Jolasa tresna terapeutiko gisa - 7 maiatza, 2018
HAURREN NEUROERREHABILIAZIOARI BURUZ HITZ EGITEN DUGUNEAN, JOLASA ETA IKASKUNTZA ELKARREKIN DOAZ. GURE ESKU-HARTZEAK AHALIK ETA EREDU MOTOR GEHIEN ETA ZENTZUMENAK PROZESATZEKO GAITASUNIK GEHIEN BEREGANATZEA IZAN BEHAR DU HELBURUTZAT.
Egilea:
Fátima Sahara Sanz
Terapeuta okupazionala. Aita Menni Ospitaleko Haurren Errehabilitaziorako Unitatea
Eguneroko bizitzako jarduera guztietatik jolasa nagusia da neska-mutilen bizitzan. Ergoterapia pediatrikoan aditua den Francine Ferlanden arabera, jolasa jarrera subjektiboa da, eta hor, plazera, jakin-mina, umore-sena eta espontaneotasuna bateratzen dira, libreki aukeratutako jokabide batean islatuz. Jokabide horretan ez da berariazko errendimendurik espero.
“Jolasaren esperientziak aldaketak eragiten ditu burmuinaren arkitekturan, emozioarekin, motibazioarekin eta sariarekin zerikusia duten sistemetan bereziki”, dio Gordon Burghardtek, Tennesseeko Unibertsitateko etologoak.
Jolasean adituak diren beste batzuek, hala nola Spinkak eta bere laguntzaileek edo Pellisek eta Pellisek jolasa berez helburu bat dela diote, egin ahal izateko plazerarengatik eta poztasunarengatik egiten dena. Kontua da umeek kontrola duten mundu bat sortzea, eta ezagutzen ez dutena bilatzeko aukera izatea, hori beregana dezaten. Horrela, umeek hainbat erantzun malgu dituzte sortu eta aurkitzen dituzten egoerei erantzuteko.
Ikaskuntza motorra jolasaren bidez
Haurren neuroerrehabilitazioari buruz hitz egiten dugunean, jolasa eta ikaskuntza motorra elkarrekin doaz. Oinarri horretatik abiatuz, gure esku-hartzeak ahalik eta oinarrizko eredu motor gehien berreskuratzea izan behar du helburutzat, mugitzeko hainbat aukera sortu ahal izateko. Horrela, zentzumen-gaitasunak, gaitasun motorrak eta zentzumenak prozesatzeko gaitasunak garatuko dira. Horiek etorkizuneko ikaskuntza guztien oinarriak dira.
Garatzean, gaitasun plastikoari, egokitzeko gaitasunari eta burmuinak duen ikasteko gaitasunari esker, gero eta espezializatuagoak eta bereizleagoak diren aldaketak gertatzen dira. Ebidentziaren arabera neurona-zirkuituak birmoldatu egiten dira esperientzia berriak kodetzeko eta portaera motorrean aldaketa sortzeko gai izateko.
Ikaskuntza motorra (IM) praktikarekin eta esperientziarekin lotutako barne-prozesuen multzoa da, gaitasun motorrak sortzeko gaitasunean aldaketa iraunkorrak nolabait sortzen dituztenak, berariazko gaitasun baten bidez. Horrez gain, ikaskuntza motorrarekin lotutako beste kontzeptu garrantzitsu bat neska edo mutilaren partaidetza aktiboa da garatu behar den lanean.
Motibazioa ezinbestekoa da lana edo jarduera egiteko eta arazoa konpontzeko eta gainditzeko. Partaidetza aktiboak ikaskuntzaren prozesaketa indartzen du eta jarraitutasunari eusten laguntzen du.
Gure esku-hartze tresna nagusia haurrekin, beraz, jolasa izango da, eta aurretik adierazi dugun moduan, egiteko esanguratsuena da bizitzaren etapa honetan, jolasaren bidez eskuratzen dituela haurrak zentzumen-trebetasunak, trebetasun motorrak, pertzepzio gaitasunak eta kognitiboak, eta gizarte- eta afektibitate-gaitasunak.
