
ATLAS 2030 exoeskeletoaren erabilera gaixotasun arraroen tratamenduan - 26 martxoa, 2025
Gaixotasun arraro asko kronikoak eta degeneratiboak dira, eta horrek ezinbestekoa egiten du tratamenduan diziplina anitzeko ikuspegia izatea. ATLAS 2030 exoeskeletoarekin egiten den terapiak erakutsi du haurren errehabilitazioan tresna baliagarria dela, bipedestazio lerrokatu eta segurua ahalbidetzen baitu, baita ibilera funtzionala ere, alterazio motorrak dituzten adingabeen mugikortasuna, interakzioa eta autonomia sustatzen duena. Gailu robotiko horrek entrenamendu intentsiboa eta errepikakorra ahalbidetzen du, haur bakoitzaren behar indibidualetara egokitua, eta horrek, indar muskularra, egonkortasuna eta horrelako alderdi fisikoak hobetzen ez ezik, onura psikologiko eta emozionalak sustatzen ere laguntzen du.
Egilea:
. Irma Garcia, Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko Neurorrehabilitazio Zentroko Haurren Errehabilitazio Unitateko koordinatzailea, Bilbon
. Nerea Meabe, Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko fisioterapeuta
Gaixotasun arraroak (GA), edo gutxitan gertatzen direnak, biztanlerian prebalentzia baxua dutenak dira. Arrarotzat hartzeko, gaixotasun espezifiko bakoitzak pertsona kopuru mugatu bati bakarrik eragin diezaioke: 10.000 biztanleko 5 baino gutxiago.
Hala ere, mundu osoan pertsona asko bizi dira haiekin, 300 milioitik gora. Adibide gisa, 2022ko Euskadiko Gaixotasunen Erregistroaren Txostenak gaixotasun ezohikoak dituzten 10.325 pertsona identifikatu ditu guztira.
Gaixotasun arraro gehienak kronikoak eta degneratiboak dira. Patologia horien %65 larriak dira eta baliaezintasuna eragiten dute. Horietako asko goiz agertzen dira bizitzan (2 urte bete aurretik agertzen dira). Horrelako gaixotasunak dituzten pertsonek min kronikoa, defizit motorra, sentsoriala edo intelektuala… erakusten dute, eta kasu askotan autonomian desgaitasuna dute.
Halaber, GAen ezaugarria da sintomei dagokienez aniztasun zabala dutela, gaixotasun desberdinen artean zein patologia beraren barruan ere aldatzen baitira (gaixotasun beraren barruan zenbait azpimota daude). Horrenbestez, arreta integrala eta diziplina anitzekoa behar da, batez ere haurtzaroan, kasuen %70 pediatrikoak baitira.
Ebidentzia zientifikoak garapen motorrean defizita duten haurren errehabilitazio programetan alderdi espezifikoak lantzearen garrantzia nabarmentzen du. Programa horietan, bipedestazioa eta laguntza teknikoekin edo gabe ibiltzea, muskuluak indartzea eta mugikortasun lana aipatzen dira.
ATLAS 2030 exoeskeletoarekin egiten den terapiak baldintza horiek betetzen ditu. Gailuarekin, bipedestazio lerrokatu eta segurua lortzen dugu, baita ibilera funtzionala ere, adingabeari esploratzeko eta ingurunearekin interakzioan jarduteko aukera ematen diona.
Gailu robotikoaren abantailetako bat hainbat zereginetara bideratutako lan bat egiteko gaitasuna da, errepikakorra eta intentsiboa, une oro lerrokadura egokia mantenduz. Horren barruan sartzen da lan bolumena handitzeko gaitasuna, errepikapenak areagotuz eta esfortzuarekiko erresistentzia kardiobaskularra hobetuta.
Haurrek posizio ugari esperimentatu behar dituzte egunean zehar. Horrek garrantzi handiagoa hartzen du mugitzeko mugak dauden kasuetan (posturak eragindako kontrakturak, deformazioak…). Posizio aldaketek bihotz-biriken, digestioaren eta zirkulazioaren osasuna hobetzen ere laguntzen dute.
Ondorioz, mugikortasun aktiboa funtsezkoa da haurren bizi kalitatea hobetzeko, alderdi sozial eta emozionaletan ez ezik, motorretan ere eragiten duelako. Gainera, kalte larria duten haurrei mugimendu eta esplorazio esperientzia berriak izateko aukera eskaintzen die.
ATLAS 2030en ezaugarriak
ATLAS 2030 gailu pediatriko bat da, mugitzeko askatasun osoa ahalbidetzen duten zortzi motor dituena Teknologia horrek erabiltzailea ingurunearekin integratzeko, interakzioan aritzeko eta parte hartzeko aukera ematen du. Zurruntasun doigarria eskaintzen du, inpaktuek eragindako indarrak minimizatzeko gaitasunarekin, erabiltzailearekin modu seguruan elkarreraginez, elementu elastiko pasiboetan aldi berean energia biltegiratuz eta askatuz (espastizitatea, distoniak edo espasmoak izaten dituzten erabiltzaileentzat oso erabilgarria eta beharrezkoa den ezaugarria).
Bi funtzionamendu modu ditu:
- Modu automatikoa: motorrek mugimenduaren %100 egiten dute.
- Mugitzeko asmoaren modua, non adingabeak fisioterapeutak programatutako indar atalase bat gainditu behar duen (eginkizuna erabiltzailea aktiboago bihurtzea da eta, halaber, beheko gorputz adarren muskulatura indartzeko balio du, indar atalasea nola konfiguratzen den).
Gainera, aurrerantz eta atzerantz ibil daiteke, garapen psikomotor handiagoa ahalbidetzeko. Ildo beretik, onura fisikoak, psikologikoak eta emozionalak lortzen dira.
Egitura fisikoari dagokionez:
- Gihar multzo guztietan indarra hobetzea.
- Beheko adarren ROM tartea eta martxaren kalitatea hobetzea.
- Erresistentzia hobetzea.
- Buruaren, enborraren eta beheko gorputz adarren egonkortasuna hobetzea.
- Espastizitatea murriztea.
- Goiko gorputz adarren manipulazioa eta mugikortasuna hobetzea,
- Aireztatzeko gaitasuna eta gaitasun kardiobaskularra hobetzea.
Eta dimentsio psikologikoari erreparatzen badiogu, hau ikusten dugu:
- Parte hartzea estimulatzea eta sustatzea.
- Komunikazioa erraztea.
- Garapenean laguntzea.
- Gorputz kontzientzia estimulatzea.
- Zeregin dualeko lana erraztea.
Dimentsio emozionalari lotutako alderdietan, gure esperientziaren arabera, honetan laguntzen du:
- Hazkunde pertsonal handiagoa eta norberaren buruarekiko konfiantza handiagoa.
- Bizi kalitatea hobetzen da.
- Gizarte inklusioa areagotzen da.
- Gizarte harremanak garatzen dira.
- Autoestimua hobetzen da.
Iturriak
- Federación Española de Enfermedades Raras (FEDER)
- Asociación Euskadi Elkartea Enfermedades Raras EBH (ASEBIER)
- Estado de los semáforos de la evidencia 2019: revisión sistemática de las intervenciones para prevenir y tratar a niño/as con parálisis cerebral.
- Sociedad Española de Fisioterapia en Pediatría (SEFIP)