pisua aldatzeko mugimenduak egin daitezke (adibidez, urrats konpentsatzaileak eginez edo hurbileko objektuei helduz), eta gorputz segmentuen kontrako errotazioak.Entrenamenduaren helburua oreka berreskuratzeko mekanismoak lantzea bada ariketa orokorra baino eraginkorragoa izango da.
Zeregin zehatzetan oinarritutako entrenamenduaren garrantzia gero eta interes handiagoa sortzen ari da perturbazioan oinarritutako orekaren (EBP) entrenamenduaren ikuspegi berrian.Perturbazioan oinarritutako oreka desoreka baten ondoren (estropezu, labain egitea) erreakzio erreflexuak hobeto kontrolatzera zuzentzen da, giro seguru eta kontrolatu batean.Pazienteei ustekabeko oreka perturbazioak jasanarazten zaizkie, adibidez, azelerazioak zinta errodatzaile batean, gerritik tira egitea, kable bidezko desplazamenduak, terapeuta batek bultza egitea eguneroko zereginetan, esaterako, zutik jartzean, ibiltzean edo aulkitik altxatzean.Perturbazioan oinarritutako orekan zehar egiten diren perturbazioak ez dira aurrez iragartzen, eguneroko bizimoduko ustekabeko erorikoen izaera imitatzeko eta, horrela, zereginaren ikuspegi espezifikoa bat etor dadin “ikasketa espezifikoaren” hipotesiarekin.
Azterketa askok erakusten dute perturbazioan oinarritutako orekarekin zaharren erorikoen %50eraino ere ekidin daitezkeela[4], eta iktus baten ondoren alta hartu eta etxera joan diren pazienteen erorikoak ere nabarmen murrizten direla5].
Premisa horietan oinarrituta, oreka dinamikoa entrenatzeko sistema bat gehitzea erabaki genuen, perturbazioetan oinarritutako entrenamenduaren bitartez, oinez ibiltzearen errehabilitazio prozesua hobetzeko helburuarekin, Aita Menniko Kalte Zerebraleko Zerbitzuan.Amaierako produktu komertzializagarri moduan une hartan aurkitu genuen sistema bakarra Balance Tutor© sistema izan zen, Meditouch-ena™.Gure Zerbitzuan instalatu genuen 2015eko maiatzean, eta praktika sistematiko moduan sartu genuen bipedestazioaren eta ibileraren errehabilitazio prozesuan, gure ospitaleratze Unitatean sartuta zeuden pazienteentzat.
Balance Tutor© ibiltzeko zinta sendo batean oinarritutako sistema bat da, zeina gai den espazioaren 2 ardatzetan perturbazio indartsuak eta desplazamenduak sortzeko (alboetara eta aurretik atzera).Alboetako desplazamenduak egiteko, zinta bera desplazatzen duen sistema mekaniko batean esekita dago, eta aurretik atzerako mugimenduetarako bat-bateko azelerazioak eta dezelerazioak egiten dira oinez joateko bandaren desplazamenduaren abiaduran.
Zinta sentsorizatuta dago eta, ondorioz, presioak neurtu ditzake eta pazienteen grabitate zentroaren desplazamendua ikusi; gainera, pazienteek orkatilan daramatzaten sentsore inertzial batzuek emandako informazioa erabiltzen du, sistemak une oro ezagutu ahal izan dezan pazientea martxaren zer ziklotan dagoen.Gainera, superegitura bat dauka, zeinean 5 puntuko segurtasun arnes bat dagoen zintzilik, pazientea ez dadin entrenamenduan erori.
Sistema horrekin oreka lan estatiko bat egiten dugu (ibiltzeko zinta 0 abiaduran) ibiltzen ez diren pazienteekin, edo lan dinamikoa, oso poliki ibiltzen diren edo makila erabiltzen duten pazienteak babesteko erreakzioak entrenatzeko.Abiadura handiko dispositiboarekin lan egiteko gaitasun handia duten pazienteekin ere erabil dezakegu, perturbazio intentsitate handiak eta zeregin dualak erabiliz.
Dispositibo hori erabiliz daukagun esperientzia oso gogobetegarria izan da, eta ospitaleratze Unitatean alta ematen zaien pazienteen ibileran autonomia mailak igotzea ahalbidetu du.Azken urte honetan hirugarren pertsonen laguntzarik gabe ibiltzen direlarik alta emandako pazienteen kopurua %30 handitu da.
Azkenik, pazienteen gogobetetze handia ere nabarmenduko dugu, seguru sentitzen direlako horrelako ekipamenduekin lan egiten dutenean, baita terapeutekin ere, horiek azpimarratu egiten baitute eguneroko bizitzan oreka erreflexuak hain azkar agertzea eta hobetzea, erabilgarritasuna nabarmenduz.
Erreferentziak
[1] Gillespie LD, Robertson MC, Gillespie WJ et al. Interventions for preventing falls in older people living in the community. Cochrane Database Syst Rev 2012; 9: CD007146
[2] Faber MJ, Bosscher RJ, Chin APMJ, van Wieringen PC. Effects of exercise programs on falls and mobility in frail and pre‐frail older adults: A multicenter randomized controlled trial. Arch Phys Med Rehabil 2006; 87 (7): 885–896.
[3] Verheyden GS, Weerdesteyn V, Pickering RM et al. Interventions for preventing falls in people after stroke. Cochrane Database Syst Rev 2013; 5: CD008728
[4] Pai YC, Bhatt T, Yang F, Wang E. Perturbation training can reduce community-dwelling older adults’ annual fallrisk: a randomized controlled trial. J Gerontol A Biol Sci Med Sci. 2014 Dec;69 (12):1586-94.
[5] Mansfield A, Schinkel-Ivy A, Danells CJ, Aqui A, Aryan R, Biasin L, DePaul VG, Inness EL. Does Perturbation Training Prevent Falls after Discharge from Stroke Rehabilitation? A Prospective Cohort Study with Historical Control. J Stroke Cerebrovasc Dis. 2017 Oct;26(10):2174-2180.