Jolasa eta moldatzeko gaitasunak bereganatzea
Horrela, ikaskuntza eraginkorra lortzeko, haurrak egokitzapenezko gaitasunak beregana ditzan, jolasak lehentasunezko lau elementu kontuan hartu behar ditu: plazera, berezko motibazioa, kontrol-sentsazioa eta ikaskuntza.
Oro har, esku-hartze lerroen helburua oraingo eta geroko mugak aztertzea da, heldutasuna eta aurrerabide egokiak bideratuz, alderdi hauek kontuan hartuz:
o Koordinazio psikomotoreko gaitasunak bereganatzen laguntzea, motrizitate larria (koordinazio dinamiko orokorra), motrizitate xehea (begien eta eskuen eta begien eta mugimenduen koordinazioa) eta zenbait alderdi motor garatuz, hala nola mugimendua, indarra, abiadura, iraunkortasuna, zehaztasuna edo trebetasuna kontrolatuz. Pertzepzioa egituratzeko gaitasunak bereganatzea, hala nola gorputzaren eskema ezagutzea (gorputzaren atalak, lateralitatea, ardatz nagusia), espazio- eta ikusmen-pertzepzioa (kokapenak espazioan, irudia-hondoa, zatiak-guztia, espazio-harremanak) edo ukimen-pertzepzioa.
o Eguneroko bizitzaren zereginetan autonomia eta independentzia ahalik eta gehien sustatzea, hala nola janztea eta arropa kentzea, garbiketa-higienea, elikadura eta egiteko bakoitzaren berezko tresnak erabiltzea.
o Egokitzapenak egitea, jarduerarenak berarenak, edo inguruaren eta tresnen ezaugarri fisikoak egokituz eta berreginez, neska-mutilak ahalik eta modurik autonomoan integra daitezen.
o Familiari eta eskola-inguruari laguntza teknikoei edo autonomia sustatzeko beharrezkoak diren egokitzapenei buruzko aholkularitza.
o Aldizkako ebaluazio eta jarraipenak egitea.
Gogoratu behar dugu osasunean ez duela bakarrik eragiten gaixotasunen bat izateak; lanak egiteari uzteak eta ingurumeneko hesiengatik edo egiturekin eta gorputzeko eginkizunekin dauden arazoengatik bizitzako egoeretan parte hartu ezin izateak ere eragiten du (OME, 2001).
Hori dela eta, terapia okupazionala“helburu orokortzat okupazioaren bidez osasuna eta ongizatea sustatzea duen diziplina” gisa hartzen badugu (WOFT), jolasteari ekin behar diogu profesionalki, Meire Maciel Rocha terapeuta okupazionalak deskribatu zuen gisa, “jolasa neska-mutilengan parte hartzeko modu primarioa da, eguneroko bizitzan murgilduz”.
Erreferentziak
- Blázquez Ballesteros MP, Mahmoud- Saleh Ucedo L., Guerra Redondo L. Terapia ocupacional pediátrica, algo más que un juego. TOG(A Coruña) . 2015 [11.01.18]; monog. 7: [100-114].
- Occupational Therapy Practice Framework: Domain and Process. The American Journal of Occupational Therapy. November/December 2002. Volume 56 Number 6
- Documento Terapia Ocupacional en Atención Temprana. Asociación Profesional de Terapeutas Ocupacionales de Navarra. APTONA. Pamplona 2004.
- Lester, S.; Russell, W. (2011): El derecho de los niños y las niñas a jugar: Análisis de la importancia del juego en las vidas de niños y niñas de todo el mundo. Cuadernos sobre Desarrollo Infantil Temprano 57s. La Haya, Países Bajos: Fundación Bernard van Leer. ISSN 1383-7907. ISBN 978-90-6195-124-7
- R. Cano de la cuerda, A. Molero-Sanchez, M. Carratalá-Tejada. I.M. Alguacil-Diego, F. Molina-Rueda, J.C. Miangolarra- Page y D. Torricelli. Teorías y modelos de control y aprendizaje motor. Aplicaciones clínicas en neurorrehabilitación.